Esker ona erretiroa hartutakoei

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 1a, 18:32

Alfredo Kamio, Ana Jesus Altuna eta Gurutz Ikutza Andoaingo ikastolako irakasle eskarmentatuenek erretiroa hartu dute, 60 urte bete dituzten honetan.

Andoaingo ikastola osatzen duen hezkuntz komunitateak ekainaren 14an eskaini zien omenaldia, ikasturte amaiera ospatzeko Goiburun egiten duten jaiaren barnean.
Umilki, diskreziorik handienarekin nahi lukete hartu erretiroa, baina badakite zaila dela hori. Andoaingo makina bat belaunaldiren irakasle izan dira, eta horrek, nahi eta ez pertsona publikoak izatea eragin die. Herriko beste edozein herritarrenak hartuko ez lukeen oihartzuna hartu du, beraz, euren jubilazio iragarpenak.
“Hirurok ere ez gara oso agerzaleak, eta egun hauetan sentimenduak ateratzen ari zaizkigu, nahiz eta hotz samar ibiltzen saiatu”, aitortu du Ikutzak.
Egun hauetan jende asko hurbildu zaie zorionak ematera eta urtetan egindako lanagatik eskerrak ematera. Horien artean, Altuna sexuen araberako bereizketa egitera ausartu da: “Aise sumatzen da poza besteari adierazteko emakumeak zaleagoak garela”.
Hirurek ere erdi txantxetan adierazi dutenez, ez daukate argi ikasleak zergatik dabiltzan egunotan pozik, alegia hirurak ikastola uztera doazelako ala oporrak direlako. Izan dira tartean, hala ere, interesa piztuta joan zaizkien ikasleak, Ikutzak gogoratu duen bezala: “65 urte bete arte zergatik ez dugun jarraitu galdetu dit batek baino gehiagok, eta bestalde, Internetez argazkiak eta mezuak bidaliko dizkidatela agindu didate batzuek”.

Ikuskatzaile beldurgarriak
5. mailako ikasleekin eduki zuen azken eskola egunean emozioz gainezka izan zela adierazi du Altunak: “Irakasleongan konfiantza jartzeagatik euren gurasoekin esker oneko nagoela esan nien lehenbizi, eta gero Andoaingo ikastolaren historiako pasadizo txiki batzuk kontatu nizkien. “Hain zaharra al zara ba?” galdetu ondoren, aho zabalik egon ziren entzuten”.
Haurrei kontatutako istorioren bat azaltzeko eskatuta, legez kanpoko ikastolentzat pertsonaia beldurgarria izaten zen ikuskatzailearen pasadizoa gogoratu du Altunak: “Nik eskolaurrean bi aldiz ezagutu nuen inspektore famatua. Lehena itxi ziguten batean, eta bigarrena, legeztatu aurretik. Bigarrengo honetan, nire gelan sartu eta galdera mordoa egin zizkien ikasleei. Gizona joaten ez, eta halako batean, arbelan borobil bat marraztu zuen. “A ver, qué es esto?” galdetu zuen. Eta batek erantzun: Un mamarracho. La profesora nos dice que si no lo dibujamos con un compás, es un mamarracho”. Gelatik bidaltzeko modu polita izan zen ateraldi hura”.

