Lizaso txapeldun Usurbilgo txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 7a, 15:46

Uztailaren 2an, Santa Isabel egunean Usurbilgo txapelketa irabazi zuen Iñaki Lizaso villabonatarrak Eneko Loiola Elgoibartarra lagun zuela. Aurkariak Aitor Aranburu eta Elola izan ziren eta 22-18ko emaitzaz amaitu zen partida. Txapelketa guztian Antton Pebet lagun izan arren, final-erdiak eta finala Loiolarekin jokatu ditu, Pebet min hartuta baitago. Partida bizia jokatu zuten eta hutsegiteak egon baziren ere, tanto politak ikusi ahal izan ziren Usurbilgo udal pilotalekuan.

Bestalde, Ander Aranburuk ekainaren amaieran Gipuzkoako Udaberri sariko 4 1/2 barruko finala galdu egin zuen Jon Beobide azpeitiarraren aurka. 22- 9ko emaitzaz amaitu zen partida. Hala ere, txapelketa duina jokatuta ongi iritsi zen Aranburu finalera.
 
Hiru pilotari horiek aurreko igandean, Bear-Zana pilotaleku berriaren inaugurazioko azken partidan jokatu zuten. Zinta mozketa eta ekitaldi ofizialaren ondoren, Aranburu-Loiola bikoteak irabazi zien Lizaso-Esnaolari.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!