Amodiozko Gutunen lehiaketako sari banaketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko uzt. 1a, 11:03

Atzo iluntzean banatu ziren Udaleko Euskara Zerbitzuak urtero antolatzen duen Amodiozko Gutunen lehiaketako sariak. Guztira 29 lan aurkeztu dira aurtengoan eta Juan Kruz Igerabide eta Karlos Linazasoro idazleen aburuz, ondorengo hauexek izan dira onenak: -Lehen saria: Imanol Sorondo Baltasar: Amets (Ibarra).
-Bigarren saria: Imanol Sorondo Baltasar: Zure bila noa (Ibarra).
-Amasa-villabonatar onenaren saria: Oihana Iguaran Barandiaran: Ilargiak eguzkiari.
-Gazte onenaren saria: Iñaki Etxeberria Iturbe: Lizarra basarriko Iturbe ta Elosatar Ascensio (Ibarra). 

Maialen Abaigar euskara eta hezkuntza batzordeburuak eta Maite Arregi euskara teknikariak banatu zituzten sariak. Irabazleen hitzak eta saritutako gutunak jarraian:

Ibarrako Imanol Sorondok, antzeko lehiaketatan noizean behin parte hartzen duela adierazi zuen saria jaso ostean eta pozik azaldu zen lehen eta bigarren saria eskuratuta, "egia esan, bi sari jasotzea xelebre samarra izan da, baina oso gustura nago. Aurrera begira martxa berean jarraitzeko indarra ematen du honek". Oihana Iguaran amasarra bertso paperak idazten ohituta badago ere, lehen aldia da antzeko sariketa batean parte hartu duena, "gustura jaso dut saria. Ilusio handia egin dit. Beste lehiaketa batzuetan lanak aurkeztera animatu nau, eta noski, lehiaketa honetara ere aurkeztuko naiz aurrerantzean". Gazte onenaren saria eskuratu duen Ibarrako Iñaki Etxenerria, kanpoan ikasten ari denez, ez zen sari banaketan izan. Anaiak jaso zion zegokion saria.

Lehen saria: 

