Juantxo Arregik aurtengoarekin agur esan dio Axeri-dantzari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 2a, 20:31

35 urtez Andoaingo Axeri-dantzako buruzagi edo kapitaina izan eta gero, betiko uztea erabaki du Juantxo Arregik.

Ohitura zahar horri eusten egindako lana eskertzeko, omenaldi hunkigarria eskaini zioten iaz dantzariek Goikoplazan. Aurten, bazkaritan egin diote agur berezia.   

Zer moduz joan zen zure azken Axeri-dantza?
Juantxo Arregi. Primeran. Emozioz beterikoa, malkoei ezin eutsirik ibili nintzen. Iaz dantzariek plazan omenaldi handia egin zidaten arren, aurten ere ekitalditxo berezia prestatu didate bazkaritan.  
Gainera pozgarria izan da Gartxot nire semeak ere parte hartu izana; izan ere, etxean seme-alabek promesa egina zeukaten nire erretiroko urtean dantzatuko zutela. Ixiar, alaba, haurdun dago eta ezin izan du.

Zergatik erabakia?
J.A. 61 urte betetzera noa, eta kito egiteko garaia iritsi zela pentsatzen nuen. Iaz neukan asmoa uztekoa, baina bezperan min hartu eta ezin izan nuen dantzarik egin. Tristea zela horrelako egoera batean uztea eta aurtengorako utzi nuen erabakia.
Bestalde, belaunek ez didate nahi bezala erantzuten. Dantza egin aldiko minez amaitu dut azken urteetan. Osasunez ondo nabil, baina Euskalduna taldearekin egun bateko mendi irteerak egiteko ere justu justu ibiltzen naiz orain.

Badirudi gogoak beste puska batean jarraitzeko agintzen zizula...
J.A. Aitortzen dut nire buruarekin borrokatxoa eduki dudala. Dantzariek ondo hartu izan naute beti, ez dut uste enbarazorik egiten diedanik, eta nik haiekin primeran pasatzen badut, zergatik ez segi... Baina bestalde, erabakia hartu beharra zegoen, hartu da eta kito.

Zure figura Axeri-dantzarekin lotu izan da herrian. Ezer esan al dizu jendeak?
J.A. Inguruko batek baino gehiagok esan dit egunotan “–segi, Juantxo, segi!”, ez dakit ondo geratzeagatik edo zergatik. Egia da nire figura Axeri dantzarekin lotuta ikusten dutela. Baina mundu honetan inor ez da ezinbesteko, eta ni gutxiago.    

Zer eman dizu Axeri Dantzak zuri, zer zuk hari?
Juantxo Arregi. Niri, goizean hasi eta batek nahi duenean bukatzen den erritual zoragarri horrekin gozatzeko eta lagun mordoa egiteko aukera. Nik Axeri Danzari, berriz, bultzada eman diot, beste askok bezala; urteen poderioz belaunaldi ezberdinak lotu dituen haria suertatu naiz nahigabe.  

Zer pentsatzen da 15 urteko gazteekin dantzan ikusten zarenean?
J.A. Ni horien aitona izan nitekeen, lasai asko. Pentsatzen jarrita, horiek jaio zirenerako nik Axeri Dantza pila dantzatuak nituen. Egia esanda, ondo hartu izan naute beti, eta behin plazara dantza egitera joan garenean, uxatu egin izan dira adin diferentziak. Dantzari bat gehiago naizela sentitzen lagundu didate eta hori pozgarria izan da niretzat.

Hemendik aurrera nola pasako dituzu San Juanak?
J.A. Sanjuan eguna noiz helduko zain egon naiz aspaldiko urtetan, eta arraro sentituko naizela badakit.

Etorkizunik ikusten Axeri dantzari?
J.A. Orain 12 bat urte galtzeko arriskua, edo behintzat bolada batean desagertzekoa, benetan ikusten zen. Urtez urte dantzari gutxiago biltzen ginen Goikoplazan. Ez dakit 2000. urtean emakumeak sartu zirelako edo zergatik, baina inoiz baino errotuago ikusten dut une honetan. Badira gorabeherak urtez urte, gazte asko dago dantzaren inguruan urte batean eta bestean dabiltzanak. Baina hala ere, etengabe hurbiltzen dira belaunaldi berriak.
Dantzak bere jatorrizko izaerari eusten badio, uste dut aurrera egingo duela urtetan. Edonork dantza dezakeen herri dantza izateari eusten badio, alegia.  

Ez al da anakronikoa XXI. mendean erritu iniziatikotik asko duen dantza bat dantzatzen jarraitzea?
J.A. Nire artean maiz pentsatu izan dut nola den posible Goikoplazan urtero gertatzen dena: hasiera eta bukaera jakineko dantza baten inguruan, 25-30 dantzari eta ikusle ugari biltzea.
Horrelako erritualak herri nortasuna eta kultura -euskalduna gure kasuan- adierazteko eta indartzeko tresnak dira, eta horrela ulertu behar dira. Anakronikoa izan litekeela Axeri Dantza Internetaren aroan? Interneten sartzen bazara erraz topatuko dituzu dantza horren argazkiak, irudiak, erreferentzia historikoak...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!