Fernando Petrina urnietarra Donejakue bidean aditua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 27a, 13:05

Jose Fernando Petrina Alonso 1949ko martxoaren 19an jaio zen Donostian. Alde Zaharreko San Bizente elizako koruan kantatzen zuen oso umetatik eta koru hartako Jose Manuel Susteta gazteak ume haiek asteburuetan mendira eramateko konpromisoa hartu zuen. Orduan egindako  txangoak ez ditu ahaztu eta zaletasuna gaurdaino mantendu du. 1973. urteaz geroztik Urnietan bizi da.

Noiz egin zenuen zure  lehenengo Donejakue bidea?
Fernando Petrina: Bi biloba ditut eta lehenengoa jaio zenean berari eskainitako zerbait egitea polita izan zitekeela pentsatu nuen. Eta horrela egin nuen 2002. urtean. Gero bigarrena etorri zen eta berriro egin beharra neukan, bi bilobak elkarrekin hasarretu ez daitezen, eta 2006an egin nuen bigarrenez.

Eta orain 60 urterekin hirugarrenez egitera abiatu zara.
F.P.: 60 urteak ospatzeko ekainaren 10ean abiatu nintzen beti bezala Orreagatik. Atarrabian, Garesen, eta Urantzian lehenengo hiru gauak pasata, ekainaren 13an Logroñora iritsi nintzen. Bigarren egunetik orpoan mina sentitzen hasia nintzen baina berotzean pasa egiten zitzaidan. 14an Logroñotik abiatu nintzen, baina Navarreten, 12 kilometro egin ondoren minak hor jarraitzen zuen eta bertan behera uztea erabaki nuen. Etxera etorri naiz eta hanka ondo sendatzean Logroñora joan eta Santiagora artekoa egingo dut.

Bakarrik joaten al zara?
F.P.: Lehenengoan bakarrik egin nahi nuen, eta bakarrik abiatu nintzen, baina bidean egindako lagunekin azken egunean mahaian 18 lagun bildu ginen bazkaltzera. Alemanak, brasildarrak, Madrilekoak... 18 horietatik birekin oraindik lagun izaten jarraitzen dut. Urtero elkartzen gara Errioxan asteburu bat elkarrekin pasatzeko. Oraingoan ere bakarrik egin nahi nuen, baina azkenean ez zaizkizu kontuak ateratzen. Batzuetan esan behar izaten dut: bakarrik joan nahi dudala! Erritmo berdinean joango dena topatzea zaila izaten da eta onena bakoitza bere martxan joatea da.

Zure kasuan “bidea behin egiten duena itzuli egiten da” dioen esaldia bete egiten da.
F.P.: Bai bideak “harrapatu” egiten zaitu.
Zerk “harrapatzen” zaitu?
F.P.: Nire kasuan fededuna naiz. Badago turismoa egiteagatik edo abentura bila doanik ere. laugarren edo bosgarren egunetik aurrera hasten zara hiritar edo urbanita ez izaten, konturatu gabe mundu guztiz ezberdin batean zaude, beste bat zara eta horrek bete egiten zaitu. Adibidez, beste edozein egunetan kasurik egingo ez zeniokeen lore sinple batek txunditu egiten zaitu, esanahi berezia du momentu horretan.

Zein izaten da unerik edo lekurik hunkigarriena?
F.P.: Ez dago leku bati lotutako une berezirik, edozein unetan bizi dezakezu esperientzia hunkigarri bat, Santiago bera oso hotza da erromesarenaren harrerarako, asko ikusten ohituta daude nonbait. Adibidez Logroñon erromes ugari ikusten ohituta egonik ere jendeak kalean kasu egiten dizu, “animo, peregrino” eta horrelakoak esanez. Beste gertutasun bat erakusten dute.

