Urnietan lau eliza erabiltzen dira ezkontzetarako, San Miguel parrokia, Salesiar ikastetxeko eta Presentacion de Mariako elizak eta Azkorteko ermita. 2008. urtean lau eliz horien artean 14 ezkontza izan ziren guztira. Ramon Igerategiren esanetan aurten ere antzeko zenbakiekin bukatuko da urtea.
Ezkontzeko eguna aukeratzeko orduan lehenengo lana jatetxea aurkitzea izaten da. 2008. urtean 40 bikotek aukeratu zuten Urnietako Oianume jatetxea beren ezkontzako banketea egiteko. Normalena tokia urtebete aurretik hartzea dela diote.
Udaletxean ezkontzen direnak ere badira, baina zalantzarik gabe aukerarik erabiliena epaitegian ezkontzearena da. Aiurrik maiatzean epaitegian ezkondutako urnietar bikote bat elkarrizketatu du.
Francisco Javier Prado Subiza Donostian jaio zen 1967ko ekainaren 9an. Iazko azarotik bizi da Urnietan. Lope Lavado Dominguez, Caceresko Montanchez herrian jaio zen 1946ko azaroaren 3an. 38 urte badira Urnietan bizi dela.
Nola ezagutu zineten?
Lope Lavado: Duela 25 urte Donostian elkar ikusi bezain azkar sortu zen zerbait. Hitz egiten hasi ginen, elkarrekin kafetxo bat hartu genuen eta gaur arte.
Noiztik bizi zarete elkarrekin?
F.Javier Prado: Azarotik, ni alokairuko etxe batean bizi nintzen eta bere ama hil ondoren jarri ginen elkarrekin bizitzen.
Nola eraman duzue horrenbeste urtetan aparte bizitze hori?
L.L.: Amak gurea ulertzen zuen, baina berak ez zuen nahi gu ezkonduta etxean bizitzerik, eta guk errespetatu egin genuen. 90 urterekin irailean hil zen eta adin horrekin normala denez berak lehengo sinesmenak zituen.
F.J.P.: Ondo eraman dugu, asteburuetan elkar ikusten genuen eta hona etortzen nintzen, bere amarekin ondo moldatzen nintzen.
Noiz ezkondu zineten?
F.J.P.: Maiatzaren 16an Urnietako epaitegian. 22 lagun gonbidatu genituen, gehiagok ere etorri nahi zuten baina guk gertuenekoenekin ospatu nahi izan genuen. Hiru urte inguru izango dira gay ezkontzak onartu zirenetik, pribilegiatu batzuk gara, munduan zehar oso toki gutxitan baitaude oraindik onartuta.
Zer moduz Urnietan?
L.L.: Nire kasuan 38 urte daramazkit hemen eta beti oso ondo hartu nau jendeak baina oraingoan harrituta geratu naiz. Ezkontzen ginela jakindakoan jende guztiak zoriondu gaitu, ez nuen pentsatzen horrenbesterako izango zenik. Donostian ezkontzeko asmoa genuen, pentsatuaz hemen ez gintuztela ezkonduko, eta baietz esan zigutean ez genuen zalantzarik izan. Epaitegiaren atarian jende ugari bildu zen gu zoriontzeko, egun zoragarria izan zen.
Zergatik ezkondu zarete?
L.L.: Alde batetik, legalki dena ondo lotuta edukitzeko, baina batez ere elkar maite dugulako. Bestela, ezkondu izanak, aurreko 25 urteetan izan
dugun harremana ez du aldatu.
Noiz konturatu zineten zuen homosexualitateaz?
F.J.P.: Nerabezarotik, eta etxean ez nuen arazorik izan, ondo hartu zuten lehenengo unetik.
L.L.: 15 urterekin etorri nintzen Euskal Herrira, ordurako konturatzen hasia nintzen baina ez nion garrantzirik ematen, beste garaiak ziren, gai hau oso ezkutuan eramaten zen. Gero emakume batekin ezkonduta, oso gustura, oso ondo bizi nintzen baina emaztea gaixotu zenean, eta bera falta zitzaidanean agertu nintzen benetan nintzen bezalakoa. Duela 23 urte hil zen.
Beraz emakume batekin ezkondutakoa zara?
L.L.: Bi seme ere baditut. Emaztea hil aurretik 12 urtez egon zen gaixorik. Erruz maite nuen eta errespetatu egin nuen. Hil baino hiru urte lehenago berari azaldu nion nolakoa nintzen, ordurako ingresatua eta nahiko gaixo zegoen. Semeekin ere bildu eta esan nien nolakoa nintzen, baina ama errespetatuko nuela bizi zen arte. Batek nahiko ondo ulertu zuen baina besteak ez.
Bukatzeko, ezkontzera animatuko zenituzkete zuen egoeran daudenak?
F.J.P.: Elkar maite badute, jendearen esanei kasurik egin gabe munduko naturaltasun guztiarekin ezkontzeko esango nieke.
L.L.: Gay izan edo ez, ezkontzera animatzeko esango nieke denei. Oso polita da konpromiso hau hartzea.