Antzerkia, emakumeen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 14a, 16:08

Hutsunea Betez emakume taldeak Nosotras antzezlana aurkeztuko du uztailaren 28an Gurea zineman. Villabonako emakumeek bideratu dute antzezlana, hasi eta buka. Gizon nahiz emakumeei zuzenduta, emakumeen eguneroko bizimodua islatuko dute.

Joan zen martxoan, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren baitan antolatutako astean, Hutsunea Betez emakume taldeak Nosotras antzezlana taularatu zuen lehen aldiz herritarren aurrean. Peti Alvarez taldekideak azaldu duenez, atxiloketak zirela eta, ez zen oso garai ona egokitu herrian eta jende asko geratu zen antzezlana ikusteko gogoz, “ondorioz, herriko jaietan parte hartuz, lana berriro aurkezteko proposamena egitea erabaki genuen. Ideia ontzat jo zuten jai batzordean eta uztailaren 28an Gurea zineman izango gara berriro”. Hainbat taldekidek oso gogoko du antzerkia eta antzezlana prestatzeko gogoa piztu zitzaien. “Goenkalen nahiz Zurriolako antzerki eskolan aritzen den Joserra Fachadoren laguntza jaso dugu. Hala ere, egia esan, etorri zenean bakarrizketak berak emango zizkigula uste genuen eta ez: guk prestatu behar genituela esan zigun”. Antzezle bezala, antzerkian zazpi emakumek parte hartzen badu ere, ia taldekide guztien artean osatu zuten gidoia. “Bakarrizketen bidez, emakumeen eguneroko bizimodua aurkezten dugu lanean. Egunerokotasunean –bikotearekin nahiz bakarka- sortzen zaizkigun arazoez hitz egiten dugu eta, era berean, bizitzaren aurrean ditugun erronkak ere gaitzat hartzen ditugu”. Tonu ezberdineko bakarrizketekin osatu dute antzezlana, umore ukitua duten pasarteekin nahiz oso gogorrak direnekin.

Gonbidapen irekia
Gidoia nahiz antzezpena taldekideen artean osatu eta aurkezteaz gain, eurak arduratu dira eskenatokia prestatzeaz ere. “Hasieran eskenatokia kartulinekin apaindu bagenuen ere, orain maindire handi apainekin jantziko dugu aretoa. More kolore ezberdineko oihalak txertatuz, oso polita eta egokia geratuko dela iruditzen zaigu”.  Pozik daude taldekideak emaitzarekin eta gonbidapen zabala egin dute antzezlana ikusi nahi duen orori zuzenduta, “antolatzen ditugun ekintza guztiak bezala, gizon nahiz emakumeentzat irekia da hau ere. Emakumearen errealitatea ikusteko lan baliagarria izan daitekeela uste dugu”. Villabona eta Loiolan aurkeztu dute dagoeneko Nosotras lana eta euren herrian bigarren aldiz eskaini eta gero, beste hainbat herritara joko dute, “besteak beste, Beasain, Durango nahiz Arrasatetik deitu gaituzte”. Zorte on, bada.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!