Jai Batzordea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 22a, 13:26

Asteasuko Kultur Etxeko arduraduna da Maite Iraola eta beste hainbat arduren artean, berak bideratzen du jai batzordearen kudeaketa ere.

Herriko jaien antolaketa lanen inguruan, egitarauari begira, aurtengorako proposamen berri askorik ez dagoela aipatu du Maitek. “Ideia eta proposamen ezberdinak jasotzeko, festa batzordeko bilerarako dei irekia egiten da herritarren artean. Jasotzen diren proposamen horiek aurrekontuaren edo egokitasunaren arabera onartzen ditu Udaleko festa batzordeak. Egia esan, aurtengo jaietarako ez dago proposamen berri askorik. Oro har, prestakuntzan herritarren parte hartzea ez da izugarria izaten, baina ekitaldietan jendeak erantzun egiten du gero”.
Urteroko ekintzak antolatzen, Udaleko ordezkariekin batera, Aitzondo elkarteak, Aitzondo txirrindulari elkarteak eta Pello Errota ikastetxeko guraso taldeak hartzen du parte. “Gurasoen esku geratzen da haurren eguneko kudeaketa lan guztia. Aitzondo elkarteak bi ekitaldi antolatzen ditu urtero: pala txapelketa eta herri kirolak -nahiz eta aurten ez den herri kirolik izango-. Aitzondo elkarteak, berriz, hamaiketakoa ematen du jubilatuen egunean. Bestalde, beti egoten da jendea hainbat ekintza antolatzeko prest. Esaterako, koadrilen eguneko jokoak”.

Krisiak eraginik ez
Urtez urte antzeko ekintzak errepikatu arren, jaietan ondo txertatutakoak dira eta hitzordu horiek aldatu edo egitarautik kentzea ez da erraza, Maiteren ustez. “Badira hainbeste urtetan errepikatzen diren ekitaldiak, inork proposatu ez arren, kenduko bagenitu seguruenik jendeak faltan botako lituzkeenak. Askotan esaten da festak betikoak direla, baina zer kenduko genuke? Inork ez du egitarautik ekintzarik kendu nahi. Azken urteetan hainbat ekintza berri ere sartu da; pixkanaka finkatzen doaz eta horiek ere euren tradizioa hartzen ari dira”. Krisialdi ekonomikoak hainbat herrietako jaiak antolatzerakoan eragina izan badu, ez da Asteasuren kasua, “krisiak ez du jaien antolakuntzan eraginik izan; festa batzordearen aurrekontua mantendu egin da eta aurreko urteetako bideari eutsi diogu aurten ere”.

Parte hartzea
gora
Azken urteetan, ekitaldietan herritarren parte hartzea gero eta handiagoa dela azpimarratuko luke Maitek. Musikarien kalejira, esaterako. “Duela hainbat urte txistulariak hasi ziren ekimenarekin eta orain, txistulariekin batera, kantariak, trikitilari eta pandero-joleak nahiz musikari gehiagok ere hartzen du parte. Oso ondo txertatuta dagoen ekintza da. Urtean zehar ikasitakoa edo lehendik dakitena azaltzeko tartea bilatzen dute eta oso positiboa dela uste dut”. Kirolean ere parte hartze hori indartu egin dela adierazi du. “Herriko pala txapelketaren finala, esaterako, jaietan jokatzen da eta gauza bera haurren esku pilota txapelketaren kasuan ere. Lehen ez zen horrelakorik egiten. Ona da ohitura horiek mantentzea”. Dantza-soka ere aipatu du. “Iaz, urte askotako etenaren ondoren, berreskuratu egin zen Dantza-sokaren ohitura. Gastu handirik egin gabe, herriko jendearen emanaldiarekin ikusmira jarriko da. Herriko jaiek alde horretatik hartzen dute garrantzia”.

Izugarrizko festa lekua
Herrietako festak behera doazela entzun izan da hainbat kasutan. Asteasukoen kasuan, azken urteetan berdin mantendu direla adierazi du Kultur Etxeko arduradunak. “Gure aurrekoek Asteasu izugarrizko festa lekua zela esaten dute, ikaragarrizko jende piloa aritzen zela plazan dantzan. Azken urte hauetan Asteasuko jaiak ez dira erreferentzia izango -bateko edo besteko Sanjuanak bezala, esaterako- baina, berdintsu mantentzen direla esango nuke. Herritarrez gain, eskualdeko jende ugari etortzen da”.

Bertsolariak pilotalekuan
Beste hainbat ekintzekin batera, bertsolariek tradizio handia dute Asteasun, “Aspaldiko urteetan, formatu berari eutsiz antolatzen da bertso saioa. Lehen plazan egiten zen, baina pilotalekua berritu zenetik, hantxe egiten da. Nik uste emanaldia askoz ere osatuagoa eta hobeto ateratzen dela; ez bertsolarien lanagatik, inguruagatik baizik. Entzulea ere erosoago egoten da eta kanpoko hotsak saihesten dira. Aurten, Asteasuko bertso eskolako irakasle Amaia Agirre izango da gai-jartzailea eta bere laguntzarekin antolatu dugu saioa. Aspaldian festen hasierako ekitaldia izaten zen arren, aurten San Pedro egunean jartzea erabaki dugu, gauez”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!