Nolakoa da bideko egun arrunt bat?
F.P.: Nire kasuan 4:00ak edo 4:30ean jaiki, garbitu, kafetxo bat hartu eta martxan jartzen naiz. Egunean egin nahi dudan distantzia ondo kalkulatuta izaten dut, horrela goizetik bi herenak egiten ditut, bazkaldu, askotan zutik eta zerbait arina, arratsaldeko 4ak alderako aterpera iristeko. Arropa garbitu, dutxatu, eta 8ak arte herria ezagutzeko tartea hartzen dut. Beti izaten da zerikusia. Bertako jendearekin hitz egiten dut.

Denak ez dira ibiliko erritmo horretan?
F.P.: Ez, batez ere Galizian, han aterpe guztiak doanekoak dira. Bost edo sei kilometroro  badago bat  eta gazte batzuk eguneko bost kilometro horiek bakarrik eginez oporrak bidearen kontura egiteko aprobetxatzen dute, eta benetan bidea egiten ari garenok batzuetan lotarako lekurik gabe uzten gaituzte, aterpera lehenago iritsi direlako.

Eta bidea egitean “La Compostela”?
F.P.: Lehenengo agiria eskatu behar da abiapuntuko aterpetxean, nire kasuan Orreagan.  Agiri hori eraman behar da aterpeetan lo egin ahal izateko, eta haietan seilua jartzen dute. Ez da beharrezkoa baina badaude pasatzen diren aterpe guztietan seilua jartzen dutenak. Santiagoko katedralera iritsitakoan bidea egin duzula erakusten duen agiria erakutsi eta “La Compostela” dokumentua ematen dute. Hori lortzeko oinez edo zaldiz doazenak gutxienez azken 100 kilometroak egin behar dituzte eta bizikletan doazenak azken 200 kilometroak.

Diru iturri ere bada bide hau...
F.P.: Esaten da Santiagoko urte santuetan, eta datorren urtean da hurrengoa, Galiziak mariskoaren salmentarekin baino diru sarrera handiagoa izaten duela Donejakue bidearekin. Baina ez Galizian bakarrik, bidean zehar, batez ere Gaztelan badaude herri txiki batzuk bidea bertatik pasako ez balitz, honezkero hutsik egongo liratekeenak.

Beste bideak ere badira...
F.P.: Bai, kostakoa bat eta Arabako edo barruko bidea bezala ezagutu eta Urnietatik pasatzen dena bestea. Ez dakit nola dauden aterpe eta azpiegitura aldetik. Ez dakit nik egiten dudana onena edo txarrena den, baina nik ezagutu egiten dut.

Uda honetan bidea egin nahi duenarentzat gomendio batzuk emango al zenituzke?
F.P.: Lehenbailehen ibiltzen asteko bost bat kilometroko etapak eginez, pixkanaka gehituz, eta egunetik egunera motxilan pisu handiagoa jarriz. Urnietan prestatzeko oso toki ona daukagu, Leizotzetik barrena Leitzaranen sartu eta maldarik igo gabe kilometro asko egiteko aukera ematen du. Donejakue bideak aldapa asko ditu Nafarroan; Leonen ere igotzen da 1.440 metrotara dagoen Cruz de Hierro famatua, Orreagatik abiatuz gero bideko punturik altuena.

Eta zer eraman behar da motxilan?
F.P.: Gomendatzen da norberaren pisuaren %10eko pisua baino karga handiagoa ez eramatea, eta zaila da. Lo zaku arin bat aterpetxean tokirik ez denerako, mudak, ahal bada bakarra, toailaren ordez, spontex bat, galtzak, ahal bada motzak eta bi pare baino gehiago ez... dena neurtu beharra dago. Karga arintzeko hortzetako zepiloaren heldulekua moztu zuen bat ezagutu nuen.

Likidoak edatea ere garrantzitsua izango da?
F.P.: Kantinplorak beti beteta egon behar du. Nafarroan iturri asko dago, Errioxan hasten dira gutxitzen eta Burgostik aurrera dardarka jartzeko modukoa da, urrezko legea da kantinplora ahal den leku guztietan betetzea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!