Lanak nahiko aurreratuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 2a, 20:34

Hasieran lanak 17 hilabetetan bukatu nahi bazituzten ere, abuztuaren hasieran hiru urte (36 hilabete) beteko dira Urnietako saihesbidea egiteko lanak hasi zirenetik. Aurrekontua 32,4 milioikoa zen hasiera batean, baina lanen eboluzioa ikusirik ez dago zalantzarik diru kopuru hori motz gelditu dela.

Besteak beste, sarritan egindako eguraldi txarrak sortutako eragozpenez gain, Buruntza mendiaren magalean izandako lur jauzi ugariek asko atzeratu dituzte lanak. Arazoak arazo, gaur egun autobideko lanak oso aurreratuta daude eta zati berri hau irekitzeko momentua ere hurbiltzen ari da. Bukatzeko hainbat data jarri ondoren, azkenean badirudi uda amaitu aurretik trafikoarentzako irekiko dela. Denbora asko baino lehen, beraz, Andoain eta Hernani arteko trafikoa bertatik igaroko da. Baita ere Hernani aldetik Ergoien eta Erratzu indistriguneetara datorren trafikoa.
Urnietako saihesbide hau Urumeako autobidearen zati bat da eta hau irekitzean Donostiako Martutene auzotik Urnietarainokoa erabilgarri izango da, datorren urtean Andoaingo Bazkardoraino eta Donostiako Amara auzorainoko zatiak irekitzea aurreikusten da.
Urnieta iparraldean Mandazubiko biribilgunea izango da urnietarrek autobidera sartu edo bertatik ateratzeko erabiliko duten gunea, eta hegoaldean Almortzategiko biribilgunetik sartu eta Lekun baserria zegoen tokian hartuko dute autobidea.
Nabarmena izango da urnietarrak orokorrean eta Idiazabal kaleko biztanleak bereziki sumatuko duten aldaketa. Egunean herria zeharkatzen duten 17.000 ibilgailuetatik, gehienak ibilbide berritik igaroko baitira. Eta orain errepide nagusi moduan erabiltzen den Idiazabal kaleak herria bitan banatzeari utziko dio.
Saihesbide berri honek polemika ugari sortu zuen herrian lanak hasi aurretik eta hauen hasieran bertan ere. Berrasoetako basoan zuhaitzak botatzen hasi behar zuten egunean berrogeita hamarren bat herritar bertaratu eta makinen lana galarazi zuten, besteak beste baso-gune hori babesteko tunel baten eskaera eginez.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!