Amets: Imanol Sorondo

Gabon Amets,
Trena mugitzen ari da eta, barkatu letra dardartia, egunak azken hatsa botatzen du arratsalde hotzean, atzo bezala.
Eguneko nekea eta gaubeila begietan daramatzat, baina ez dut somatzen, jada, bizkar gainean botata nere ezintasun guztien zama, albo baterantz etzanda nago ezaxola, atzo bezala, begiak ireki ala itxi erabaki gabe. Zu berriro agertuko zaren esperantzaz.
Atzo, tren honetan bertan, ordea, utzita nindoan, burdinbideko balantzan ahaztu nahirik eguneko eta bizitzako porrot txikiak, erraldoiak ordu honen jario astunean.
Burua ingurukoen hitz aspertuen magalean abandonatuta, olatuen menpeko kaio artega, etxerako bidea pospolo izeki baten modura agortzea espero nuen bakarrik. Erdi lo.
Zenbat aldiz egingo ote nuen bide bera? Ez nion nire buruari sekulan galdetu. Hasi naiz kontaketan eta atera zaidan zenbakiaren sorpresak zahartu nau bapatean.
Nola liteke hainbeste denboran, horrenbeste estazio eta geltokietan, inoiz zure larru leuna ikusi ez izana?
Atzo izan zen eguna, atzo, gaur balitz bezala, bizitzaren tren gehienak galduta neuzkan, itolarria bularrean iltzatuta, leihoaren bestaldeko iluntasunean zerbaiten bila neukanean begirada, nere ondoan eseri zinen eta guztiaren perzepzioa goitik behera aldatu zenidan. Zuk bakarrik. Begiratu zintudanean, hiriko algara koloretsua ikusi nuen zure begietan. Zuzen eseri nintzen, lotsatuta, eta galtzetako zimurrak leundu nituen keinu batekin barkamena eskatu nizunean.
Zure irribarrearen freskotasunak hondartzako izozkien zaporea ekarri zidan ahora. Neuk ere irribarre egin nizun eta, leihoaren bestaldean, goldatu berriko zelaietako arrastoetatik joan zitzaidan begirada.
Xarmanta zara, argitsua.
Bizkarreko zama arintzen zitzaidala antzeman nuen. Irribarre egin nuen ostera, niretzat bakarrik. Leihoaz haraindi, ilunabarraren agoniak mendien profila erakutsi zidan azkenekoz eta, burdinbidearen keinu batean, iluntasuna egin zen, egunaren heriotza, niretzat, ametsen garaia.
Dena uzten dut gauerako, haren babesean esertzen bainaiz idaztera, asmatzera, bestela inoiz biziko ez nituzkeen bizitzak. Atzo ere hala egingo nukeen zu nire alboan jarri izan ez bazina. Gaur ere hala egingo dut berriro topo egiten ez badugu. Baina, atzo, hementxe eseri zinen, eta nere gogoak benetakoak bihurtu zenituen, Amets.
Mugitu zinen, motxilatik liburu bat atera eta, hara! Ezinezko maletak. Neu irakurtzen ari nintzena ez   zen bada!
Begiratu egin zintudan ostera, zu konturatu gabe, azken orrialdeak edaten ari zinen, neu bezala, eta begira geratu nintzaizun zure arreta jaso arte.
Gustura irakurtzen ari ote zinen galdetu nizun eta ez dut oroitzen erantzuna. Ezpainak hitzak marrazten hasi ziren eta behatzak orrien ferekan. Zuregan utzi nintzen, hosto bat haizean bezala, balantza gozoan. Amets.
Eta zure geltokian jaitsi nintzen.
Elkarrekin zeozer hartuta, berandu egin zitzaigun, horren berandu, nekea ahaztuta nuela. Eskua luzatu zenidan, tabernaren atean, nora gindoazen isilpean, zure etxera eraman ninduzun.
Liburua irakurtzen jarraitzera. Barre egin nuen, txantxetan ari zinela uste izan nuelako.
Beranduegi afaltzeko, goizegi ezezagun batekin oheratzeko? Gose nengoen eta zu...
Zure sofan amaitu genuen irakurketa, liburu beretik arnastuz, isildu genuen gosea, ogia, gazta puska bat eta sagardoarekin. Epel.
Altxa zinenean jarraitu egin zintudan begiradarekin, zure sorbalda gustatu zitzaidan, kamiseta soil batez jantzita, hankutsik. Neuk baineuzkan jantzita zure etxeko oinetako handiak. Gustatu zitzaidan zure etxeko usaina. Lehenengo musuarena, sofara itzuli zinenean.
Ez nuen ezagutu jarri zenuen musika, seguru nengoen zurekin. Zure bularrean etzanda entzun genuen elkarrekin. Eztia eta orekatua zen, zure antzera.
Seguru sentitu nintzen.
Nere berokia, nere zapatak, sarrerako gelan utzita, eguneko tristurak kalean ahaztuta. Begiak itxi nituen trenean bezala, eta eguna argitu arte denbora izoztuta gelditzea desiratu nuen.
Musukatu egin ninduzun, gaztaren zaporeaz, ogiaren samurraz.
Nolatan ez zaitut ikusi, sekulan, mila estaziotan? Zenbat bidaia alferrikalduak edo, akaso, hobeto pentsatuta, zein bidaia eztia atzokoa. Eraman nazazu bai, zure burdinbidean. Eskatu nizun. Nere zauriak erakutsiko dizkizut.
Ez nuen imaginatu beharrik izan nolakoak diren gauak zurean, etxeko bazter guztietan maitatu genuen elkar. Zein polita iruditu zitzaidan zure irudia, leihoko kristalean islatuta, niri besarkatuta ikustean.
Tren baten argiak zeharkatu zuen iluntasuna, izarloka isila bailitzan, eta biok barre egin genuen gogotik, elkarrekin bat eginda. Eskatu nizun guztia eman zenidan. Esaldi amaitugabeak abestu zenizkidan ahoan. Egunsentirarte ia.
Nik lo piska bat egin nuen. Zuk?
Trena zain neukan, goizeko lanbroetan, geltokira korrika heldutakoan, salto alai batez sartu naiz bagoian, eskerrak janzten nintzen bitartean gosaria prestatu duzun. Zuk utzi al dituzu txukun-txukun nire galtzak eta alkandora eserlekuan? Ez naiz gogoratzen noiz erantzi zenizkidan, non erori ziren.
Alai eta arin joan zait eguna eta, etxerako bueltan, trena hartutakoan, idazten hasi naiz, arratsaldearen azken hasperenarekin batera, zure zain nengoen bitartean.
Bat, bi, ... ehun estazio iruditu zaizkit, zain nengoela.
Luze.
Nola liteke hainbeste denboran, horrenbeste estazio eta geltokietan, inoiz zure aurpegi garbia ikusi ez izana?
Zure irudia begiztatu dut andenean, salto alai batez igo zara, zeu ere, eta niregana hurbildu zara.
Ondoan eseri zarenean behar den bezala nengoen eserita.
Nire aurpegiak zurea bilatu du, ezpainak aurkitu dira.
Zerbait esatera zindoazen, baina, behatzarekin ezpainak isilarazi dizkizut, azken lerro hau idazten dudan bitartean:
Gaur ere zure estazioan jaitsiko nintzateke, Amets, zuk nahi baduzu.
Iraitz.

