EA alderditik Alkarbidera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 20a, 13:25

Azken udal hauteskundeetan zerrendaburu aurkeztu zen Gabino Agudok Eusko Alkartasuna alderdia uztea erabaki du, hamalau urteko ibilbidea egin ondoren. Berarekin batera Alkarbide egitasmo berriaren alde egin dute Andoaingo EAko buruzagi guztiek. Hartutako erabakiaz eta etorkizun politikoari buruz hausnarketa eskaini dio Aiurri astekariari.  

Une zailak igaro dituzue, nola sentitzen zara orain?
Gabino Agudo. Ez da egoera erosoa. Urte luzeko prozesua izan da, hau ez da goizetik gauera gertatu den zerbait izan. Alderdi barruan korronte ezberdinak zeuden, bakoitza bere alde indarra eginez. Egoera bideratzeko saiakera asko egin dira, eta esango nuke saiakera gehienak Gipuzkoatik egin direla.
EAEko azken hauteskundeetan, bestalde, beherakada nabarmena jaso genuen. Hori aztertzeko egindako erreflexioan oso argi geratzen da zeintzuk izan ziren akatsak.
Azkenean alderdia uztea beste irtenbiderik ez zegoela ikusi dugu. Lan asko egin dugu Eusko Alkartasunaren barruan jarraitzeko. Egoera ezinezko bilakatu denean beste bide bat hartzea besterik ez da geratzen.

EA barruan ez zeundeten eroso, baina alderdi berriarekin aurrera egitea ez da batere erraza izango.
G.A.: Noski. Zalantza handiak daude. Alderdi baten barruan egotea herriaren alde lan egiteko baliabidea dela deritzot, horregatik sartu nintzen EAn orain 14 urte. Aurrerantzean ere gauza bera izango da, EA izan edo Alkarbide izan.
Ikustear dago zer nolako babesa izango dugun, gizarteak nola hartuko gaituen... Jakina da alderdi asko dagoela orain.

Andoaingo Alkartetxean eztabaidarik izan al da gai honen inguruan?
G.A.: Alderdi berria osatuko zela erabaki zenean batzarra deitu genuen Andoainen bertan eta, egia esan, ahobatez Alkarbideren alde egin genuen denok.
Garai batean Carlos Garaikoetxearekiko atxekimendua adierazten zuten alderdikide batzuei kosta egiten zitzaien alderdi barruko egoera ulertzea. Baina EAEko azken hauteskundeetako kanpainan argi ikusi zuten EAk aukeratutako bide hori ez zela egokiena.

EAko botuemaileei zer esango zenieke?
G.A.: Andoaingoei garbi esango nieke pertsona berdinak garela. Pertsonalki lehen bezala jarraituko dut, herriaren alde lan egiten eta posizio berean. Udalgintzan ez da inongo aldaketarik ikusiko, orain arte bezala lan egiten jarraituko dut ñabardura bakarrarekin: lehen EAko kide bezala aritzen nintzen, talde mistora pasa naiz orain.

Alkarbide sortu eta bi urte barru EAJrekin koalizioan joatea bateragarri al da?
G.A.: Bai. Eta zergatik ez? Gipuzkoan horren alde egin dugu maiz. Abertzaleen arteko bide hori jorratzen jarraitzea interesgarria da, ez da aukera hori baztertu behar.

Bestalde, askok uste dute EAJn amaituko duzuela. Zer erantzungo zenuke?
G.A.: Nik printzipioz EAJn sartzeko ez daukat inongo intentziorik. Harreman ona daukagu, haiekin elkarlanean aritzeko arazorik ez dugu. Hortik EAJren barruan amaitzearena... ezetz esango nuke.

Alderdi berri batentzat espaziorik dagoela uste al duzu?
G.A.: Zalantza handiak daude. Andoain herriari begira, garrantzia eman behar zaio pertsonari. Zein alderdietan dagoen baino gehiago, herritarrek hautagaiak nolakoak diren eta zer egiten ari diren baloratzen dute. Alde horretatik itxaropentsu nago.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!