Ugare auzoaren iraganaz eta bilakaeraz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 1a, 18:01

Berrogeita zazpi urte dira Ugare baserria bota zutela. Baserri hartan jaio zen Pello Galarraga “Ubare” zizurkildarra. Gune berean eraikitako etxebizitzetako batean bizi da egun.

Ignazio Galarraga larrauldarra eta Dominika Urbizu idiazabaldarra, Ugare baserrira joan ziren bizitzera ezkondu ondoren. Bretan jaio ziren Pello eta bere bi arrebak. “Ordurako, Ugare ez zen baserria, etxea baizik. Antzuolako Higinio Larrañaga zen etxearen jabea eta gu maizterrak ginen. Lau etxebizitzatan banatuta zegoen Ugare, nola edo hala banatuta ere. Gure bizilagunek, logelara joateko, gure etxeko eskaileretatik pasa beharra izaten zuten”, azaldu du Pellok. “Urik ere ez genuen izan etxean, 1956 urterarte. Etxetik 50 metrora iturri eder bat zegoen eta handik ekarri beharra izaten genuen etxerako ura, balde handietan. Arropa garbitzeko garbileku ere bazuen iturri hark. Ugare etxeko emakume guztiak garbileku hartara joaten ziren sesto handietan arropa sartu, eta garbitzera. Ez dakit garbileku haren arrastorik gaur egun ba ote dagoen”.
Etxearen jatorrizko izena Ugare izan arren, zizurkildar gehienek Ubare moduan ezagutzen dute auzoa. “Guk ere Ubare esan izan dugu beti, baina etxearen eskriturak begiratuz gero, Ugare bezela azaltzen da. Etxearen lehen aipamena 1850 urte ingurukoa da eta Ugare izenez agertzen da. Auzoa bera ere Ubare moduan ezagutzen dugu gehienok, baina pixkanaka, agirietan Ugare izena berreskuratzen hasia da”, azaldu du.

Soroak eta baratzeak
Ugare etxearen inguruan ere bazen beste etxerik: “Iturgain izenekoa, esaterako, gaur egun ere bertan dago, oinezkoentzako zubiaren parean. Zubimusu inguruan, Remigio-enea zegoen, orain etxe berria egin duten tokian. Besterik ez zegoen auzoan, belazeak, soroak eta baratzeak. Gure etxe aurrean gurdi bidea zegoen eta egunero, jende asko pasatzen zen handik oinez. Sacem enpresan lan egiten zutenek bide hura erabiltzen zuten. Etxearen atzealdean berriz, trenbidea zegoen. Ondo gogoan dut nola urte batean, trenbidea konpontzen ari ziren gizonezko talde batek gure etxeko ukuiluan gaua pasa zuela. Jende mordoa zen, beltzak gehienak eta etxeko txoko ezberdinetan lo egiten zuten. Eskaratzean ere batek baino gehiagok lo egin zuen egun haietan. Gogoratzen naiz aita eta biok nola ikusten genituen, harrituta, gure baratzeko arbiak hartzen. Sagarrak balira bezala jaten zituzten, gordinik”.
 “Txerriak, ahuntza, untxiak eta oiloak izaten ziren gure etxean, baina behirik eta horrelakorik ez. Hala ere, gure etxeko ukuiluan noiz edo noiz idiak ere izaten ziren. Villabonako plazan idi apustuak ziren egunetan, askok gure etxean edukitzen zituzte idiak. Apusturako ohitura handia zegoen garai hartan eta gogoan dut nola ibiltzen ziren idiak inork ikus ez zitzan, ahalik eta hoberen izkutatu nahian. Zezen bat ere izan genuen beste behin etxean. Herriko jaietan ateratako xexena zozketatu egin zuten eta neroni egokitu zitzaidan. Sei bat hilabetez eduki genuen ukuiluan, gizentzen eta ondoren, saldu egin genuen”, jarraitu du Pellok.

1953ko uholdeak
Oria ibaiaren ertzean egonik, uholde latzak pairatu zituzten Ugareko bizilagunek: “1953ko uholde handiak gogoan ditut, urriaren 14an izan ziren. Etxearen lehendabiziko solairua urez estalita geratu zen. Etxeko oiloak, untxiak, txerriak…, bertan itota hil ziren, irten ezinik. Etxea inguratzen zuen harrizko horma ederra ere urak eraman zuen eta baita beheko solairuan pilatuta zeuden sagardo kupelak ere. Pilarika egunean ekarri zuen sagardoa Fermin Pagamuñok eta bi egun geroago, urak eraman zituen. Horrez gain, herri guztian zehar kalte handiak eragin zituen urak. Zubimusu zubiak berak ere harri asko galdu zituen. Zubi ondoko Aizpurua etxean bazen denda bat eta hura ere urak eraman zuen”.
Zizurkilgo eskolara joan zen Pello Galarraga lehendabiziko urteetan: “Bost bat urterekin hasi eta hamar urte arte joan nintzen Zizurkilgo eskolara, ondoren, Amasa-Villabonako eskolara joaten hasi nintzen. Hamairu urte nituenean hasi nintzen lanean, Sacem-en. Artean hamalau urte bete gabe nituenez, xentimorik ere jaso gabe egin nuen lan lehendabiziko urte hartan. Arratsaldez, eskolak jasotzera joaten nintzen. Hamalau urte betetakoan, astean 24,55 pezetakoa soldata jasotzen hasi nintzen”.

