Sanjuanetan kontzertua eskainiko dute. Halere, bira berriari azken lana esku artean dutenean ekingo diote, udazken aldera. Jai hauetakoa, datorrenaren aurrerapena izango da. Aro berriari ekin diote.
San Juan jaietan emanaldia eskainiko duzue. Aire berriekin al zatozte?
Aitor San Sebastian: Fase bat amaitu dugu. Disko berri hau grabatu baino lehenago, taldean aldaketa batzuk egin genituen. Formakuntza berria, estilo eta disko berria… Kontzertu hau aro berri honetako lehen emanaldia izango da. Baita diskoa atera aurreko lehen kontzertua ere.
Zuen lan berriak zer dakar?
A.S.S.: Aurrekoarekin alderatuta, zuzenean jotzera bideratuagoa den diskoa dela uste dut. Aurreko diskoa lasaiago edo sakonagoa zen, hau mugimendu handiagokoa da. Disko zuzenagoa eta erritmo aldetik, apur bat arinagoa. Lan ona egiten saiatu gara, eta lortu dugula uste dugu.
Natural Project musikalki, zer modutan defini dezakezu?
A.S.S.: Aldaketak txikiak izan arren, beti esentzia bat izan du. Elementu elektronikoak beti erabili izan ditugu. Orduan, horrek beti eman izan dio bere ukitua. Halere, esentzia galdu gabe, aurrerapen bat egon da. Nonbait kokatzeagatik, nik tekno, pop eta rock alorretan kokatuko nuke. Hiru adar horien arteko nahasketa gisa definituko nuke nik.
Itzalan jo zenuten. Nolakoa izan zen aro berri honetan publikoarekin izan zenuten lehen hartu-eman hura?
A.S.S.: Itzalakoa lehen proba txiki bat izan zen. Han lau abesti soilik jo genituen. Sanjuanetako emanaldia luzeagoa izan arren, ildo beretik joango da.
Hemendik aurrera, nolako ibilbidea jarraitzea nahiko zenukete?
A.S.S.: Ikusteke dago. Aro berri bat da, ez bakarrik taldea aldatu delako. Orain arte egon garen konpainiarekin ez gaudelako eta momentuz behintzat, guztia guk egiteko erabakia hartu dugulako. Diskoa geronek ekoiztu eta grabatu dugu. Nolabait esateko, orain guztia geure esku dago; kontzertuak hitzartzea, diskoen banaketa… Nahi duguna, diskoa kaleratu, ahalik eta jende gehienarengana heldu eta edozein taldek nahi duen bezala, gure musika jendeak entzun eta partekatzea da. Garrantzitsuena orain bizitzen ari garena eta bizitzeke duguna da.
Apustu handia, ezta?
A.S.S.: Bai, baina gaur egun aukera garrantzitsuena hori da. Masterra toki batzuetara bidaliko dugu, aurreikuspen handiegirik gabe. Talde gehientsuenek orain apustua bide horretatik egin behar dute. Egun, Internetekin taldeek aurrera jarraitzeko aukera dute. Bestalde, oso zaila da egun inork taldeen aldeko apustua egitea. Alde horretatik gogotsu gaude, behin ere ez dugulako halakorik egin. Orain gu izango gara egindakoaren arduradun.
Udan zehar, Natural Project ikusi eta entzuteko aukera izango al da?
A.S.S.: Prozesu guztia apur bat luzatu egin da, horregatik udako oporraldia igaro arte ez dugu diskoa kaleratuko. Udan beste emanaldi pare bat eskainiko dugu, baina udazken aldera diskoarekin batera gehiago izango dira.
Diskoa udazkenean kaleratu baino lehen, Andoaingo publikoaz ez zarete ahaztu halere…
A.S.S.: Guretzat aukera ona zen. Hasiera batean, lan berria jada esku artean izatea espero genuen. Kontzertu erreferente bezala genuen Sanjuanetakoa. Disko berria izan gabe ere, herriko festak direnez, eta emanaldia eskaintzeko baldintzak ere dezenteak zirenez, aukera baliatu nahi genuen.
Natural Project-ekoak Sanjuanetarako zer plan duzue?
A.S.S.: Unean unekoa. Aurten asteburuan egokitzen denez, gure emanaldiko egunez gain, beste egunetan dauden kontzertuak eta ekintzak ikusi eta parrandaren bat edo beste egingo dugu.
Andoain musikalki bizirik dagoela, argi geratzen ari al da?
A.S.S.: Bai noski. Beti egon da bizirik eta hor daude adibideak. Estilo aldetik ere, aniztasuna dago eta nik uste poztekoa dela. Batzuetan belaunaldi aldaketa apur bat luzatu egiten da. Urte batzuetan talde asko osatu izan da, beste batzuetan ez hainbeste. Baina badira lokaletan elkartzen diren taldeak. Musikalki oso bizirik dago Andoain. Ez bakarrik rock estiloetan, banda bera ere hor dago.