Rosa Saralegi

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 22a, 13:29

Pello Errota ikastetxeko guraso elkarteko kide da Rosa Saralegi. Ekainaren 26an, haurren egunerako, egun osoko egitaraua antolatu dute urtero bezala.

Badatoz Sanpedroak…, gogotsu?
Gainean dira jaiak eta gogo handia daukat, umeengandik batez ere. Dagoeneko hazten ari direnez, guk ere gehiago disfrutatzen dugu jaietan.

Egun osoko egitaraua osatu duzue ekainaren 26rako. Zehaztuko al duzu zer antolatu duzuen?
Jaietako lehen eguna izango da haurrena. Lehenik eta behin, krosa antolatu dugu goizean: adin ezberdineko haurrek hartuko dute parte herriko erdigunea zeharkatzen duen lasterketan. Amaieran, domina bana jasoko dute parte hartzaile guztiek; irabazleek kopa ere bai. Segidan marrazki lehiaketa izango da, iaztik gaia librea delarik. Opari modura, marrazketarako materiala emango zaie bazkalaurretik. Bazkaria plazan izango da eta ondoren, puzgarrietan ibiltzeko aukera izango dute haur eta gaztetxoek. Poxpolo eta Mokolo-ren eskutik, antzerkia izango da gero eta meriendarekin amaituko da txikienei zuzendutako eguna.

Nola antolatzen zarete hainbeste ekintza bideratzeko?
Gastu guztiak Udalak ordaintzen ditu, gu eguna antolatzeaz arduratzen gara. Gurasoak elkartu eta lanak banatzen ditugu gure artean. Eskolako guraso elkartean ez dauden herriko gurasoek ere asko laguntzen dute. Elkarlanean aritzen gara eta oso ondo moldatzen gara, ederki pasatzen dugu guk ere. Oso egun polita izaten da. Haurren eguna astean zehar izatea oso egokia dela uste dut: kanpoko jende gutxiago izaten denez, lasaiago ibiltzen gara guztiak.

Parte hartze aldetik zein giro sumatzen duzu jaietan?
Herritarrek jaietan parte hartzen dutela uste dut. Egunean zehar jende asko ibiltzen da; gaueko parrandan gutxiago ibiltzen garenez, ezin esan. Herri afaria, esaterako, oso jendetsua izaten da eta oso giro polita sortzen da. Haurrei -herrian parte hartu behar dutela jabetzeko- giro hori erakutsi egin behar zaiela uste dut.

Sanpedrotako zein beste ekintza duzu gustuko?
Haurren pilota partidak oso politak izaten dira ikusteko. Bestalde, baita iaz berreskuratu zuten Dantza-soka ere. San Pedro eguna oso gustuko dut: giro polita izaten da. Bertako herritarrek parte hartzen duten ekintzak antolatzen dira eta giro ona sortzen du horrek.

Zer behar da herriko jaiak onak izateko?
Herritarren parte hartzea ezinbestekoa dela uste dut. Jaiak antolatzeko bileretara oso jende gutxi gerturatzen da eta gero kexatzea da errazena. Jaietan ekintzaren bat egitea nahi izanez gero, bileretara joan egin beha da. Jaietako egitaraua antzekoa izaten da urtero; bileretara jende berria etorriko balitz, ideia eta proposamen berriak egongo lirateke.

Eguna ala gaua nahiago?
Momentuz, eguna.

Jaietan jateko? Eta edateko?
Festa giroan, modu informalean jatea gustatzen zait: plater konbinatuak, esaterako. Edateko, berriz, sagardoa edo txakolina.

Parrandarako konpainiarik onena?
Ni oso dantzazalea naiz eta, parranda ona egiteko, lagunak aukeratuko nituzke.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!