Pilotaleku berriaren irekiera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 1a, 18:23

Uztailaren 4an eta 5ean, Gudari plazan eraikitako Behar-Zana pilotaleku berriaren inaugurazio ekitaldiak izango dira.

Uztailaren 4an, larunbatean, herriko talde ezberdinek parte hartuko duten jaialdi irekia izango da 22:30etan pilotaleku berrian. Herriko talde ezberdinen jarduna ikusteko aukera izango denez, Herria bizirik izena jarri diote jaialdiari. “Dantza eta musikarekin harremana duten taldeek hartuko dute parte ekitaldian, bakoitzak emanaldi pare bat eskainiko duelarik”, azaldu du antolaketa lanetan aritu den Oinkari dantza taldeko Eneko Arteagak. Lain musika taldeak, Loatzo musika eskolak, Solano musika eskolak, Villabonako bertso eskolak, Oinkari dantza taldeak, Eresargi eta Eresargi Txiki abesbatzek, Ana Iparragirre pianojoleak eta Nerea Barriola sopranoak hartuko dute parte, besteak beste.

Igandean, pilota partidak
Uztailaren 5ean, herriko pilotariak protagonista direla, pilota jaia izango da. “Behar-Zanako pilotariek eskuzko nahiz Joko Garbiko partidak jokatuko dituzte goizean zehar. Ordu batean, ekitaldi instituzionala izango da: Zinta mozketa, Agurra… Ondoren, afizionatuen pilota partidari emango zaio hasiera”, azaldu du Arteagak. Ekitaldiak antolatzen aritu direnei zuzenduta, bazkaria izango da Behar-Zana elkartean gero.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!