Joseba Labaka txirrindularia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 2a, 20:38

Lehen aldiz parte hartu du Joseba Labaka urnietarrak Quebrantahuesos proban. Esperientzia oso ona bizi izan du. Eta lasterketa amaitzeko bere helburua beteta itzuli da etxera.


Nola moldatu zara estreinako Quebrantahuesos proban?
Joseba Labaka: Neure burua ondo ikusi dut, helburua bukatzea baitzen. Inongo denbora eta presiorik gabe. Urduritasuna beti hor dago, baina lasai aritu nintzen.

Bertan egon eta gero, zer nagusitzen da, lehia edo erronka?
J.L.: Lehia, zalantzarik gabe. Parte hartzaileen erdia baino gehiago lehiatzera doaz, eta handik atzerakoak zikloturista gisa.

Izena emandakoen artean, euskaldun asko zeuden?
J.L.: Hernani, Urnieta, Andoain eta Lasarte bilduta, 50 bat lagun inguru ginen. Buruntzapek bultzatu duen zikloturismo jardueragatik, jendea apur bat berotu da. Bederatzi ordu egin nituen bizikletaz eta euskaraz hitz egiten joan zaitezke ia denbora guztian zehar. Giro euskalduna da.

Sailkapenean ere nabari da euskaldunen presentzia?
J.L.: Lehen hiruak euskaldunak dira. Lehenengoa eta hirugarrena gipuzkoarrak, bigarrena bizkaitarra.

Lehen aldiz proban parte hartzera doanari zer aholkatuko zenioke?
J.L.: Prestatu gabe ezin da joan, lehenengo mailako lau portu daude eta 30 kilometrotik beherako beste lau. Berrehun kilometrotik laurogei baino gehiago aldapatsuak dira, haietako asko gogorrak. Lehen urtea bada, burutsua izan eta ikastera eta gozatzera joatea aholkatuko nuke. Hemen paisaia polita dugu, baina Pirinioetakoa izugarria da.

Zer nolako arrisku maila du probak?
J.L.: Jaitsieratan kontu handiz ibili behar da, lasai, ondo eta gaizki doazen asko nahasten baitira. Askotan, zeuk uste ez izan arren, atzekoa oztopatzen ari zara. Jaitsieran istripu handi eta gogorrak ikusten dira.

Zer prestakuntza lana eskatu dizu proba honek?
J.L.: Denbora kontuan hartu gabe, lasterketa bukatzeko kilometroak egin behar dituzu. Lasai hartu eta ibili. Asteburuetan, Buruntzapekoekin ibiltzen gara. Urte hasieran plangintza bat egin zen, 50 bat kilometroko irteerak egitetik Quebrantahuesos proba baino bi aste lehenago 160 kilometro egitera igaro ginen. Pixkanaka eta astean zehar, denbora izanez gero ere ibili behar da.

Proban parte hartuta, lehendik zenuen irudia aldatu da edo esperotakoa zen?
J.L.: Ni bizikletan aurten hasi naiz. Ez naiz sekula bizikletan ibili, ezta bizikleta bat izan ere. Urtarrilean bizikleta erosi nuen eta hasi nintzen ibiltzen. Beste kiroletan aritu izan naiz, ikusi dut zer den lehia, baita zaletuen lasterketa bat zer den ere. Lasai zaude espero duzulako nolako proba izango den. Bestalde, proba baino hilabete lehenago ibilbidea nolakoa zen ikustera joan ginen. Erdia edo gehiago egin genuen bizikletan. Baina proba egunean hara ailegatu eta tentsioz betetako karpa bat dago. Jada urduri zaude, lehen urtea izanik are gehiago. Proba eguna beti oso desberdina da.

Quebrantahuesos proba igarota, orain atsedena?
J.L.: Hor gabiltzan jendea ikusita, ia denak proba hau bukatu eta gehienak Behobia-Donostia lasterketan edota triatloi probatan izena eman dute. Kirolzaleak gara oro har.

Esperientzia errepikatzeko asmotan?
J.L.: Aurtengo esperientzia oso ona izan da. Nire helburua lasterketa bukatzea zen, eta bederatzi ordutik behera bukatzeko gai nintzela ikusten nuen. Lasai eginda, bederatzi ordutik hogei minutu jaitsi ditut. Oso positiboa da hori, baina hurrengo urtea urruti dago oraindik.

Proban parte hartzeko motore lana egin duena, Buruntzape zikloturista elkartea izan da. Zer moduz doa?
J.L.: Elkartea oso ondo doa. Orain denboraldia bukatutzat eman dugu, bazkari bat antolatzen ari gara. Oso giro ona dugu. Hurrengo urtean, jende gehiago izango dela uste dut.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!