 

Bigarren saria

Zure bila noa: Imanol Sorondo

Bapatean,
zeharka sartzen den argiak begietan eraginda, zu besarkatzeko gogoak hartu nau. Hemen nengoelarik, beste zerbaitetan, nere buruan esnatu den musikak, haize hegoak, kresal usain xume batek, urrutira eraman naute euren besotan, zeu ere urrun zaudelako, zure bila. Mundu honen bestaldera.
Pareta zikin hauek, gela ospela, nire ohe bakartia. Leihosarea.
Espejismoak iruditu zaizkit guztiak, faltsu eta bigun. Ihes egiteko grina piztu da nere erraietan.
Altxorrik preziatuenaren bila hasi naiz, aspaldian ahaztuta eta neuk topatu dut, ez dakit noiz utzitako lekuan.
Barre egin dut nire artean, lo iragandako denbora luzean memoriak sekretuak babestu dituelako errealitatearen kutsutik, egiaren herdoiletik.
Oroitzapenak baitira geratzen zaidan ondare bakarra, hustu egin baininduten, zure memoria eta nirea. Alanbre puska honen promesaren lurrinetan mozkortu naiz. Egiak hotzegiak dira, sarkorrak. Eta mina eragiten didate. Barre mingotsa.
Idatzi ditut, bada, hitzak, ezker eskubi. Paretaren zoko batetik hasita. Zikintasunean zuri, irainen gainean bihotz, alanbrearen muturrarekin, zorrotz.  Aske bihurtu nauten hitzak, zuretzat. Nere kontzientziaren bazterretan bilatuz topatutakoak, lo zeutzanak. Musikak lagundu dit, usain horrek ere bai. Alanbretxoak noski.
Nondik datoz hotsak, bakarrik nagoenetik entzuten baititut soilki.
Burua galdu ote dut?
Horma txikitzen joan da idazteko grinaren ondoan, braustada batean bezala erori dira hitzak, erauntsi. Oroitzapenak, usteak eta, nahi gabe, egia biluzia.
Gelaren erdira etorri naiz, orduan, egindakoa hobeto ikustera, baina itsuturik nengoen eta zahar. Nekatuta.
Ohartu naiz: azken hitza estreinakoarekin uztartu da berriz, gurpilzoro, pareta beteta, behatzak odoletan. Non dago errealitatearen eta zoramenaren arteko lerroa? Non dago aberria?
Hain dago aldenduta, atzerritik!
Mugak dira... oso lausoak eta, akaso horregatik, zeharkaezinak.
Mugalariek hanka egin zuten aspaldi, beldurra da zaindari bakarra, ahalguztiduna.
Egia dago bestaldean, eta haren itzalean, zu, nire herria.
Argirik ez, leihoa alferrik, gelaren erdian geldirik, unibertsoaren muturretan bainengo, urrun berriz, zugandik. Barre goibela. Inolaz ere etsia.
Ohearen bila haztamuka, iluntasunean, maindireen zuritasuna ezinik antzeman, behatzen gorrian. Behatzak eta maindireak. Zure oroitzapena maitasun gauetan.
Nire aspaldiko plana.
Zu.
Egiarekin jantzita, gau hotzean. Mugekin hizketan.
Alanbrea eskuan, maindireak.
Zein kolorekoak ziren zure begiak? Zure ezpainek hitz bakarra gordetzen dute, aho sabaiaren babesera.
Erabat ero sentitu naiz, loari amore emateko asmorik gabe, barre amorratua. Iritsi da zuregana joateko unea. Herbesteak ez nau gainditu. Alanbreak egin ditu, sarrailetan lagun, maindirea besarkatu zaio, gotorlekuko harresiari.
Ilargi berria, eskerrik asko, lagun zahar ahantzia. Agur.
Lasterka egin dut, oinutsik, atzera so egin gabe, lur bigunaren gainean, eta basoak hartu nau, magalean.
Bilatu egin zaitut, isilpean oihukatuz, eta zurekin egin dut topo, edonon. Kilkerren kantu soilean eta ipurtargiaren marrazkian baitzaude, lurraren usainean.
Barre egin dut, algara, eta isiltasunak erantzun. Bizkarrean utzita ipuin amaigabea, kartzelaren hormetan. Azken hitza lehenengoari helduta. Katebegi hutsak. Ordea, nire loturak erori egin dira eta zurekin nago ostera, lur hezean etzanda.
Eta azkenik, zure izena idatzi dut itsasora eraman nauen errekako uretan: askatasuna.
Banuen, bai, zu musukatzeko gogoa.

