Begi bereziko argazkilaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 1a, 18:54

Leire Plaza andoaindarrak urte mordoa darama argazkigintzan. Berriki Andoaingo Itzala gunean erakutsi ditu bere argazkietako batzuk.

Duela urte mordoa ekin zenion argazkigintzari. Nolatan?
Diseinu grafikoa ikasten hasi nintzen lehenengo eta gaien artean argazkilaritza ere irakasten zutenez, gustua hartu nion. Ondorioz, duela hamabi urte argazkilaritza ikastea erabaki nuen Donostiako eskola batean eta bide horri eustea erabaki nuen.

Geroztik nola bideratu duzu argazkilari lana?
Argazkilari moduan nire kabuz ibili naiz beti. Ezkontza erreportajeetatik hasita, denetik egitea egokitu zait. Egun, diseinu grafikoan ari naiz lanean Donostiako publizitate agentzia batean eta, egia esan, lotura dute bi lanek. Argazkilari moduan enkarguz egiten dut lan. Norbaitentzat lan egin edo zure denda jarri ezean, nahiko zaila izaten da argazkilaritzan lana topatzea. Oso bide luzea da. Ahal dudanean kamerarekin kalera atera edo norbaiti argazkiak eginez, argazkilaritza ez alboratzen saiatzen naiz beti. Egunero ateratzen ditut argazkiak.

Erakusketa ugari jarri izan duzu. Azkena Andoaingo Itzala gunean…
Loiolako Kultur Etxean nahiz Zaragozan ere erakutsi ditut argazkiak. Orain Iruñeako Kultur Etxean erakusteko aukera sor daiteke. Normalean libre utzi izan didate erakusketetako argazkien gaiak aukeratzen. Zaragozan, esaterako, emakumearekin lotura zuten irudiak eskatu zizkidaten eta han, emakume biluziak eta erretratuak aurkeztu nituen batik bat. Uztailaren hasiera arte, hilabetez Andoaingo Itzala gunean ikusgai daude nire argazkietako batzuk. Tartean dira Mexikora eginiko bidaian atera nituen argazkietako batzuk ere.

Mexikon argazkiak ateratzen?
Duela lau urte, sei hilabete igaro nituen Mexikon. Argazki piloa atera nuen, 5000 inguru, eta material horrekin erakusketa ugari egin dut. Mexiko ezagutzeko helburuarekin eta argazkiak ateratzeko asmoarekin egin nuen bidaia; han lagunak ditudanez, bisita egiteko aprobetxatuz. Ez nuen Mexiko turistikoa ikusi nahi, bertakoen eguneroko bizimodua baizik. Oso gustura ibili nintzen, berriz errepikatzeko moduko esperientzia izan zen. Han bizi, jendearekin egon eta bertako mugimendua ezagutzen esperientzia bakarra izan nuela uste dut. Zorte handia izan nuen.

Zein argazki mota lantzen duzu gehien?
Denetarik. Azken boladan, erretratuekin esperimentatzen ari naiz batik bat: modeloei edo lagunei argazkiak eginez. Baina era berean, makrofotografia ere lantzen dut; loreekin esaterako. Paisaiei ere argazki asko ateratzen diet. Astigarragako sagardogileen elkarterako ere egin nuen lan bat: sagarrondoen fase ezberdinei, sagar mota diferenteei nahiz sagardotegiei argazkiak aterata, erreportaje zabala osatuz. Ia urtebete igaro nuen gero ikusgai egon ziren argazki haiek ateratzen. Interesatzen zaizkidan proiektuak egiten ditut.

Gorputz biluzien argazkiak ateratzea ere gustuko duzu. Ohikoa al da argazkilarion artean?
Oso genero zaila da, sekulako lana egin behar da: besteak beste, argia asko zaindu behar duzu. Hala ere, asko gustatzen zait genero hori eta jende asko animatzen da argazki biluziak ateratzera. Argazkilari neska batek gorputz biluziei argazkiak ateratzea arraroa dela esan izan dit batek baino gehiagok, niri ez zait iruditzen.  

Nola antolatzen dituzu modeloei egiten dizkiezun argazkiak?
Interneteko orrialde baten bidez ezagutu nituen modeloak. Bada Donostian doan elkartrukeak egiteko modelo, ile-apaintzaile, makillatzaile nahiz argazkilariz osatutako talde bat. Modu horretan modelo ugari ezagutu dut. Dagoeneko lauri egin dizkiet argazkiak eta beste horrenbeste egiteko zain daude. Modelo eskolaren batera joan ezean, zaila izaten da bestela. Modeloek posatu eta nik argazkiak egin, Internetek eskaintzen duen aukera hori polita da, denok irabazten dugu.

