Mikel Laboa gogoan

Ekainaren 26an, Loatzo musika eskolak omenaldi xume bezain hunkigarria eskaini zion Mikel Laboa zenari. Ikasle, ikasle ohi eta irakasle, guztira 150 musikarik hartu zuen parte.

Oso gogoko zuen Mikel Laboak Aduna herria eta sarritan etortzen zen bertara. Loatzo musika eskolako kideek, Laboak gustuko zuen txokoa aukeratu zuten eskaini nahi zioten omenaldia burutzeko. Eguna iluntzearekin batera ekin zioten musikariek jaialdiari Adunako pilotalekuan. Harmailak jendez beteta zeuden, musikari handiaren kantuak nahiz kantutegi tradizionaletik hartu zituenak haur, gaztetxo nahiz helduen ahotik entzuteko. Hitza, doinua eta oroitzapena batu zituzten, bare eta goxo. Mikel Laboaren ahotsari txalapartaren doinua gehituz, Lili bat kantu ezaguna eskainiz eman zioten hasiera musika eskolako bi irakaslek emanaldiari. Trikitilari eta abeslari gazteek Izarren hautsa eskaini zuten jarraian eta Haize hegoa kantuaren txanda etorri zen ondoren, pianoa, saxoa eta tronpetari lagunduz, hogeita hamar haurrek abestu zutelarik. La riqueza, Egun da Santimamiña…, errepertorioa zabala bezain indartsua izan zen, baita parte hartzea ere: musika eskolako ikasle, ikasle ohi eta irakasleekin batera, eskualdeko Herria kantuz ekimeneko kideek nahiz dantzariek ere parte hartu zuten.

Atahualpa Yupanqui Adunan
Kantuen artean, Mikelen bizitzako hainbat pasarteren berri emanez, ikus-entzunezkoa prestatu zuten antolatzaileek. Besteak beste, Mikelek musika latinoarekiko zuen zaletasuna aipatu zen eta nola miresten zuen Atahualpa Yupanqui musikari argentinarra. Bada, emanaldi guztian zehar, duela 38 urte Atahualpa Yupanquik Donostian eskainitako kontzertua eta gero, lagunartean Adunan egin zuten bazkal ondorengo argazkia izan zen ikusgai. Besteren artean, bertan ziren Benito Lertxundi, Joxan Artze, Mikel Laboa eta Atahualpa Yupanqui bera. Loatzo musika eskolako kideek ere dotore eskaini zuten Mikelek oso maite zuen Atahualparen kantua; hitzak, gitarra eta perkusioarekin lagunduta. Oroitzen zaitudanean edo Ihes betea kantu ederrek ere ez zuten hutsik egin. Uxue Urruzola villabonatarrak  abestu zuen lehena, Adunako dantzari gazteek trikitixa pieza indartsua dantzatzen zutela. Jone abeslari anoetarrak abestu zuen Ihes betea, Inar piano-joleak lagunduta eta Alurr dantza taldeko dantzarien koreografiarekin borobilduta. Emanaldiaren amaieran, Laboaren bi kantu ezagunenak: Baga biga eta Txoriak txori. Parte hartzaileak gustura eta ikusleak ere pozik sumatzen ziren. Sentsibilitate handiko emanaldi ederra izan zen, udako gau giro atsegin sorginduan.

Antolatzaileak, esker onez
Emanaldiaren amaieran, Loatzo musika eskolako lehendakari Miren Mujikak hartu zuen hitza eta eskerrak eman zizkien musika eskolako irakasleei, “azken hilabeteetan eginiko lanagatik eta prestakuntzan jarritako ilusioagatik”. Loatzoko mankomunitatea osatzen duten Udalak ere gogoan izan zituen eta bereziki, Adunako Udala “emanaldia ahalbidetzeko emandako laguntzagatik”. Laboaren emazte eta familiari besarkada handia bidali zien eta kontzertua egiteko asmoa ilusio handiz hartu zutela jakinarazi zuen. Loatzo musika eskolak, Laboa bezalako artisten lanak ezagutaraziz eta musikari berriak sortuz lanean jarraitzeko gogoa erakutsi zuen. Bestalde, Arantza Aburuza alkateak, eskerrak eman zizkion Laboari “herriari utzitako kantu emariagatik” eta Loatzo musika eskolari, “Aduna aukeratu izanagatik omenaldia egiteko. Animo eta segi aurrera!”. Haize hegoa kantua abestu zuten adunar gaztetxoak pozik agertu ziren. “Txikitatik entzun izan dugu Mikel Laboa etxean eta asko gustatzen zaigu bere musika. Baga biga askotan entzun dugu, nahiz eta beste kantu batzuk gehiago gustatzen zaizkigun. Jende askok abestu du omenaldian eta guk ere gustura abestu dugu”.
Hitzak bezala doinuak aldizkarian tarteka ezin daitezkeenez, www.aiurri.com gunean ikus eta entzun daitezke emanaldiko hainbat pasarte.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!