Andoaingo konpartsa, kaleak alaituz berriro

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 22a, 13:10

Aurtengo Sanjuanak ekitaldiz beteriko egitaraua ez ezik bestelako berri pozgarririk ere badakarte besapean: konpartsaren berzpiztea.

Kalean izango ditugu buruhandi eta erraldoiak berriro, zazpi urtean ahazturik eta hautsak zein hezetasunak ito beharrean egon ostean.  Herritar talde bat izan da beregain hartu duena konpartsari bizia ematea. Euskal kulturan hain errotuta dagoen tradizio zahar hori kaleak alaitzeko elementu ezin hobea dela pentsatuta, lanari ekin dio talde horrek. Deialdia zabaldu eta dagoeneko hogeita hamar lagun inguru bildu dira egitasmoaren baitan. Astean hirutan entsaiatzen ari dira, Ziakoko inguruan, Gudarien Etorbidean kokatzen den egoitzan.
Hasieratik ekimena bultzatu duten Kepa Sarasola eta Ion Iraolak adierazi duten bezala, “nahiko hondatuta zegoen materiala konpondu eta konpartsa plazara eramatea dira taldeak bere buruari jarri dizkion lehenbiziko bi erronkak”. Hori lortuta, barne dinamika finkatu eta Santa Kutzetan eta inauterietan ere parte hartzeko asmoa du taldeak. Gonbidapenak jasoz gero herritik kanpora ateratzea, hori hurrengo pausoa litzateke.
Larunbata, plazaratze eguna
Hilaren 27an, larunbata, aterako da kalera konpartsa. Arratsaldeko 18:00etan irten eta 19:30ak aldera amaituko du kalejira. Denbora horretan, Goikoplazatik Nafarroa Plazara bitarte dauden kaleetan barrena ibiliko da. Konpartsa osatzen duten erraldoiak, buruhandiak eta dultzaineroak batetik, eta ikusle gazte eta helduak bestetik, guztiek ere kalejira ikusgarria eskainiko dute larunbat arratsaldez.
Ekimenaren bultzatzatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte konpartsa begistatu eta berarekin une gozagarriak igaro ditzaten. “Konpartsa ez da soilik buruhandien eta haurren jolasa. Kultura berezi bat dago hor atzean, eta ikuskizun harrigarria eskaintzen du edonorentzat, begiak erne eta belarriak adi jartzen badira”.

1996an sortutako konpartsa
Andoaingo erraldoi eta buruhandien konpartsa 1996ko Sanjuanetan plazaratu zen lehengo aldiz. Makina bat entsaio egin eta xehetasun ugari lotu ondoren jarri zen martxan.
Kitto gazte elkarteak eraman zuen aurrera egitasmoa, Udalak eman zuen hiru milioi eta erdiko aurrekontuaz lagunduta.
Lehen-lehendik baziren erraldoi eta buruhandiak Andoainen, herrian bertan zenbait jaietan erabiltzen zirenak. Baina Kitto taldeak orduan adierazi zuenez, ez zuten pertsonalitaterik, pertsonaiak ez zuten Andoaingo historiarekin eta inguruarekin harreman handiegirik. Gainera, oso astunak ziren, ez zuten dantzatzeko balio eta zaharkituta zeuden.
Gauzak horrela, herriko historiarekin lotuta egongo ziren pertsonaiei bizitza ematea erabaki zuen Kitto taldeak. Erraldoiei zegokienez, izen handiko andoaindarrak hautatu ziren; hain zuzen, Azelaingo señoritoa, honen maitalea, Juan Legarra eta honen alaba. Buruhandiei zegokionez, berriz, Plazaolako trentxikiaren inguruan izan ziren ofizio zaharrengan pentsatu zen; alegia, meatzaria, olagizona, ikazkina, emakume estraperlista, makinista, geltokiko nagusia, mandazaina...
Bizitasun handia hartu zuen konpartsak zenbait urtetan. Nonnahitik gonbidatzen zuten, eta Andoainen ez ezik Euskal Herriko hainbat txokoetako kaleetan jardun zuen.
Urteak aurrera joan ahala, ordea, partaideak nekatu egin ziren eta lekukoa hartzeko inor aurkeztu ez zenez, bertan behera geratu zen konpartsa. Entsaioetarako egoitza Andoaingo erdigunetik urrun egoteak zerikusi handia izan zuen erabaki hori har zezaten.
Konpartsaren egitasmo berria hartu duen taldeak ez luke nahi horrelakorik errepikatzerik, eta ahaleginak egingo ditu egoitza herrigunean koka dadin. Taldearen ustetan, aldaketa horrek konpartsa bera herriarengandik hurbilago egotea erraztuko luke, eta besteak beste, entsaioak ere jendeaurrean egin ahal izango lituzke. Azken batean, konpartsaren kultura andoaindarrengan errotzea, hori litzateke azken helburua.

