Donostiako Aste Nagusiko kartelaren egilea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 2a, 20:37

Maitane Bernardo Eizagirre Urnietan jaio zen 1984ko uztailaren 13an. Txikitatik gustuko du eskulanak eta marrazkiak egitea, eta batxilergo artistikoa egin ondoren diseinu grafikoko ikasketak egin zituen Donostian eta berriki lorategien diseinuari buruzkoak Irunen. Donostiako aurtengo Aste Nagusiak berak egindako kartela izango du.

Lehiaketa askotara aurkezten al zara?
Maitane Bernardo:  Aste Nagusiko lehiaketarako hau izan da lehen aldia, baina Jazzaldirako, Iruñeko Sanferminetarako eta abar aurkeztu izan ditut lanak.

Nola egiten dituzu kartelak?
M.B.:  Lehiaketa bakoitzaren oinarriak irakurriz hasten naiz. Eta hortik gaiari bueltak ematen dizkiot buruan irudi bat egin arte. Orduan normalean ordenagailuz egiten ditut, aurrez eskuz zirriborro bat egin ondoren.

Zenbat denbora erabiltzen duzu kartel bat egiteko?
M.B.: Donostiarako egindako kartel hau bi egunetan egin nuen, beste batzuk landuagoak izaten dira. Batzuetan aste bat edo bi pasatzen ditut kartel batekin. Lanak konbentzitzen nauen arte.

Esaguzu nola egin zenuen kartel irabazlea?
M.B.:  Pentsatzen jarri nintzen berez zer den Donostiako aste nagusia, ba aste bat, pentsatu nuen, eta egutegi bat egiteko ideia izan nuen. Hortik hasi nintzen pixkanaka, egunak markatu, festekin edo Donostiarekin zerikusia duten marrazkitxo batzuk erantsi...Gauza xinple bat da, edonorentzako ulerterraza.

Espero al zenuen irabaztea?
M.B.: Mundu honetan dena izaten da oso subjektiboa, baina bai, egindakoarekin gustura gelditu nintzen.

Donostiako Ur Azpiko Nazioarteko Zinemaldiko kartel lehiaketa irabazi zenuen 2003. urtean...
M.B.:  Klasean ginela irakasleak animatuta ikasle guztiok parte hartu genuen eta nik irabaztea egokitu zen. Europa osoko jendea etortzen da zinemaldi horretara eta kartel hark oihartzun handia izan zuen.

Zertan lan egin nahiko zenuke?
M.B.: Ondo legoke diseinugile grafiko moduan publizitate agentzi batetan lan egitea. Lorategiak diseinatze lana ere gustuko dut. “Free lance”moduan ere lan egin liteke, baina horretarako lehenengo “izen” bat eduki behar da. Lana aurkitzeko garai txarra da baina sari hau irabazi izanak ea laguntzen didan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!