Joseba.
 

Amasa-villabonatar onenari saria:

Ilargiak eguzkiari: Oihana Iguaran

“Bazen behin, milioika iltze distiratsuk esekita mantentzen duten izara ilunean, ilargi bat, itzaletan… Noizbait sentitutako beroaren aiduru, egunero bira ematen zion lurrari, bazekielako, senti zezakeelako, munduaren beste aldean bazela zerbait, bazela norbait, zeinak tarteka, bere argia eta epeltasuna bidaltzen baitzion urruntasunetik. Eta egun batean, biek topo egin zuten ezerezaren erdian, eta ezereza dena bihurtu zen urrezko distira hark itsutu zuenean, epeltasunez jantzi zuenean…
Baina lurra berriz bien artean jarri zen, eta izarrek dar-dar egin zuten zeruan, agur haren hotzean, eguzkiak berekin eraman zuelako beroa.
Horregatik, ilargiak bira ematen zion gauero lurrari, eguzkiaren izpiak bere azalean sentitu nahi zituelako, eta gainerako txoko ilun guztiak argiz janzterakoan, haren argia islatu beharra zeukalako. Eta tarteka, eguzkiaren epeltasunak laztanduko zuen, eta ilargia zilarrezko bihurtuko, honela, honek ere argitu zezan.
Pixkanaka ilargia maitemintzen joan zen, eta egun guztiak eguzkia aurkitu nahian ematen zituen. Hogeita zortzi egunean behin soilik lortuko zuen osorik ikustea eguzkia, eta haren goxotasuna gorputz osora zabaltzea…
Baina ilargiak ez zuen sekula etsi, bazekielako iritsiko zela egun bat, non biek elkar ikusi ahal izango zuten, eta ez lurraren alde banatatik. Horregatik, gau eta egun munduari biraka jarraitzen zuen itxaropenik galdu gabe eta tarteka eguzkiak lurraren beste aldetik bidaltzen zizkion keinuen indarrez baliaturik, amets egiten zuen biak elkartuko zituen eklipsearekin”.

Hauxe izan da gaur gauean gure semetxoari kontatu diodan ipuina. Gazteegia da ezertaz ohartzeko, baina aitatxo noiz itzuliko den galdetzen didan bakoitzean, nire malkoak eta haren dudak goxatzeko aurkitzen dudan era bakarra da. Gainera, bera ohartzen ez bada ere, bere aitari buruz aritzen natzaio.
Oroitzen al duzu zenbaitetan xuxurlatzen zenidan belarri ertzera zure ilargitxoa nintzela? Gogoan al duzu zenbat bider erantzun nizun nire egunak argitzen zituen eguzkia zinela? Eta hala izaten jarraitzen duzu. Bion artean lurra bezalako oztopo handi bat jarri duten arren.
Ohean sartu eta zure hutsunea besarkatzen dudan aldiro, neure buruari ere ipuin bera kontatzen diot, sinetsi nahi dudalako helduko dela zu oso-osorik besarkatzeko eguna. Badakizu zu urrezkoa zaren gisan, ni ez naizela zilarrezkoa, ez zure argiaren islaz ez bada.
Baina jakizu, bitartean gauero ez, baina astero jarraituko dugula semeak eta biok mundua ez, baina kilometroak zeharkatzen zure izpiak gugan sentitu ahal izateko, eta egunero saiatuko naizela zure nortasuna islatzen semeak presente izan zaitzan.
Eta tarteka, ilargia bete sentituko da erdia falta bazaio ere, begirada gaziek bustitako eskuek elkar ukitzean, kristal lodiaren alde banatan bada ere. Eta amesten jarraituko dut, zure argia barrote itzalik gabe islatu ahal izango dudan egunarekin, eklipsearen egunarekin.
Bitartean, zilarrezko muxu bat bidaliko diot nire urrezko eguzkiari.
Eklipsearen zain, zure ilargi begi urdina.

