Juantxo Arregi, esker ona

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 22a, 13:11

San Juan eguna hurbil dugu jada eta berriz ere gure Axeri Dantza dantzatzeko aukera izango dugu. Lerro hauekin batera, eskerrak eman nahi dizkiet liburuxka egin zuten guztiei eta baita lehengo urtean Axeri Dantza egunean egindako omenaldian parte hartu zuten guztiei ere.
Ustekabean harrapatu ninduen, ez nuen espero, baina esan beharra daukat asko gustatu zitzaidala eta oso zoriontsu sentitu nintzela.
Izugarrizko pena eman zidan ezin parte hartu izanak, bezperan izandako istripu baten ondorioz, baina aurten parte hartzeko irrikitan nago eta aldi berean erreleboa beste norbaiti pasatzeko asmoa…
35 urte daramagu San Juan egunean Axeri Dantza dantzatzen eta gogoan ditut hasieratik bukaera arte bertatik pasatako pertsona guztiak . Niretzat  oso aberasgarria izan da guztiekin egon izana. Hasiera oso polita izan zen, Andoain herrirako berreskuratutako dantza bat izan zelako eta gertakizun hura aprobetxatu beharra zegoen. Gaur egun ere nire ustez polita izaten jarraitzen du.
Urte  hauetan guztietan pertsona askok hartu du parte Axeri Dantzan eta gaur egun neska eta mutilez osatutako oso talde ona dagoela pentsatzen dut, urtez urte San Juan eguneko dantza hau aurrera eramateko. Ni behintzat oso pozik nago eta beraiengan konfiantza osoa dut. Ezin naiz txistulariez ahaztu, entsaiotan nahiz San Juan egunean egiten duten lanagatik, hauek gabe ezin izango litzateke aurrera eraman hainbeste urtetan gure Axeri Dantza. Bixente Olano ere oroimenean dut, berari esker, berreskuratu baikenuen dantza, gure lagunak diren Adunako Faustino eta David-en bitartez.
Besterik gabe, zuen lagun Juantxo Arregiren partetik eskerrak guztioi.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!