Badator XIII. Garagardo azoka

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 1a, 18:22

Uztailaren 16tik 19ra luzatuko da Irrintzi elkarteak urtero antolatzen duen Garagardo azoka, ohi bezala, ostegunetik igandera.

Aurtengo Garagardo azokak bi asteburu iraungo zuela, astean zehar ere luzatuko zela…, zurrumurru ugari zabaldu da kalean. Irrintzi elkarteko lehendakari Imanol Rodriguezek eta Rafa Buitron idazkariak kaleko susmoak gezurtatu egin dituzte, “urtero bezala lau egunekoa izango da aurtengo azoka ere: uztailaren 16tik 19ra, ostegunetik igandera”. Urteroko plangintzari eutsiko diote elkarteko kideek, “ohiko ordutegia izango du, arratsaldeko 18:00etan hasita. Txartelen salneurria ere aurreko urteetako berbera izango da: igoerarik gabe, laugarren urtez prezio bera mantenduz”. Hasieran garagardo arrunta eta berezia bereizi egiten ziren: 3 euro lehenak, 4 euro bigarrenak. “Azken urteetan, ordea, guztiek 3 euro balio dute. Janarietan ere aurreko urteetako prezioak mantenduko dira”. Bizigarri modura, janari eta edarien urteroko eskaintzari berrikuntzaren bat gehituko diote, “berezitasunen bat tartekatu arren, dudarik gabe, ukondoa, saltxitxak, gulak eta haragi pastela izango dira oinarrizko jakiak”. Garagardoen kasuan ere gauza bera: “urteroko aukerak mantendu arren, beti izaten da eskaintza berriren bat”.

Elkartea berritzeko lanak hastear
Joan zen martxoaren hasieran Irrintzi elkartea kiskali eta gero, berriki, ekainaren 14an elkarteko bazkideek eta Zuzendaritza Batzordeak batzar nagusia egin zuten.  Batzordeko kideek, pisu handia kendu zutela adierazi dute, “proposamen ezberdinak azaldu eta gero, aukeren artean, guretzat elkartea aurrera eramateko egokienaren alde egin genuen. Bazkideek begi onez ikusi zuten gure proposamena”. Hainbat berrikuntza eginagatik, elkartearen egitura lehengoan mantenduko dute. “Intsonorizazio aldetik esaterako hobekuntzak egingo ditugu, baina gainontzean, lehen bezala mantenduko dugu elkartea gutxi gorabehera”. Berrikuntza eta egokitze lanekin lehenbailehen hastea da euren asmoa, “lanekin ahal den azkarren hasi eta  Gabonetarako bukatuta izatea gustatuko litzaiguke. Ea posible den!”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!