Lau buruhandi berri jaietarako

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 14a, 16:10

Santio jaietarako, lau buruhandi berri egitea erabaki du Udalak. Musikariek lagunduta, erraldoiekin batera behin baino gehiagotan aterako dira kalera datozen egunetan. Jakina, maskurikadarik jaso nahi ezean, lasterka ibili!

Erraldoi eta buruhandien konpartsak tradizio handia du jaietan, baina azken urte luzeetan, Villabonako Udalak ez zeukan bere buruhandirik. Santio jaietarako edota bestelako jai eta ekitaldietarako, Anoetako nahiz Tolosako konpartsari alokatzen zizkion. Aurten, ordea, lau buruhandi egitea erabaki du Udalak eta, besteak beste, Villabonako erraldoiak nahiz Tolosako konpartsako pertsonaiak egin zituen Iñaki Moyuak irudikatu ditu buruhandi berriak ere. Euskal mitologiako pertsonaietan oinarritu da lan horretarako, lau pertsonaia sortuz: Galtzagorri, Akerra, Sugea eta Iratxoa.

Erraldoiak ere kalera
Buruhandi berriekin batera, erraldoiak ere kalera aterako dira Santio jaietan. Lau buruhandik eta beste lau erraldoiek osatuko dute, beraz, konpartsa. Erraldoien artean, Villabonako besamotzak eta herriko emakumeak nahiz baserritar emakume eta gizonezkoak hartuko dute parte dantzan eta jira-biran.

Loatzoko trikitilariak
Erraldoi eta buruhandien konpartsa lagunduz klarinetearen doinua entzutea aspaldidaniko ohitura da Santio jaietan. Azken urte hauetan, ordea, Loatzo musika eskolako trikitilariak nahiz txistulari eta dultzaineroak txandaka arduratzen dira kalejirari doinua jartzeaz. Kalejiran parte hartzen duten trikitilari guztiak villabonatarrak dira, “ikasturtean zehar, adinaren arabera, herri ezberdinetakoak nahastuta aritzen gara taldean, baina herriko jaietan adin ezberdineko herriko trikitilariak biltzen gara kalejiretarako. Guztira hamar trikitilari ateratzen gara”. Txistulari eta dultzaineroekin txandaka, gustura ibiltzen direla adierazi dute trikitilariek, “giro polita sortzen da eta gustura ibiltzen gara. Kalejirak jotzen ditugu eta atsedenaldietan, baita fandangoa eta arin-arinak ere. Ibilbidean zehar, korrika joaten dira gehienak, baina haur txikiak biltzen direnean, gurasoekin batera gure inguruan ibiltzen dira”. Hiruzpalau egunetan egokituko zaie trikitixarekin kalejiran ateratzea, “parranda pixka bat eginagatik, behin jaikiz gero, ondo moldatzen gara”, azaldu dute irribarretsu.

Maiztasun handiz
Loatzo musika eskolako trikitilariekin nahiz txistulari eta dultzaineroekin batera, Santio jaietan zehar, maiztasun handiz aterako da erraldoi eta buruhandien konpartsa kalera: Uztailak 24, ostirala 18:15etan Uztailak 26, igandea 17:00etan Uztailak 28, asteartea 19:00etan Uztailak 29, asteazkena 17:00etan Uztailak 30, osteguna 13:00etan. Ibilbidea ohikoa izango da, Errebote plazatik atera eta Kale Berria zeharkatuta, bueltan berriro abiapuntura.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!