Taldeko lau kideren adierazpenak jaso dira ondorengo lerroetan:

Ibon Agirre
Polita zela konpartsarena, eta etortzeko gonbidatu gintuzten. Koadrilatik dezente etorri gara eta gustura gabiltza entsaioetan. Buruhandiekin ibili gara gu orain arte; horien barruan nola ibiltzen den ikusi eta sentitu dugu batez ere, eta egia esanda, ez da lan zaila. 10 kiloko zama dute, baina aisa eramaten dira.
Txikitan izututa ihesi ateratzen zen horietakoa naiz ni. Orain paperak aldatu egin dira, eta niri egokituko zait haurrak pixka bat izutzea. Hasi berri garenoi izugarrizko ilusioa egiten digu Sanjuanetan ateratzea konpartsarekin, eta saiatuko gara haurrek ere jolas moduan har dezaten.

Aitor Sarasola
Hasiera-hasierako konpartsan Xabier Urdanagarin eta hiru anaiok (Beñat, Iñigo eta hirurok) jardun genuen dultzainarekin. Ederki kosta zen martxan jartzea, urtetan zintzo ibili baginen ere, gero Andoaingo gunetik urrutira joan behar izan genuen entsaiatzeko, eta hor bukatu zen konpartsaren bizitza.
Gogoz etorri da gazte jendea oraingo honetan, eta poza ematen du. Dultzaineroentzat berezia da konpartsakide bezala musika jotzea kalez kale. Ni Irun eta Tolosako konpartsekin ere ateratzen naiz kalera, eta normalki baltsak eta kalejirako musika jotzen da.

Iker Egaña
Kepa Sarasolaren gonbidapenari erantzunez, Garikoitz, Atxur eta hirurok animatu gara konpartsara hurbiltzera. Auskalo zein izan den erabaki hori hartzeko arrazoia: haur txikien gurasoak garelako ala Andoaingo kultur bizitzari gure ekarpena eskaini nahi izan diogulako. Buruhandiak gazteagoei utzi dizkiegu, guk hirurok erraldoiei heldu diegu. Zama handia dute, baina sekretua oreka mantentzean dago. Badaramagu zenbait aste horiekin, eta abilezia hartzen hasi gara.
Belaunaldi ezberdinetako herritarren  artean zeingiro politasortu den ikustea pozgarria da, eta nik uste guztiok ere desiatzen gaudela kalera ateratzeko, plazak ematen baitizu konfiantza. Erraldoiaren bat lurrera erortzeko arriskuak baino, euriak ematen dit beldurra niri.

Beñat Toron
Koadrilako lau lagun etorri gara konpartsan parte hartzeko asmoz, Ion Iraolak horretara tentatu eta gero. Gauza berria da niretzat eta pentsatzen dut polita izango dela kalez kale ibiltzea. Asko ez dugu egingo, baina behintzat lehendik datorren ohiturari jarraipena ematen lagunduko dugu.
Erraldoiak probatu ditugu eta iruditzen zait, indarra edukitzea baino, katxarro puska horiek ondo kontrolatzea izango dela gakoa. Horietako bat hondatu baino, nahiago dut buruhandia hartu. Ikusiko dut aurrerago ausartzen naizen.
Gogoratzen naiz umetan zein une txarrak igaro arazten zizkidaten buruhandiek. Hori entzunda, baten batek pentsa lezake mendekua hartzera etorri naizela, baina ez da horrela. Umeak izutzen eta astintzen saituko gara, baina basakeririk gabe. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!