Amaia Garmendia, kantuari lotuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 1a, 18:27

Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko lehendakari izango da Amaia Garmendia datozen lau urteetan. Kargu berriaren eta abesbatzen inguruan hitz egin du.

Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko lehendakari aukeratu berri zaituzte. Kargu berriari eusteko gogoz?
Duela lauzpabost urte Federazioaren ardura bere gain hartu zuen taldeari agintaldia amaituta, berriro ere Zuzendaritza Batzordea aukeratzeko garaia iritsi zitzaigun. Aurreko taldeko kide izan naiz denboraldi horretan guztian, Batzordeko idazkari gisa, eta taldeak berak proposatu ninduen lehendakaritzarako. Ekainaren 6an Batzar Orokorrak aukeratu zuen Zuzendaritza Batzordea jarraipenekoa dela esan dezakegu, beraz. Gogotsu aritu gara urte hauetan lanean, eta horrela jarraituko dugu datozen lau urteetan ere. Proiektu eta programa berriak jarri ditugu martxan eta Federazioari dinamismo handiagoa eman diogula uste dut. Lan ildo horretatik jarraitzeko asmoa dugu.

Gipuzkoako 102 abesbatza biltzen dituen erakundea bideratzeko lanetan, zein izango da zure eginbeharra?
Lehenik eta behin, harro egon gaitezke 600.000 biztanle inguru dituen Gipuzkoa bezalako herrialde txiki batean hainbeste abesbatza edukitzearekin, talde horietan jende kopuru handia biltzen baita. Gure eginbeharra koru horien guztien elkargune den Federazioa bideratzea izango da. Orain arte abian jarri ditugun proiektuekin jarraituko dugu, eta aurrekontuek uzten diguten heinean, beste berri batzuei bidea irekitzea izango da gure eginbeharra datozen lau urte hauetan.

Kargu hori hartzen duen lehen emakumea izango zara…
Bai, eta ohore handia da niretzat. Kantatzea guztiok egiten dugun zerbait da (dutxan besterik ez bada ere) eta ziurrenik amagandik entzun genituen gehientsuenok gure lehen kantak. Federazioa sortu zenetik igaro diren hogeita zazpi urte hauetan erakundearen ardura bere gain izan duten talde guztietan egon dira emakumeak, lehenengoan izan ezik. Orain arte kargu hau bete ez badute ere, emakumeek presentzia nabarmena eduki dute Federazioaren baitan. Nire aukeraketa horren isla dela esango nuke, eta baita gizartea beraren bilakaerarena ere.

Tolosako Hodeiertz abesbatzako kide eta Hodei Truk haur abesbatzako lehendakari zara. Noiztik zabiltza abesbatzei lotuta?
Gure etxean beti ezagutu dut musikaganako zaletasuna, eta batez ere kantuaganakoa. Duela urte asko, Gabonetan kalez kale gabon-kantak abesteko taldea sortu zen herrian, eta parte hartu nuen nik ere. Askotan esan diet nire ingurukoei ez zaidala inoiz ahaztuko aurreneko entseguan, lehen akordea entzun nuenean sentitu nuena: barru-barruraino sartu zitzaidan. Hortik aurrera, Gabonetan eta Santa Ageda bezperan irteten nintzen kantatzera, eta geroago Villabonako abesbatzan ere aritu nintzen, Juan Mari Iparragirrerekin. Duela zazpi bat urte Hodeiertz abesbatzan hasi nintzen. Koinatak bertan kantatzen zuen, eta anaia eta biok animatu egin ginen.
Lana egin beharra dago, noski, eta konpromisoa eskatzen du, baina kantatzeak ematen duen betetasuna erabatekoa da. Guk ere, kirolariei gertatzen zaien moduan, abstinentzia jasan ohi dugu, kantatu gabe denbora asko igarotzen badugu, beharra sortzen zaigu.
Horrez gain, alderdi on gehiago ere baditu talde batean kantatzeak: lagunarte atsegina, bidaiak… Jendeak zein ondo pasatzen dugun, zenbat barre egiten dugun eta kantatzea zer nolako gozamena den jakingo balu, jende gehiago animatuko litzatekeela esaten dugu beti gure artean.

Nolakoa da, zure ustez, abesbatzen egungo egoera? Nahikoa gizarteratuta al daude?
Gaur egun abesbatzak gure gizartearen isla dira. Talde asko dago eta orokorrean egoera ona dela esango nuke. Abesbatza asko daukagu maila oso altuarekin, –ikusi besterik ez dago nazioarteko lehiaketatan gure hainbat talde erakusten ari den maila–, baina profesionalki horretan aritu ahal izatea ia ezinezkoa zaigu egun, eta horrantz jo beharko genuke hainbat arlotan.
Etengabeko presazko bizimoduan murgilduta bizi gara, konpromiso bat gure gain hartzeko gero eta zailtasun handiagoarekin eta gogo gutxiagorekin. Hala ere, gauzak asko aldatu direla esango nuke; aurrerapauso garrantzitsuak eman direla, baina era berean, nabaria da adibidez gizonezkoen eskasia, konprometitu nahi eza eta baliabide falta ere bai, hainbat kasutan. Gizartean dugun presentzia ere areagotu egin beharko litzatekeela uste dut. Ikus-entzunezkoen gizartean bizi gara, eta lagungarri da zentzu horretan garatzen ari den hainbat iniziatiba: telebistan abesbatzei bereziki zuzendutako saioa eskaintzearena adibidez, baina zailtasunak izan ohi ditugu gero egunerokotasunean. Eskertzekoa litzateke kultur programatzaileek abesbatzak gehiago kontuan hartzea, esaterako. Alde batetik kontzertu gutxi programatzen da, eta bestetik, behin baino gehiagotan ikusten dugu egiterakoan, kanpoko abesbatzei bertakoei baino tarte zabalagoa eskaintzen zaiela.

Etorkizunera begira zein pauso emango zenituzke?
Oso garrantzitsua da haur eta gazte abesbatzak bultzatzea eta ikastetxeetatik sustatzea. Beraiek dira gure etorkizuna eta arreta berezia eskaini behar zaie. Ildo horretatik, beraientzat prestatutako topaketak antolatzen ditugu Federaziotik, arrakasta itzela izaten dutelarik. Musikagileak ere hor daude, askotan nahiko ahaztuta. Beraien lana bultzatzeko laguntzak ere eskaintzen ditugu Federaziotik, hau da, obra berriak enkargatzeko. Horretan ere lan polita egiten ari gara, musika berri asko sortzeko aukerak emanaz, eta horretan ere jarraituko dugu. Ideiak ez zaizkigu falta, baina betikoa; batzuetan denborak ez du denerako ematen, eta bestetan diru-iturriek ere ez. Hala ere, guztion laguntzarekin onena emango dugu orain hasten dugun agintaldian.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!