Oiartzungo Pikoketan bildu ziren Gipuzkoako lau segalari, txapelketa jokatzeko asmoz: Mikel Alkorta, Andoni Goikoetxea, Arkaitz Arteaga eta Juan Joxe Lizaso. “Denboraldiko lehen saioa zen Pikoketakoa. Lau segalari bakarrik ginen txapelketarako eta ez da sailkapen frogarik egin. Gustura geratu nintzen egindakoarekin, nahiz eta hasiera batean gehixeago egitea espero nuen. Ordubeteko saioa zen eta nahiko beteta ibili nintzen, une batzuetan gorputzari buelta eman ezinik. Bero handi samarra egin zuen eta belarra ere ez zegoen erraza, hala ere, nire lanarekin gustura geratu nintzen”, azaldu du Mikel Alkortak. “Saioa hasi bezain pronto, Juan Joxe Lizasok aurrea hartu zuen. Oso indartsu ekin zion eta abantaila handia hartu zuen. Andoni Goikoetxeak azken txanpa oso ona egin zuen, baina ezin izan zuen Lizasoren lana berdindu. Azken minutuetan, bien arteko lehia oso polita izan zen. Arteaga eta biok ere elkarrekin lehian ibili ginen. Azkenik bera gailendu zitzaidan eta laugarren postuan amaitu nuen. Arteaga izan zen iazko garailea eta aurten, ez dit belar kilo kopuru handiegirik atera, beraz, gustura egoteko moduan naiz”, gaineratu du.
Segalari berria
Duela lau urte hasi zen Mikel segan: “Asteasura bizitzera etorri ondoren hasi nintzen segan. Oso zaletasun polita da. Herri kiroletan etekin ekonomikorik ez egoteak jende asko atzera botatzen duela ematen du, baina nik ez dut horrela ikusten. Gure ohiturak mantendu egin behar direla uste dut, dirurik ematen ez badigute ere. Nik gozatu egiten dut segan eta jendea horretara animatu behar dugula iruditzen zait”.
Denboraldia iristean, lotura eskatzen duen kirola da sega. “Astean hiru egunetan aritzen naiz segan eta beste hirutan mendira joaten naiz. Lotura pixka bat sortzen du, baina gustura egiten dudan zerbait da. Gorputza zaintzen ere laguntzen du. Horrez gain, entrenamenduak egiteko garaian jendea behar izaten dugu inguruan sega prestatzen laguntzeko. Orain sega pikatzen ikasi dut eta iluntzetan, neroni aritzen naiz, baina arraizteko laguntzaileak behar izaten ditut. Zenbait segalari bakarrik moldatzen da entrenamenduetarako, baina nik, momentuz, laguntzaileak behar ditut. Txapelketa egunetan berriz, belar biltzaileak eramaten ditugu taldea osatzeko”, azaldu du Mikelek.
Ikusle gutxi
Gipuzkoako txapelketara ikusle gutxi bildu zela esan du Mikelek. “Esaterako, Asteasuko jende gehiago ikustea espero nuen, baina ez ziren hamarretik gora asko izango. Pena pixka bat eman zidan horrek. Orokorrean, txapelketa ikusten jende gutxi zegoela esango nuke. Harrigarria egiten zait edozein apustuk mugitzen duen jende piloa ikusita, txapelketek askoz ere arrakasta txikiagoa dutela ikustea. Ziur nago Lizasok atzo egindako ahalegina edozein apustutan egingo lukeenaren parekoa zela, eta hori ikusteak gozamena behar luke, baina jendea ez da animatzen. Zaletasuna badagoela ematen du, baina kosta egiten da jendea txapelketetara gerturatzen. Segari bultzada emateko formula berriren bat bilatu behar da. Antzeko zerbait gertatu zen bertsolaritzarekin. Oso jende gutxik jarraitzen zuen eta zerbait izatetik jende asko erakartzera pasa da egindako moldaketei esker. Segak ere horrelako zerbait behar duela iruditzen zait”, azpimarratu du.
Etxekoen txalo artean aritu zen Mikel Pikoketan. “Gustura hartzen dira ingurukoen animoak”. Euskal Herriko txapelketa du orain jomuga: “Zazpi bat segalari aurkeztuko gara eta horietatik lau pasako dira uztaila amaieran jokatuko den finalera. Ni gogotsu nago, bai Euskal Herriko txapelketarako baita etorkizunerako ere. Ikusiko dugu gauzak nola ateratzen diren”.