Manttale egoera txarrean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 20a, 13:25

Gutxi dira Euskal Herrian Urnietako Adarra mendiak eta inguruko ondare megalitikoek adina bisita jasotzen duten mendi inguruneak. Ohikoa da Goiburu auzoko Besabi jatetxearen inguruak kotxez gainezka ikustea, kasu gehienetan hura baita Adarra jomuga duenarentzako abiapuntua.

Argazki sorta

Besabitik Adarrara abiatuta, berehala topatuko du ibiltariak Montefrio baserria, han egurrezko ataka batetik igaro ondoren maldari ekiteko. Bidezidorrak gorako joera etengabean eramango du pagadi, pinudi eta soilguneak tartekatzen dituen bideari jarraituz.
Belabieta errekara heltzearekin batera bi aukera daude, eskuineko malda gogor xamarra igo Xauxarko pagadira iristeko edo ezkerreko bidea hartu Manttaleko lepora iristeko. Biek Adarrara igotzeko aukera ematen badute ere, lehenengo bidea da erabiliena.
Manttaleko harkaitzpean, eta izen bereko elurzulotik gertu dagoen Manttaleko lepora Besabitik ordu erdiko bidea dago. Bertako pagadian duela urte dezente atsedentoki txukun bat eraiki zen, iturria, mahaiak, aulkiak eta aterpea, sukaldea eta ohatzedun gela batekin. Harriz egindako erakin sendoak guztiak ere.

Mendira ere mota guztietako jendea iristen da eta duela urte batzuetatik hona dena puskatzen eta hondatzen joan da Manttaleko atsedenlekuan. Ura zekarren hodia moztu egin zuten, aulki guztiak puskatu, harrizko mahaietatik bakarra geratzen da osorik; aterpea berriz, aspaldian sarrerako aterik gabe dago, eta inguruan dabilen ganaduaren babesleku izaten da eguraldi txarreko egunetan.

Toki paregabea zen lotara geratzeko, hamaiketakoa edo bazkaria egiteko edota besterik gabe kantinplora urez betetzeko, baina badirudi aspaldi honetan inori ez zaiola axola pixkanaka hondatzen uztea. Aterpeko ohatzeak aspalditik hondatuta daude eta lurzorua ganaduaren gorotzez beteta aurkitzen da. Eta okerrena dena, teilatua ere hondatzen hasia du, teila batzuk lurrean ageri dira eta estali gabeko lata-egurra usteltzen ari da. Epe laburrean erremediorik jarri ezean baliteke Manttaleko atsedenlekua betirako galtzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!