Laket taldearekin, plazarik plaza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 22a, 13:27

Bederatzi urte zituela hasi zen Maitane Aierza gaztea trikitixa jotzen. Ekainaren 30ean herriko jaietan izango da bere taldearekin, jai egitarauari amaiera alaia emateko prest.

Noiz hasi zinen trikitixa jotzen?
Sei urte nituenean joan nintzen lehendabiziko aldiz Martin Aginalderengara, trikitixa ikasten hasi nahi nuelako. Txikiegia nintzela esan zidan eta bederatzi urte inguru nituenean itzultzeko. Indar pixka bat behar da soinua jotzeko, eta sei urterekin oso zaila da. Bitarte horretan, euskal dantzak ikastera joaten nintzen eta txapelketatan ere parte hartu nuen. Hamabi urte inguru nituenean dantza utzi eta trikitixari eustea erabaki nuen. Martin Aginalde eta Kristina Solano izan ditut irakasle. Oraindik ere, askotan biltzen naiz Kristinarekin abestiak osatu edo trikitixaz hitz egiteko.

Nondik datorkizu zaletasuna?
Gurasoak oso trikitizaleak dira eta txiki -txikitandik bizi izan dut giro hori. Gurasoek egindako ahaleginari esker ari naiz trikitixa jotzen. Kotxerik ez nuen garaian, haiek eramaten ninduten batetik bestera, erromeria edo txapelketatan parte hartzera, eta asko eskertzen diet ahalegin hura. Familiako gainerako kideei ere asko gustatzen zaie trikitixa. Nire aitonaren aurrean lehendabizikoz trikitixa jo nuenean, negar malkotan egon zen.

Nolako ibilbidea egin duzu trikitixarekin?
1997an egin nuen lehendabiziko plaza, Ataungo Aiorarekin. Horren ondoren, txapelketetara bideratu genuen gure bidea, nahiz eta erromeriaren bat ere egiten genuen. Beti izan dut argi ez nuela lau pieza ikastera mugatu nahi eta duela lau urte taldea osatzea erabaki genuen Aiora eta biok. Bajua, kitarra, bateria…, pixkanaka, instrumentuak sartzen joan ginen eta duela hiru urte osatu zen Laket taldea. Plaza asko egin dugu. Gainera, bi kantu grabatu ditugu azken asteotan, bi ekimen ezberdinetan parte hartzeko. Batetik, Goierriko Hitzak diska bat kaleratuko du sorreraren urteurrena ospatzeko eta parte hartzeko eskatu digute, bestetik, Galtzaundik kaleratuko duen beste diska batean ere gure kantu bat sartuko dute. Oso pozik gaude.

Zer eman eta zer kendu dizu trikitixak?
Oso gustukoa dut trikitixa eta oso ondo pasatzen dut erromeriatan. Jende asko ezagutzeko aukera eman dit. Lotura ere sortzen du, entsaioak egin beharra, nekea, lagunekin egon ezina…, baina gustuko tokian, aldaparik ez.

Bereziki gustatzen zaizun plazaren bat ba al dago?
Plaza guztiek dute bere xarma. Egia da lehen festa giro handiagoa sortzen zela jaietan, baina zenbait tokitan oso ondo zaintzen dute hori. Esaterako, erromeria txoznen inguruan jartzen bada, jendea bertan geratzen da, tabernetara joan gabe. Hori gertatzen da Andoaingo Santakrutzetan edota Alegiko festetan, esaterako. Bestalde, ikusleen gustuei egokitzen ere jakin behar da. Adinaren arabera, momentuaren arabera, pieza ezberdinak aukeratzen ditugu.

Herriko jaietan parte hartuko duzue. Nolako aurreikuspenak dituzue?
Poza ematen du herrian jotzeak. Taldearekin ez dut inoiz hemen jo, eta ez dakit jendearen harrera nolakoa izango den, gogoz nago.

Festetako ekitaldi gehiagotan parte hartuko al duzu?
Herriko musikarien biran parte hartzea gustatzen zait, baina azken urteotan ezin izan dut eta aurten ere ez dut uste aukerarik izango dudanik. Koadrilen eguna ere asko gustatzen zait.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!