Pasa den ostiral arratsaldean albistea eman zutenetik, auzotar eta andoaindar ugari pozarren dago. Eta dagoeneko galdezka dabiltza santu izendatuko duten eguna noiz izango den, Erroman bertan egiten den ospakizunean izan nahi dutelako. Egun historiko horretarako ez da andoaindarrik faltako, beraz. Oraindik, ordea, Vatikanoak ez du data jakinik zehaztu.
Santu egiteko AZKEN ERABAKIA
Benedicto XVI Aita Santuak berriki audientzian hartu zuen Angelo Amato monseñorra, Silako artzapezpikua eta Santuen kausarako kongregazioko prefeta. Bilkura horretan dekretu ezberdinak onartu zituzten, horien artean lau mirari.
Mirarietako batek zerikusi zuzena dauka Ama Kandidarekin. Elizak dioenez, Andoaingo alaba kuttunak Carmen del Val erlijiosaren sendabidean miraria egin zuen. Gauzak horrela, laster batean santu izendatuko dute.
Ama Kandidaren benetako izena Juana Joseba Zipitria Barriola da, Juan Miguel Zipitria Aranburu eta Maria Jesus Barriola Kerejetearen alaba. 1845eko maiatzaren 31n Berrozpe baserrian jaio zen, harik eta 1912ko abuztuaren 9an Salamancan hil zen arte.
Jesusen Alabak kongregazioaren sortzaile Euskal Herrian, Espainian eta munduan barrena utzitako itzala luzea da. Heziketarik ez zuten pertsonak, emakumeak bereziki, hezitze aldera tokian tokiko beharretara egokitu dira. Gaur egun eremu zabalean jarduten dute: ikastetxeak, haurtzaindegiak, parrokiak, unibertsitate egoitzak....