Egungo egoera ekonomikoa diru murrizketen bidez islatu da udal aurrekontuetan, %10 kasu askotan. Alde horretatik, Mikel Izagirre alkateak bizi den egoerarekiko herriko elkarte edota taldeek erakutsitako ulergarritasuna eskertu nahi izan zuen. Diru partidak gutxitzetik kanpo geratu den alor bakarra, Gizarte Ongizatea izan da. Murriztu ordez indartu egin baita bertara bideratuko den laguntza; %50eraino zenbait partidetan. Izagirrek arrazoitu zuenez, “krisialdi egoeran, hainbat herritarren beharrak areagotu baitira”.
BI INBERTSIO NAGUSI
Ikastolako patioa estali eta Xoxokako aterpetxea berritzea izango dira, aurtengo aurrekontuekin gauzatu nahi diren bi inbertsio nagusiak. Alkateak zehaztu zuenez, “iaztik hitz emandako inbertsioak” dira. Eta hein handi batean, Udala ez beste erakunde batzuek finantzatutako lanak. Ikastolaren kasuan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lanen %60a finantzatuko du. Xoxokako aterpetxeko lanetarako %40ko laguntza jasoko du Udalak.
Gainerako inbertsioak, udal aurrekontuetatik kanpokoak, iazko abenduan ekonomia suspertzeko sortu zen Estatu fondotik jasotako laguntzarekin gauzatzen ari dira.
ADOSTASUN GIROA OPOSIZIOAN
EAJ-PNV-tik Maribel Vaquerok osoko bilkuran aurkeztu arte, aurrekontuen gaiak jorratu duen bidea baloratu nahi izan zuen. “Negoziazio prozesuak arazo asko izan ditu eta asko hitz egin da. Merezi izan du”, baloratu zuen Vaquerok. Zirriborroa aurkeztu zen unetik eskaerak zeintzuk izan diren gogorarazi zuen, hitza hartu zuenean; nagusiki, diru sarrerak eta gastuak herriko beharretara doitzea. Udal kudeaketa egoki baterako aurrekontuek duten ezinbesteko garrantzia ere azpimarratu zuten jeltzaleek.
PSE-EE-tik bestelako ikuspegia plazaratu zuten. 2009ko aurrekontuek udalerriko arazoak konpontzen ez dituela adierazi zuten. Ideia eta ekimen falta, kudeaketa desegokia egin eta une oro inprobisatzen aritzea egotzi zion Herme Gonzalezek gobernu taldeari. Laguntzen bidez, irabaziak gehitu eta diru partidetan lehentasunak ahal bezain ondoen zehaztea proposatu zuten sozialistek. “Udalerriak krisialdiari aurre egiteko lanabes erabilgarria izan behar dute”, zioen Gonzalezek. Horrekin batera, sozialistek eurekin ez zutela negoziatu aurpegiratu zioten gobernu taldeari.
Ezker abertzaleko Iñaki Mendizabalek, gainerako udal ordezkariek bezala, azken hilabeteotan aurrekontuetan burutu diren egokitzapenak izan zituen gogoan, baina emaitza positiboki baloratzen zuen. “Behar dituen mugak ditu aurrekontuak. Ahalegina egin da adostasuna izateko”, adierazi zuen.
Herrigintza plataformaren izenean, Xabier Sasiainbarrenak ondo egindako lan gisa definitu zuen aurrekontu proiektua: “txarrenetik onena da”. Oraingoz posible izan ez arren, udal ordezkarien artean erabateko adostasunik ez egotearen falta sumatu zuen.
Balorazioen erronda alkatearen adierazpenekin amaitu zen. Aurrekontuak adosteko egindako ahalegina eskertu zien gainerako taldeei. Sozialistei aldiz, proposamenak jasotzeko prest egon direla erantzun zien.
UDAL BATZARRALDIAN ERABAKITAKO BESTE GAIAK
DAVID ROSCO, BAKE EPAILE
David Rosco Jorge herritarrak bake epaile lanetan jarraitzeko nahikoa babes jaso zuen uztailaren 6ko ezohiko osoko bilkuran. UDA, EAJ-PNV eta Herrigintzarena hain zuzen. Roscoren ordezko gisa, Maria Pilar Quevedo Garro proposatu zen. UDA eta PSE-EE-ko udal taldeek babestu zuten. Aipatzekoa da, gai honetan abstentzioak izan zuen pisu azpimarragarria. Denek argi utzi zuten, hautagaien alde edo aurka ez zutela ezer, baina erreferentzia falta zutela azpimarratu zuten. Bake epaile lanetan arituko denari buruzko informazioa izatea beharrezkotzat jotzen zuten; hala nola, langilearen lan esperientzia edo euskara gaitasuna ezagutzea.
ETXEBERRI PLAZAKO LOKALAK, ALDUNDIAREN ESKU
Pauso berri bat eman du udalbatzak, Eguneko Zentroa eta anbulatorio berria Etxeberri plazan kokatzeko. Hain zuzen, 15. zenbakian zabalduko den Eguneko Zentroko lokal berria Foru Aldundiaren esku uztea adostu zuten udal ordezkariek azken ezohiko bilkuran. Guztiek babestu zuten proposamena, PSE-EE-ko zinegotziak izan ezik. Bozketan ez zuten parte hartu, adierazi zutenez, balizko beste kokagune bati buruzko azterketa egitea eskatua izan arren, egun oraindik erantzunik ez dutelako jaso.