Postontzia: "Aita gogoan"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 27a, 13:09

Zer zeneukan jakinarazi zizutenean lur jota geratu zinen. Ez zuen asko iraun, hala ere, egoera animiko horrek, laster hasi baitzinen agintzen zizuten guztia betetzen: dieta jarraitu eta pasieran ibili. Hobetzen joan zinen, dena ondo zihoala zirudien, baina iraila heldu zenean itzaltzen hasi zinen: fede osoa zeneukan gaixotasuna gainditzeko itxaropenez, baina guztiok eta zu zeu ere ohartzen ginen dena ez zihoala ondo bidean.....

Nahiz eta zuk hala nahi ez izan, nekea sumatzen zenuela, gehiago egunetik egunera. Halako batean ospitalean eduki behar izan zintuzten, aurreko hilabeteetan hainbat alditan bezala, baina oraingo honetan ez zinen jaitsi beheko solairura.
Ostiral batean, gauez, zure ondoan egon eta gero, inoiz jaso nahi ez nukeen deia heldu zitzaidan. Joana zinen, betiko atsedenaren bila. Atsegabe handiz egin nuen negarra, eta zu ikusteko prestatu nintzen. Hurrengo egunean tanatoriora abiatu ginen, gaubeilan egoteko. Lo zeunden, bazirudien edozein unetan esnatuko zinela eta txantxetan hasiko zinela, betiko moduan. Ez nuen handik urrundu nahi, zurekin egon nahi nuen baina haurrengana joan behar nuen zaharrenari behintzat zer gertatu zen eta zergatik egun haietan ez zinen beraiekin egon azaltzeko.
Igandean azken agurra eskaini genizun, denok zure bidelagun sentitzen ginen egitekoa zenuen bidaia luze horretan. Ez zen inor falta, denok eman nahi zizuten azken agurra. Babestu egin gintuzten eta kontsolamendua eman, lur jota gera ez gintezen. Eskerroneko sentitzen gara denek ere orduan eskaini ziguten berotasunagatik.
Bost hilabete bete dira utzi gintuzunetik; oraindik ezin dut ahaztu zure-zurea zen alaitasun hori. Zure txantxak sentitzen ditut faltan, zure haserreak, zuk ematen zenidan guztia. Oso gogoan zaituzte haurrek ere, oso gogoan eurekin hainbeste jolasten aritzen zen eta edonora eramateko beti prest zaltzen zen guztizko Aitona. Denok zaitugu gogoan, eta oroimenean eramaten zaitugu egunero; egoera batek, ekintza batek… edozerk zu gogora ekartzea eragiten digu unero.
Maiz, amets berbera izaten dut: kalean oinez noala, kantoi batera iristean zu agertzen zara. Irribarre egiten didazu eta zure bilobengatik galdetzen didazu; ondo dabiltzala eta zurekin egoteko gogoa daukatela erantzuten dizut nik. Gero, alaitsu esnatzen naiz, baina ohartzen naiz ez zela erreala egoera hori, dena amets hutsa zela eta inoiz ez zaitudala ikusiko; tristetu egiten naiz eta konturatzen naiz zuk eman diguzun guztia ontzat hartu behar dudala, eta zurekiko oroimen atseginaz edozer gauza gainditu ahal izango dudala.
Inork ez bezala egin zenuen borroka gaixotasuna gainditzeko, fede osoa zeneukan onik aterako zinela, baina patuak nahi izan zuen hilabete gutxiren buruan asmo onak denak hankaz gora jartzea. Inoiz izan ahal izan dugun senarrik, aitarik eta aitonarik hoberena izan zara, beti edukiko zaitugu oroimenean.
Kontua okerrera joan zen eta sei hilabetez ondo, erdipurdi eta gaizki egon ondoren, iritsi zen inoiz nahiko ez genukeen agurra. Esan nizun bezala, aita: aingeruak ez dira hiltzen, eta zuk beti zainduko gaituzu.

 

BEATRIZ PAGOLA • ANDOAIN

Miguel Mari Pagolaren alaba

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!