Elkartasunak oporrik ez udan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 27a, 13:06

Hadda, 12 urteko haur sahararra Urnietara dator uda Ines Malmierca eta bere sendiaren etxera igarotzera. Azken urtea du gure artean. Uztailaren 11rako guztia prestatzen dabiltza Ines eta bere senitartekoak.

Prestakizun egunak izango dira honakoak. Nola bizi dituzue?
Ines Malmierca Benito: Orain ondo. Baina lehen urtean ez dakizu, ezin moldatu Haddak beharko zuena erosten... Halere urte hartan, oinetakoen zenbakia, arroparena… Dena apuntatua utzi nuen. Hurrengo urtean taila bat gehiago hartzen nion. Trikimailu hori dut.

Egoera berrira egokitzea, urtetik urtera errazagoa izango da?
I.M.B.: Egun, ez zaio ezer kostatzen. Lehen urtean ordea bai. Ura amaituko zaiela pentsatzen dute. Ispilu baten aurrean jarri eta bere burua lehen aldiz ikusi zuenean jarri zuen aurpegia gogoan dut. Bestalde, lehen urtean, Andoaingoekin biltzen ginen, saharar haurren taldearekin. Baina gerora, hemengo herritarrekin zergatik ezin zuten integratu pentsatu nuen. Urnietako Gizarte Zerbitzuekin hitz eginda, ordutik  ludotekan parte hartzen dute.

Aurten ere, Eguzkitan Blai ekimenean parte hartuko dute Urnietara datozen bi neska sahararrek?
I.M.B.: Urtero. Ekimena amaitzen dutenean, denak batera jaia egin eta oso ondo pasatzen dute. Bestela, ezin dituzte elkarren ohiturak ezagutu.

Zergatik erabaki zenuten haur saharar bat ekartzea?
I.M.B.: Etxean denon artean hitz egin arren, erabakia bereziki nirea zen. Haur saharar bat ekartzean, lehen urtea izan ohi da txarrena. Pertsona batzuekin asesoratu nintzen. Aldaketa hain da handia. Hadda lehen urtean, lau kilo gizendu zen, nik berriz beste hainbeste galdu nituen. Baina bere zoriontasun aurpegiak asko balio du.

Haddak zer dio Saharan duen bizimoduz?
I.M.B.:  Oso ondo bizi dela. Hilabete bat hemen eta bestea han egingo luke. Sahararekiko lotura handia dute. Pentsa, kanpoan ikasten duten hemezortzi urteko gazteak, asko gerora kanpamenduetara itzultzen dira gurasoak zaintzera. Haur hauek gabezia materialak dituzte, baina afektiborik ez. Euren sendi eta jaioterriarekiko maitasun eta lotura handia dute. Pentsa, maitasunak gosea bera ere ordezkatzen du, edo haren hutsunea betetzen du. Bestela, ez dute ezer. Bertara bidalitako laguntzarekin bizi dira.

Zuek ere Saharan egonak zarete. Zer harrera izan duzue bertan?
I.M.B.: Hirutan egon gara. Pentsa haiek nola bizi diren; lurrean lo egin behar da, zortzi egunez ezin garbitu, zuk eramandako janaritik jan behar... Janaria eramateko joan izan gara senarra eta biok. Batzuetan bi beroki jantzita daramatzagu, janari gehiago eramateko. Baina haiek oso esker onekoak dira. Duten gutxia beti emateko prest daude. Oso borrokalariak dira.

Donostiara datorren haur bat familia harreragilerik gabe dago. Nola animatu jendea “Oporrak bakean” ekimenean parte hartzera?
I.M.B.:  Esperientzia hau bizitzera animatuko nuke jendea. Haurrak gehiago emango du, haiek baino. Esperientzia bizi behar da. Baina kontuan izan, bolondres lana egin behar dela, beraz eman egin behar dela. Baina zoriontasun aurpegiak gainerakoa konpentsatzen du. Guretzat alaba bat gehiago da.


Familia harreragile bat behar da
Udan Donostiara etortzekoa den gaztetxo saharretako batek, oraingoz ez du familia harreragilerik. Urnietan, prest dagoen sendiarik baldin badago, Gizarte Zerbitzuetara deitu besterik ez du; 943 008 349.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!