Herritarren iritzia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 22a, 13:25

Sorginaren jaitsierak iragarriko du San Pedro jaien hasiera. Hortik aurrera, hainbat ekitaldi izango da guztien gozagarri. Musika, haurrentzako jolasak, kirol ekitaldiak, herri afaria…, gustuko dituzten ekitaldien inguruan aritu dira adin ezberdineko bost herritar.

1- Herriko festak gertu daude, gogoz al zaude?

2- Zein da gehien gustatzen zaizun ekitaldia?

3- Zein ekintzatan hartuko duzu parte?

Ane Iraola

 1.    Festetarako gogoz nago, oso ondo pasatzen dudalako lagunekin eta familiakoekin.
 
 2.    Sorginaren jaitsiera  gustatzen zait bereziki, goxokiak banatzen dituztelako. Egun polita izaten da. Haurrentzat antolatzen dituzten ekintzak ere gustuko ditut, puzgarriak, batez ere.
 3.    Marrazketa lehiaketan parte hartzeko asmoa dut, beste urteetan ere parte hartu izan dut eta oso gustura aritzen naiz. Goitiberak ikustera ere joango gara eta gaueko musika saioak ikustera ere joateko asmoa dut. Umeentzako ekintzak asko gustatzean zaizkidanez, horietan ere parte hartzera animatuko naiz.

 

Andrea Iraola

 1.    Festak iristeko desiatzen nago, oso gustura ibiltzen naiz ekitaldi ezberdinetan.

 2.    Sorginaren jaitsiera da gehien gustatzen zaidana. Goxokiak botatzen ditu eta jaien hasiera iragartzen duenez, poza ematen du. Goitiberak ikustea ere gustatzen zaigu eta gaueko musika saioetara gerturatzea ere bai.

 3.    Nik, ahizpa bezala, marrazketa lehiaketan parte hartzeko asmoa dut. Horrez gain, koadrilen bazkarira edo herri afarira joatea gustatuko litzaidake.
Beste urteren batean gurasoekin joan izan gara ahizpa eta biok, baina aurten ez dakit joaterik izango dugun.

Alberto Hernandez

 1.    Festa giroa beti izaten da gustagarria. Asteasun bizi izan naiz urte askotan eta orain Amasa-Villabonan bizi banaiz ere, gustuko ditut Asteasuko jaiak.
 
 2.     Aurtengo egitaraua ez dut oraindik gehiegi begiratu, baina orokorrean, koadrilen eguneko giroa gustatzen zait bereziki: elkarrekin egoteko eta jai giroaz gozatzeko egun polita izaten da. Saiatuko naiz etortzen.

 3.    Lanean arituko naiz eta zaila izango zait ekitaldietan parte hartzea, hala ere, herrira etorri eta jai giroan murgiltzeko aukera badut, hemen izango naiz. Kirol ekintzatan baino gehiago, gau giroko parrandan parte hartzeko ohitura handiagoa dut.

Marcia Toscano

 1.    Jaiak iristeko gogoa dut, baina ezingo ditut gehiegi gozatu, tabernan lanean arituko naizelako.

 2.    Bederatzi urte daramatzat Asteasun bizitzen eta Sanpedroetan gehien gustatzen zaidana herrian sortzen den giroa da. Gauean plazan izaten diren dantzaldiak ere politak izaten dira. Hala ere, beti tokatu zait lan egitea eta ezin izan ditut asko gozatu.

 3.    Aurten ere lanean arituko naiz eta ez dut parte hartzeko aukerarik izango. Tabernan lan handia izaten da egun horietan eta buru-belarri aritu behar izaten dugu. Pena pixka bat ematen du jaiez ezin gozatuak, baina lanerako ere garai ona izaten da.

Begoña Mujika

 1.    Jaietarako gogoa ez da falta izaten, baina denbora falta zaigu. Gure etxean festazaleak gara eta Sanpedroak iristeko gogoz gaude.

 2.    Giroa pizten duten ekitaldiak gustatzen zaizkit, herritarren parte hartzea bultzatzen dutenak. Adibidez, herritarren arteako herri kirol saioak giro ona sortzen du. Horrez gain, trikitixa, hamaiketakoak eta antzekoak ere politak izaten dira. Bestalde, esku pilota partida on bat falta dela iruditzen zait.

 3.    Lana dela eta, ezingo dut ekitaldi askotan parte hartu, baina etxekoek ondo aprobetxatzen dituzte jaiak. Haurrak batera eta bestera ibiltzen dira egun osoan zehar.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!