Basoaren zaindariak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 8a, 19:27

Iokin Aranberri, Joxe Krutz Labaka eta Jose Mari Urdanpilletak osatzen dute basozainen lantaldea. Andoaingo Udaleko ingurumen saileko bazter garbitzaileak dira. Herri bideak eta naturgune aberatsak txukuntzen ematen dute lan eguna. Buruntzako partean sasiak hartuta zegoen iturri inguru zoragarria garbitzen ibili dira egunotan.

Zenbatek esaten dizute laneko kamioia hartu eta pasiatu, besterik ez duzuela egiten?
Joxe Mari Urdanpilleta: Batek baino gehiagok. Askotan jendeak ez baitaki zertan gabiltzan. Baserritarrek, mendizaleek, herri inguruko paraje naturaletara abiatzen diren herritarrek, horiek ondo ezagutzen gaituzte.

Eta zein da zuen zeregina?
Joxe Krutz Labaka: Udalak FCC enpresari adjudikatu ez dizkion lanak egiten ditugu guk. Esan dezakegu enpresa horretako lorezainak eremu urbanoaz ardurtzen direla eta gu ez urbanoaz.  

Zehaztuko al dituzue zuen ardurapeko lan batzuek?
J.M.U.: Ugari dira urtean zehar egin beharreko lanak; ia beti zonalde bat garbitu eta txukuntzea egokitzen zaigu. Horietatik zenbait leku aipatzearren: Renfeko trenbide bazterrak, eremu megalitikoen inguruak, ibai eta erreka bazterrak, baserrietako bideak, herri bideak, Trentxikiko bazterrak, Otietako parkea, Buruntzaldeako patronatuak oinezkoentzat markatutako ibilbideak, herriko ur hartuneak (Santolatz, Asutik Urrilondora doan kanala, Martingorri, Ormaki eta Osineta), Baltzuketako ur biltegia, San Martingo eliza zaharra, birziklapen zail daukaten materiala (tonerrak, olio zaharrak, etxeko gailuak...) hondakindegi klandestinoak...

Herri bideak aipatu dituzue, gero eta gutxiago erabiltzen direnak...
J.M.U.: Erabili ezaren poderioz isten joan diren herri bideak berreskuratu egin ditugu, nolabait esateagatik. Garbitu eta txukundu egiten ditugu lehenbizi, eta ondorengo hilabeteetan, mantenimendu lanak etortzen dira. Oraintxe gogora datozkigunak aipatuko genituzke: Baltzundik Baltzungo Bordarakoa; Urrillondotik Mizpiradirakoa; Penaditik Mizpiradirakoa; Ubarango bailarakoa (Artalabordatik Baltzun aldera doan bidea), Gorostidikoa...
Arazorik izaten al duzue lur jabeekin?
J.K.L.: Inongo arazorik ez dugu izaten, bai baitakite zein den gure zeregina. Aitzitik, konturatuta gaude auzolanaren filosofiak oraindik bizirik dirauela baserritar askoren jokabideetan; lanean ari garela ez da harritzekoa baserritarren bat hamaiketakoa eta sagardo botila eskuan duela etortzea guregana.

Hondakindegi klandestinoak ere aipatu dituzue. Zein da zuen prozedura halakoetan?
J.M.U.: Lokalizatu bezain pronto, hura dena garbitu eta itxitura jartzen dugu; jendeak zaborra berriro botatzeko tentaldiak uxatzen saiatzen gara. Izan ere, zaborra ikusten den tokian, gainetik zabor gehiago botatzeko joera izaten baitute zenbaitek. Garbia dagoen tokian, ordea, errazago da garbi jokatzea. Azken aldian, Trentxikiko lehenbiziko tunela pasa eta ezkerretara zegoena eta Unanibi zubiko harkaitzaren gainean zegoena, bi horiek garbitzen ibili gara.

Arriskurik ba al du zuen ogibideak?
J.M.U.: Bide bazterretan ibiltzen gara, baina auto gutxi ibiltzen den mendi eta baserri inguruetan. Bestela ere, hartzen ditugu premiazkoak diren neurriak, piboteak, seinaleak...  eta abar jarriz.  

Kale gorrian beti, ez al zaizue gogorregia egiten?
J.K.L.: Eguraldi ona zein txarrak, denak jaten ditugu, baina gu gustura ibiltzen gara. Euria ari duela? Zira jantzi eta aurrera! Gorputza zaildu egiten da horrela; guk katarro bakarra harrapatzen dugu urritik maiatzeraino. Gainera, zortzi orduz makina baten aurrean egotearen monotoniarik ez dugu ezagutzen.

Piztiren batekin edo egingo zenuten topo nozbait...
J.K.L.: Lehengo astean hain zuzen, Donatxele baserritik gertu, Jose Mari sasiak garbitzeko makinarekin ari zela, hor non topatu zuen metro bateko sugetzarra. Nahigabe buruondoan jo eta hil zuen. Gainerakoan zaila da animali basatirik aurrez aurre ikustea, gu sumatzerako ihes egiten baitute. Non ibiliak diren arrastoak bai, uzten duten kaka, basurdeek uxarrean muturrarekin egindako lur altxatuak...

Hori bai, Trentxikiko kanaletan erori eta bertan itotzen diren basurde edo oreinak aurkitu izan ditugu noiz edo noiz.  
J.M.U.: Sasiak garbitzeko makinarekin ari ginela jabeak bazterrean utzi zuen dortoka koskor batekin egin nuen topo asko ez dela. Otietako bizitarien etxera eraman genuen. Orain beste dortoka batekin egoten da zainduta, hara joaten diren bisitarien ikusgarri.

Nafarroa zubipeko garbitokia ere lanean ari zinetela deskubritu omen zenuten...
J.M.U.: Leitzaran erreka ondoak garbitzera joanak ginen eta Jokinek garbitokia izan zitekeenaren arrastoekin egin zuen topo, zubipean hain justu. Horren berri eman eta gero, Burdina taldea etorri eta bazterrak txukundu eta harlauzak jarri dituzte, garai bateko garbitokiaren antzera utziz.  

Ubalategiko iturria garbitzen ibili zarete egunotan.
J.K.L.: Ura edan nahi zuela eta ea Ubalategiko inguru hura garbituko ahal genion eskatuz mendizale bat hurbildu zitzaigun lehengo batean. Berak zehaztutako parajera azaldu ginen, eta gure harridurarako, hor non topatu genuen iturri, aska eta garbitegia dena sasiz inguratua. Urumeako autobideko lanek Buruntzako paraje hori guztia inbaditu egin dute azken urteetan, eta justu justu errespetatu dute iturriko parajea. Jakina, toki polit hori nahiko utzia egon da geroztik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!