 

Gazte onenaren saria:

Lizarra basarriko Iturbe ta Elosatar Ascensio: Iñaki Etxeberria

Amasa, 1847ko maiatzaren 12an
Zugastitar Gregoria Vicenta maitea:

Gaztela aldeko paraje haietara urte luzez izanagatik bidaliya, mutil koxkorrak giñanetikan ni fraide izan nedin irrika biziz baitziran erriko erretore-jaun ta sendiya, eztet gau bakar batez ere lokartzerikan izan zue irrifarre goxua irudikatu gabe. Baserriko kutxa zarretik amai lapurtua niyon herriko festetako argazki batian, ixkiñ ixkiñian bada re, azaltzen dezun arpegi alayak egun goibelenetan de gorputza pozkirriz betia nendukan. “Estudiyante tunante” izan nendin alegiñak gutxi egin etzituan arren batek baino geiyok, eninduan iñortxok e arri gorrezko lau pareten arteko kartzelian sartua izan nuan arren apaiz-eskola artan; ne goguak, arri pila artatikan iges egin eta irudimenakin dantzan bainerabilkiyen, aidian.
Olako gixako lanetan jardunikan buru naiz biyotz, alperrik ibili izandu zitzaiyan apaizgai-eskolak ematen zittuan fraide-zuzendari jauna, apaiz formaziyua jasotzen geratutzeko eskatuaz. Oi bai, ulertu okerrik egon ez dedin, esan biarrian naukazu, familiyagandik dotriña ondo ikasiya neukanik, kristautasunan jarraitzaile sutsu nauzula bataiyoko lenbiziko sakramentutiken. Oi dala ta re, zu bezelako neskatilla zintzuakin ezkontzekoak izan dittut orañ arteko nere biyotzan burutaziyo danak: Jaungoikuakin bateatze ua baño ardura atsegiñagoa baitaukat iruditua.
Urtiak juan ala, Jaungoikua zu ahaz niezazun ekiñian izan detan arren, ondo goguan dittut zu ikustian izaten nittuan lotsa-goritasun danak. Izan e, zaillegia baitzaio oroimenai olako sentipenak deuseztia. Ondo goguan det, urrutira juan gabe, jatenak ittetikan etxeaka jute giñanian nolatan jardute nuan zuen baserriaka beida, zu an ingurutiken sumatze ote ziñan begik kendu gabe. Geiyenian beintzat, ordia, zue gorputz lirain ua ikusteko tarte gutxi izate zuan ne biyotzak, ta alakotan mintzurri gorri bat sartze zitzaitan erro-erroraino. Jakiñikan iya alperrikan artutzen nittuala olako jardunak, eun batez eo beste ikusitzeko aukera txikiyen bat izanez geo, ziaro txokoloturikan jartzen nitzan, itzaletan dagon oillanda baino re mozolotuo. Ordun izate nittuan aittan sesiyo ta errietaikan geyenak, laneako gauza de enitzala geldittutzen bainitzan; burua korde eneukala moduban, kiriyuak dantzan.
Ortaz, arima bea de matxinatuikan nakala, onbesteko burutaziyo ta irrikakin, azkenian onea etortzia beste erremediyoik etzula kontuatu nitzan. Errialde  aundiyenetako barberu izan bae re, banekiyen ne gogu auldubak ze nolako botika klase biar zuan, ta ala, berriz e aberriaka bueltatzia erabaki nuan. Sendi guziya ne etorkizunagatikan etsita geldittu dan arren; nik baakit sabela bapo bete ta re, ondoreneko pentsakerakin, barrua lasai ez eukitziak samin mingots bat edatu ditala korputz guziyan ziar. Izan e, maite detana maitatutzian ne izate osua eskañi oi baitet, ez dezaket aukera biyotzak deutsana munduko eriyorik okerrenetan okerrenak erasota re: zuekiko maiteñiña goizaldeko intza belarretan baño re batuo baitaukat biyotzian.
Ola ba, aittortuikan naukazula goitik bera maitasun ardotan mozkortuik, jakiñ miñ bortitz batek nauka, erraiyetaiño, gau ta egun, gauza ez naizela utzik. Hemendik eta aurrea bizitzakin ekiñian ibiltzeko gai izango banaiz, erantzuiyozu gizon gaixo oneri: zu bezelako neska gaxtiak ba al daukan ezkontzeko lanetan asteko asmoik.

Zue erantzunan zai naukezula,
Besarkada aundiya,
Lizarra basarriko Iturbe ta Elosatar Ascensio.
 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!