Nola gogoratzen dituzu eskola garaiak?
Lurdes Arozena: Errezilgo eskolan ibili nintzen, ume asko ginen eta ez genuela ezer askorik ikasi gogoratzen naiz. Zazpi urterekin hasten ginen eskolara joaten, komunio txikia egiteko aurrean. Eskolara eta dotrinara batera hasten ginen. Dotrina Errezilgo elizaren sakristian izaten genuen. Hamabi urte arte eskolan ibiltzeko aukera zegoen baina ni komunio handia egin arte ibili nintzen, hamaika urte arte. Ez nuen eskolarako gogorik.
Nola moldatzen zineten hizkuntzarekin?
L.A.: Erdaraz izaten ziren klaseak eta komeri ederrak izaten genituen. Euskaraz zekien maistra ekarri zuten, baina harekin ere klaseak erdaraz izaten genituen. Nola edo hala erdi konprenituz. Baina eskolan erdaraz ez genuen ikasi.
Baserrian lan ugari izango zen?
L.A.: Gurea baserri handia eta aldapatsua zen eta lan asko zegoen orduan. Hala ere nik nahiago nuen eskolara joan baino aitari bazkaria mendira eramatera joan. Orain ikusten ditut eskolara joan ez izanaren ondorioak. “Gaur ez duzu eskolara joan behar” etxean esaten zidatenean ni kontentu izaten nintzen.
Noiz alde egin zenuen Errezildik?
L.A.: Hamasei edo hamazazpi urte nituela Donostiara joan nintzen neskame moduan. Ahizpa bat, hamar ume zituen famili bateko neskamea zen. Horrenbeste umerekin ezinean ibiltzen zen eta harengana joan nintzen. Nik ikusi nituen komediak! Erdaraz ez nekien eta umeei erdaraz egin behar; nahiko barre egiten zuten baina gauzak konprenitu arazten nizkien. Han bi urtez aritu ondoren etxera bueltatu nintzen. Gustura gainera, ahizpa ezkondutakoan niretzako geratu baitzen hamar ume haien zaintza.
Eta noiz etorri zinen Urnietara?
L.A.: Ahizpa bat Ergoien auzoko Allaflor baserrira etorria zen Jose Insaustirekin ezkonduta. Eta ni hemeretzi urterekin beregana etorri nintzen. Tarteka etxera joanez bi urtetan han izan nintzen. Tarte horretan senargaia ezagutu nuen eta 21 urterekin ezkondu eta geroztik Lekunan bizi naiz.
Noiz hasi zinen Urnietan esnea banatzen?
L.A.: Lekuna etorritakoan senarraren ama Donostiara joaten zen esnea saltzera Txintxuaren autobusean. Handik urte pare batetara hasi nintzen ni astoarekin Urnietan esneak banatzen. Pixkanaka hasi eta hartzaile asko egin nuen. Gehiago ere ibiltzen ziren orduan, Elorriagako Manoli, Adarragako Ramonita, Enbutegikoak, Mozotegikoak, Loberakoak, Galardikoak...hemen parrokia egindakoan Donostiara joateari utzi genion.
Zenbat asto izan dituzue urte hauetan?
L.A.: Lau asto. Oraingo hau Tolosatik ekarri genuen eta Joxepa du izena; urte batzuetan donostiar batzuei utzi izan diegu bertako inauterietara eramateko eta haiek jarri zioten izena. Hamabost urte baditu, zahar xamarra da. Beno, honen aurrekoa hogeita hamar urtez bizitu zen.
Noiz bukatu zen esnea etxez-etxe partitzea?
L.A.: Lau bat urte izango dira. Gero eta jende gutxiagok nahi zuen baserriko esnea, salmenta zaildu egin zen eta uztea erabaki nuen. Baina astoarekin kalera jaisten jarraitzen dut. Orain larunbatetan joaten naiz erosketak egitera.
Zenbat esne partitzen zenuen Urnietan urterik onenetan?
L.A.: Parte bat Gurelesari saltzen genion eta kalean gehienez ere hogeita hamar litro edo horrela. Eta azken garaietan marmita txiki bat ere partitu ezinik ibiltzen ginen. Urnietako eskilarak ondo ezagutzen ditut.
Astoek kalean arazorik sortu al dizute inoiz?
L.A.: Duela denbora gutxi barandari lotua utzita neukan beti bezala eta askatu egin zuten. Baina astoa utzitako tokian geldirik zegoen txintxo-txintxo. Batzuentzako arazoa izaten da, kalean kaka egiten duela.
Plazaolako tren famatua zuen baserri ondotik igarotzen zen, ezagutu al zenuen martxan?
L.A.: Bai gogoan dut martxan zela ni hona bizitzera etorritakoan. Goizetan eta iluntze aldera pasatzen zen. Polita zen ikusteko, poliki-poliki pasatzen zen, baporearekin inguruak ederki ketuaz, ez zen bidaiari askorik ibiltzen, batez ere egurra eta merkantziak eramaten zituen.
Duela bi urte zuen baserria eraitsi egin zuten Urnietako saihesbidea bertatik pasatzen delako. Zer suposatu du zuentzako?
L.A.: Pena handia eman zidan. Eta niri baino handiagoa gure seme zaharrenari. Bota baino urte batzuk lehenago, udaletxetik, etxea bota egin behar zutela zioen abisua jaso genuen. Guk ez genuen pentsatzen une hori sekula iritsiko zenik. Baina semea konbentzitua zegoen eta berehala jarri zen etxe berria egiteko lanetan. Lekuna-berri egiteko baimena eman ziguten, hori bai, ederki kostata. Gure senarrak ere ez zuen sinesten baserria inoiz botako zutenik, baina azkenean eguna iritsi egin zen.
Trenbideko Lekungo zubia ere autobideak betirako eraman zuen...
L.A.: Bai, dotorea zen hura. Pena eman zidan. Ez zutela eraitsiko esaten zuten, baina azkenean hortxe bota zuten.
Baina baserria eta zubia bakarrik ez, etxe ondoko karobia ere bai...
L.A.: Etxearen goialdean zegoen, Urnietako zaharrenetakoa omen zen. Hura ere ez zutela botako esan ziguten, baina gero desagerrarazi dute. Gure baserrirako esanahi berezia zuen 1890. urtean bertan izandako istripu izugarri batean familiako lau pertsonak bizia galdu zutelako, senarra zenaren aurrekoak.
Noiz arte jarraituko duzu astoarekin?
L.A.: Astoak agoantatzen duen arte. Ez dakizu zer nolako ilusioa egiten dion jendeari, argazkiak egiten dizkiote astoari. Astoaren konpainian ibili izan naiz, orain ere astoarekin nabil, eta gerora ere astoarekin ibiliko naiz.