Erosketak, Villabonan
Amasa-Villabonan egiten zuten bizimoduaren zati handi bat Elbarrenako gazteek: “Zizurkilen ezer ez zegoela eta Amasa-Villabonara joaten ginen. Mezetara ere askotan Villabonako elizara joaten ginen, izan ere, gu txikiak ginenean egin baitzuten auzoko eliza. Asteartetan, azoka egunetan, esku-karroa hartu eta tren geltokira joaten ginen. Azokara zetozenei eskaintzen genien karrotxoa eta gauzak Villabonako plazaraino emateagatik dirutxo bat kobratu. Gainerakoan, hona eta hara ibiltzen ginen jolasean. Txoriak harrapatzen edota Fraisorotik behera goitiberekin. Koxkortutakoan, igandetan Andoaingo Maiza zinera joatea gustatzen zitzaigun. Villabonan trolebusa hartu, Elizondonean bokadilo bat jan, zinea ikusi eta trolebusean itzuli. Bost pezetakoarekin sobratu egiten zitzaigun”, azpimarratu du Pellok. “Erosketak egiterako garaian ere asko jotzen genuen Villabonara. Zizurkilen, Azken Portu izeneko etxean, gaur egun Lau-Aldeta moduan ezaguna dena, bazen denda-taberna eta Pasusen berriz, patateroa, gainerakoan ez zen besterik. Aizpurua etxean ere denda zegoen, baina 1953ko uholdeak eraman zuen. Tabernak berriz, Pasus, Azken Portu, Aurrera eta Teodosio”, gaineratu du.
Sukaldean aritzeko, sua pizten zuten garai harteko Zizurkilgo. Ugareko bizilagunek ikatza esku-eskura izaten zuten. Tren geltokira, Portu papertegirako ikatza iristen zenean, adi izaten ziren auzotarrak. “Gustora joaten ginen etxerako ikatza ezkutuan hartzera. Batak besteari abisua pasa eta gauez joaten ginen geltokira. Modu horretan ez zegoen sutarako egur bila mendira joan beharrik eta abantaila handia zen hori”.
Medikuarenera joateko premia sortzen zenean, Portu paper fabrikara jotzen zuten Ugareko bizilagunek. “Bertan izaten zen sendagilea, harreran. Goizez eta arratsaldez egoten zen han. On Ignazio izena zuen eta kanpotarra zela esango nuke. Urte batzuk pasatakoan etorri zen Zizurkilera Zatarain medikua eta hortik aurrera, haren etxera joaten hasi ginen”.

Lehendabiziko jaiak
Auzoko jaien sorrera ere ezagutu zuen Pellok: “Pasuseko jaiak sortu aurretik, Ernioko erromerira zihoazenentzako zintak mozten aritzen ginen. Nik hamalau edo hamabost urte nituela egin ziren lehendabiziko jaiak. Gogoan dut nola antolatu genuen urte hartako danborrada. Sardin kaxak erabili genituen danbor moduan. Evaristo Elduaien soinua joz eta ni panderoarekin, festa giro ederra sortu zen plaza inguruan. Garai hartan, oraindik ere, belazea zen inguru hura guztia, baina eliza eraiki zutenean harri-txintxarra bota zuten eta festarako txukunago geratu zen. Lehendabiziko urtetan trikitixa izan zen musika bakarra, geroago iritsi ziren bestelako orkestak”.

Bost urtetan, auzo berria
Praxku Amonarriz, Gabriela Elola, Elola anaiak eta Pelloren familia bizi ziren Ugare etxean, 1972an bota zuten arte. “Ordurako, Ugare auzoko lehendabiziko etxeak egiten hasiak ziren. 1970 urte inguruan eraiki zituzten lehendabizikoak, kooperatiba moduan Maria Brizardeko langile talde batek egin zituen etxebizitza haiek. Bost urteren buruan eraiki zituzten gaur ezagutzen ditugun auzoko etxe guztiak. 1975n amaitu zuten orain bizi garen etxea. 1972tik 1975 a bitarte, Gure Ametsa etxean bizitu ginen, Azurmendi harategia dagoen etxean. Gaur egun bizi garen etxearen eskaratza, Ugare baserriak zuen toki berdin-berdinean dauka, 18. zenbakian”.
Pena pixka bat ematen dio Pellori auzoa hain aldatuta ikusteak: “Orain polita dago inguruan, baina lehen hobeto bizi ginen, lasaiago. Urte gutxitan asko aldatu zen auzoa eta jende asko etorri zen kanpotik. Kosta egin zitzaigun bizilagunak ezagutzea. Hala ere, ondo moldatu gara”.

Etxearen aurrean, igerirako tokia
Ugare etxearen aurrealdean, metro gutxira zegoen Oria ibaia. “Jende askok ikasi zuen igeri egiten gure etxearen parean. Club Náutico de Ubare deitzen zioten askok gune horri. Uda inguruan asko eta asko etortzen ziren ibaian bainua hartzera eta arrantza egitera ere jende asko hurbiltzen zen. Garai hartan oraindik ere nahiko garbi mantentzen zen ibaia. Urte batzuk aurrerago, paper fabrikek sortutako aparra iritsi zen Oriara eta haizea harrotzen zenean, baita etxeraino ere”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!