Asteazkenean martxan jarri zen Eguzkitan blai!

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 2a, 20:36

Aurkezpen eguna zuten uztailaren 1ean Egape ikastolaren Azkorteko eraikin atarian. 2008-2009 ikasturtea amaitu berritan, Euskara Sailetik bultzatutako urteroko hitzorduaren, Eguzkitan Blai ekimenaren estreinako eguna baitzen.

Hezitzaileak eta aisialdi eskaintzan izena eman duten Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak elkar aurkeztu ziren.
Aurten jolas berrietan primeran pasatzeko aukera izango dute. Eta haurrek badakite, Eguzkitan Blai hasi baino aste batzuk lehenago, arduradunek izena eman zuten gaztetxoen gurasoekin bilera bat burutu baitzuten. Bertan, hilabete honetan zehar burutuko dituzten ekintzen berri eman zitzaien. Haurrak beraz jakitun dira, ez dutela aspertzeko betarik izango, eta gainera, ekimenaren helburu nagusia kontuan hartuta, euskal giroan murgilduko direla. Lagun berriak egiteko topagune ezin egokiagoa izango da guztientzat, herriko ikastetxe eta ikasturte desberdinetako ikasleak biltzen baitira.
Jada tradizionalak diren, uraren edo irinez josteko zikinaren eguna prestatu dute aurtengorako. Aldaketarik ez bada, San Ferminetako entzierroan ere lasterka ibiliko dira. Ginkanekin batera, igerileku eta hondartzara ere irtengo dira. Berrikuntzen artean, Azkortera egingo duten irteera legoke, capoeira dantzatuko dute bertan. Datozen asteotan uztailaren 30ean egingo duten agur festa ere prestatzen joango dira pixkanaka. Talde bakoitzak itxura eta kolore desberdineko emanaldi bana eskainiko du.
Helburua, urtean zehar gaztetxoek daramaten dinamika haustea da, ikasgela barrutik kanpora atera eta jolas egitea. Eta euskaraz, noski.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!