Musika, antzerkia eta dantza saio ugariz osatuta aurreko bi asteetan Kultur Hamabostaldia burutu ondoren pasa den larunbatean ospatu zen Egape ikastolan ikasturte bukaerako jaia.
Irakasle, guraso eta ikasle askoren inplikazioa eskatzen duen jai erraldoia eguraldi bikaina lagun zela eta parte hartze handiarekin burutu zen. Goizean pilota txapelketak eman zion hasiera eguneko ekitaldien sortari. Goiz osoa iraun zuten kanporaketetan adinaren arabera egindako taldeetan ikasle ugarik parte hartu zuen. Aurpegia makilatzeko aukera edo Aitor Valverde espezialitateko Euskadiko txapeldunaren begiradapean egindako mahai teniseko txapelketa ere izan zuten aukeran, horretarako jarritako lau mahaietan. Hala ere zalantzarik gabe, goizeko ekintzarik arrakastatsuena apar-jaia izan zen, Joxe Mari Miranda suhiltzaile herritarrak ikastolako futbol zelaia aparrez bete zuen bertaratu ziren umeen gozamenerako.
OMENALDIA Arratsaldeko egitarau zabalari umeek eskainitako jaialdiak eman zion hasiera. Eguzki galgatan egindako emanaldia urtero bezala koloretsua suertatu zen. Jaialdiaren baitan unerik hunkigarriena ikastolan 25 urte bete dituzten irakasleek jasotako omenaldia izan zen. Anjela Barandiaran, Marijo Pagola, Antton Jauregi eta Mikel Agirregomezkorta izan ziren aurtengo omenduak. Gurasoentzako antolatutako mus eta toka txapelketek jarraipen handia izan zuten, eta interes handia piztu zuten pilota txapelketako final saioek, bertan partida borrokatu baten ondoren Ander Oiarbide eta Aritz Lizaso izan ziren txapeldunak. Egape dantza taldekoek ez zuten hutsik egin etxean, eta pilotalekuan saio polita eskaini zieten bertara hurbildutako ikusle ugariei. Ondoren, urteroko legez, DBHko ikasketak amaitu eta ikastolari agur esan dioten 30 ikaslek diploma eta oroigarri bana jaso zuten Manu Marias bertako zuzendariaren eskutik. Afariak, ondorengo bingoak eta Naima talde hernaniarrak alaitutako dantzaldiak eman zion bukaera goizaldeko ordu bata jota aurtengo jaiari.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!