Herrian zehar, ibilera nomada
Behin legez kanpoko kontu zaharrak esaten hasita, ezin bazterrean utzi Aita Larramendiren historia zailtasunez betea. 1963an jarri zen abian, Mari Paz Artolazabal eta Mirari Ugalde irakasleekin eta 53 ikaslerekin. Juanita Alkainek utzitako Kale Nagusia 28ko etxean izan zen hasiera hori.
Ikutza, Altuna eta Kamio ondorengo urteetan sartu ziren irakasleen taldean.
1985-1986an Txistokiko eta 1992an Bazkardoko eraikinak altxa ziren arte, ezin gertuago bizitu dute Andoainen barrena ibilera nomada eraman zuen ikastola. Kamiok ziurtatu duenez “urte batean, azpian eskola zeukaten hamaika etxe kontatu genituen”. Oroimena astindu, eta lekuak izendatzen hasi da: “Agustin Leitza kaleko aurrealdea eta atzealdean, Olajaunean, Sarmendi baserriko lurretan, Juan Bautista Erro kalean (bai Sasierrotan, baita aurrerago alde batera zein bestera), Plazaolan (orain Gurutze Gorria dagoen horretan), Huizi Doktorean (Ondarretako atzealdean), Zaharren egoitzan, Extremadura kalean, La Salle ikastetxean...”.
Legez kanpo egoteari eta leku propiorik ez izateari, arazo ekonomikoa gehitzen zitzaion garai haietan. Horrelako egoera batean, ezinbesteko gertatzen zen gurasoen, herritarren eta gainerakoen laguntza. Altunak gertaera baten bidez azaldu du zein baldintzatan aritzen ziren irakaskuntzan: “Anparo Etxarrain eta biok gure lehen txangoa egitea planteatu genuen. Lasarte ondoko Zubietara joan nahi baina sosik ez, ordea. Lau-bost gurasok prestatu zituzten euren autoak eta halaxe joan ginen haurrekin”.
Auzolana ezinbestekoa gertatu zen. Gela horietako asko, adibidez, jabeek utzitakoak izaten ziren. Aipatzekoa ere bada zenbait guraso eta herritarren aldetik aurrera eraman zen ekimen bat, Kamiok aipatu duenez: “Gelak sortzeko, Leizaur Akademia sortu zuten. Kapitala jarri lehenbizi, eta akzioak banatu zituzten gero. Agustin Leitzako gelak erosi ahal izan ziren horrelaxe”.
Esan beharrik ez dago irakaskuntzarekin zerikusirik ez zuten hainbat lanetan agortzen zituztela makina bat ahalegin orduan, guraso eta batzarkideek bezala irakasleek.
Irakasleen ikuspuntutik, Kamiok beste oztopo bat gehiago du hizpide, “urtetan ez genuen ikas-materialik eduki. Etxean sortu behar izan genituen, nork bereak, erdal argitaletxeak euren materiala euskaratzen hasi ziren arte eta geroxeago Ikastolen Federazioak beren materiala kaleratu zuten arte”.
Txistokiko ikastolaren eraikinarekin batera hainbat zailtasun zahar desagertu ziren arren, “arazo berriei egin behar izan diegu aurre. Jakina, arazo horiek zerikusi gehiago dute hezkuntzarekin, legeekin edo ekonomiarekin baino”.
Honaino heldurik, derrigorrezko galdera da hasi zirenetik zenbat eboluzionatu duen irakaskuntzak. Bat datoz hirurak erantzuterakoan: “Orain ez da lehen bezainbat materia ematen eta kurrikuluma ikasle bakoitzaren gaitasunetara egokitzen da pixka bat”.
Ikasleen ezaugarriak ere aldatu direla sumatzen du Altunak: “Agian adierazkorragoak direlako-edo, baina iruditzen zait gaurko haurrei goxotasuna falta zaiela”.
Irakasleen ogibidean bereziki aipatzen den estresaren gainean, berriz, Altunak bokazioa aipatzen du. “Gogorra da lanbide hau, eta behin 50 urtetik gora pazientzia galtzen hasita zaude. Dena den, bokazioa izanda, dena da eramangarria”.
Azkenik, etorkizunaz galdetuta, hirurek ere argi daukate ez daudela geldirik egoteko. “Mugitu, ikasi..., nahi duenarentzat, badago hamaika eskaintza; nik dagoeneko bota diot begia sendabelarrei buruzko ikastaro bati”, halaxeko ziurtasunez hitz egin du Altunak. Ikutzak bere aldetik “espazio askeekin gozatzea da, oraingoz, nire asmoa”.

FITXA TEKNIKOA
Ana Jesus Altuna Gorrotxategi
41 urte ikastolan
Adin txikikoekin jardun da beti. Plastika, euskara eta gaztelerako ikasgaiak jorratu ditu gehienbat.

Alfredo Kamio Amas
38 urte ikastolan
OHOko DBHko ikaslerik zaharrenekin jardun da beti. Zientzia arloak jorratu ditu.

Gurutz Ikutza Otaño
30 urte ikastolan
OHOko DBHko ikaslerik zaharrenekin jardun da beti. Zientzia arloak jorratu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!