Animaliei eta loreei ateratako argazki mordoxka duzu…
Asko gustatzen zait animaliei argazkiak ateratzea. Huroiari ateratakoak ere badauzkat. Gehien-gehienak, ordea, katuei ateratzen dizkiet; oso gogoko baititut. Lore txikiei ateratzea ere gustatzen zait. Objektibo bereziko kamera daukat, argazkiak oso-oso gertutik ateratzeko. Inork begiz jotzen ez dituen lore txiki ohikoei ateratzen dizkiet argazkiak. Loreen koloreak oso biziak ateratzen dira argazkietan. Bartzelonako bulego batetik lore laranja bati eginiko argazkia erosteko interesa azaldu didate.

Sarea izango da zure argazkiak ikusi eta zurekin harremanetan jartzeko biderik zuzenena, ezta?
Artelista izeneko gunean artearekin lotutako lanak jartzen dira salgai, argazkiak bezala pinturak edo eskulturak ere. Duela urte asko jarri nituen nire argazkiak gune horretan eta fruitu onak eman dizkit. Erakusketak egiteko eskaintza batzuk ere orri horren bidez iritsi zaizkit. Nire webgunea egin nahi dut epe laburrean, baina oraindik egin gabe daukadanez, argazkiak ikusteko beste gune eguneratu bat, www.leire.deviantart.com da.

Begi berezia duzu argazkiak ateratzeko…
Perspektiba desberdina ateratzen dudala esaten didate. Nire estiloa daukat eta gauzak nahiko berezi ikusten ditut. Gertatu izan zait Donostiako kaleren bat perspektiban atera eta jendeak ez ezagutzea.

Kalean zoazela, askotan gertatzen al zaizu bat-batean argazkia ikustea?

Bai, askotan ikusten ditut argazkiak baina ez ditut beti ateratzen. Argazkiak ikusi arren, makala naiz mugimenduko argazkiak ateratzeko, ihes egiten didate askotan. Zaila da, beti prest egon behar baituzu. Lekuak edo mugitzen ez diren argazkiak errazago ateratzen ditut.

Zein ezaugarri ikusi behar diozu argazki bati ona dela irizteko?
Estetika baino garrantzitsuagoa iruditzen zait argazkiak zerbait transmititzea. Batzuetan argazkiak politak izan arren, ez dute ezer esaten, ez dute bizitzarik. Niri argazkiek zerbait esatea gustatzen zait eta horretarako sentimenez ateratzen ditut. Duela gutxi, nire argazkiak malenkoniatsuak direla esan zidaten. Ez da lehen aldia eta nik ere ikusten diet hori, baina ez zait ateratzen beste era batera argazkia egitea. Nik ikusten dudan moduan transmititzen dut pentsatzen dudana. Jendea irribarrez edo taldean ageri den argazki gutxi daukat. Agian nahita egiten dudan arren, ez naiz konturatzen, seguruenik nire pertsonalitatea horrelakoa delako.

Zer nolako harrera ikusten diozu zuen lanari?
Nik uste jendeari argazkilaritza gustatu egiten zaiola. Hala ere, gaizki zainduta dagoen artea dela iruditzen zait. Pinturari edo beste hainbat teknikari harrera hobea egiten zaiela esango nuke. Argazkilaritza beste arte mota batzuekin alderatuta berria da, baina ez da nahikoa kontuan hartzen, ezta erakusketak egiterakoan ere. Nik uste arreta handiagoa eskaini beharko litzaiokeela. Era berean, jendea argazki mota bat ikusten ohituta dago eta beste argazki mota bat ulertzea zaila egiten zaio. Argazkilaritzari jaramon gutxi egiten zaiola uste dut, gehiago zaindu beharko litzatekeela.

MOTZ-MOTZEAN
Kamera digitala ala analogikoa?

Egun, digitala aukeratuko nuke; askoz ere praktikoagoa delako. Denborarekin garai berrietara egokitu behar den arren, analogikoak askoz hobeto ateratzen ditu.
Argazkia koloretan edo zuri-beltzean?
Zuri-beltza artistikoagoa da, asko gustatzen zait. Baina koloreak ere badu berea.
Argazkia paperean edo ordenagailuan?
Normalean gehien gustatzen zaizkidan argazkiak aukeratu eta inprimatu egiten ditut album txikietan jasoz, etxerako edo lanerako. Gainerakoak ordenagailuan gordetzen ditut.
Papereko argazkia, matean edo brilloan?
Matea gehiago gustatzen zait, bereziagoa iruditzen zait. Hala ere, koloretako argazki batzuk brilloa eskatzen dute.
Atera duzun argazkirik kuttunena?
Asko gustatzen zait Chiapasko hondarretan atera nuen argazki bat. Oso leku ederra da eta oso oroitzapen onak ekartzen dizkit. Loreen argazkiak ere oso gustuko ditut.
Egin nahiko zenukeen argazkia?
Bidaiatu eta argazkiak ateratzea gustatuko litzaidake, Argentinan esaterako.
Argazkilariaren etxea argazkiz beteta?
Argazkiak asko, baina paretan itsatsita bakarra: ahizpak oparitu zidana. Beste guztiak txukun-txukun gordeta dauzkat. Norberak egindako argazkiak milaka bider ikusten dira eta aspertu egiten zara bestela.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!