Joxe Mari Mujika “Anatx” bertsolari urnietarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 20a, 13:24

Joxe Mari Mujika Otaño, 1966ko uztailaren 6an jaio zen Goiburu auzoko Aritzolaborda (Anatx enea) baserrian. Bertako Pedro Joxe Mujika Bidegain eta Oztaran auzoko Agirieta baserriko Anttoni Otaño San Sebastianen lau seme-alabetatik gazteena da. Umetan hasi zen bertsotan, orain, plazak utzita, lorezaintza eta baso lanari lotua bizi da, tarteka lagunartean kantatuz.

Nondik datorkizu bertsotarako afizioa?
A.: Etxetik, aitona, aita, ama eta denak dira gure etxean oso bertsozaleak. Oso umetatik bertso zaharrak ikasi eta haiek kantatuz ibiltzen ginen gustura.

Bertsoak entzutera joaten zinen umetan?
A.: Orduan ez, baina gure etxean esaten dute, 12 edo 13 urte nituela Hernaniko eskolara bizikletan joaten nintzen garaian, eskolara joan ordez Ereñozuko jaietara joan nintzela bertsolariak entzutera.

Bertso girorik ba al zen eskolan?
A.: Arriatsuko auzo-eskolan ibili ginen, 12 urte nituela hura itxi zen arte. Orduan Hernaniko eskola publikora pasa ginen. Han Xabier Agirre izeneko maisu bat izan genuen, bera bertsozalea zen eta hark euskarako klasearen barruan errimak jolas moduan erakusten zizkigun. Han nintzela maistra bat jubilatu egin zen, eta hura agurtzeko, 13 urterekin, kantatu nituen lehen aldiz bertsoak mikrofono baten aurrean. Aurrez prestatutako bi edo hiru bertso ziren.

Hurrengo pausoa, eskolarteko txapelketa?
A.: Bai, 14 urterekin irakasle hark bultzatuta joan nintzen idatzitako bertsoekin; orduan bat-batean egin behar genuenik iruditu ere ez zitzaigun egiten.

Sarasua eta Euzkitze zure adin berekoak dira...
A.: Gu idatzitakoekin genbiltzan bitartean Sarasua hiru anaiek bat-batean bertsotan egiten zuten. Euzkitze eta ni beranduxeago hasi ginen, 15 urterekin. Egun berean hasi ginen, Arrasaten egindako eskolarteko txapelketaren kanporaketa batean.

Nola gogoratzen duzu egun hura?
A.: Oso urduri nengoen. Zer egin behar dut? galdezka. Ordurako bertso eskolan zebiltzan Sarasuatarrak eta beste gutxi batzuk kenduta, gainontzekoak modu berdintsuan genbiltzan. Nola edo hala bertsoak osatu genituen eta horrekin kontentu etxeratu ginen.

Noiz jarri zen martxan Hernaniko Bertso Eskola?
A.: 1981. urteko azaroan Amurizak ikastaro bat eman zuen Hernanin. Ehun lagunetik gora bildu ginen han. Bi hilabeteko ikastaroa izan zen, astean behin bilduz. Ikasi baino gehiago bidea jarri egin zen; bi hilabetetan ez da bertsotan ikasten baina girotzeko balio izan zuen. Handik hiru bertso-eskola sortu ziren, Tolosakoa,  Donostiakoa eta Hernanikoa.

Eta zuk Hernanikoan jarraitu zenuen...
A.: Bai, han aritzen ginen Iñaki Aranzadi apaiza, Juanjo Uria, Iñaki Otaño... Juanjo Uriarekin batera segituan hasi nintzen bertsolaritza erakusten Langile ikastolan. Nahiko lan izaten nuen, eskolan erdaraz ikasitakoa bainintzen. Ereñozun ondo hartzen ninduten, hangoa jende naturala zen; Langile ikastolan ere hor nonbait, baina Martutenera ere joaten nintzen, haiek pijoxeagoak ziren eta ume alu haiek nahiko barre egiten zuten nire kontura.

Bertso eskolako heziketa izan arren, jario zaharreko bertsolaria omen zinen?
A.: Eskolan ibiltzen nintzen baina ez dut uste askorik pegatu zitzaidanik, gehiago ibili nintzen berezko eta etxean ikasitakoaren bidetik. Bertsokera freskoagoa zen gurea, ateraldi gehiagorekin. Guk erantzutera gehiago jotzen genuen. Sarasua, Euzkitze eta horiek hizkuntza aldetik zuzentasuna bilatzen zuten, bertso handiak zituzten.
Helduen mailara pasatakoan ere hainbat txapelketetan ibilitakoa zara.
A.: Bai orduko ia txapelketa guztietan, Zarautzeko Lizardi, Gabiriako Osinalde, Zaldibiako Artxanberri, Errenteriako Xenpelar, Iparraldeko Hernandorena...

Zer nolako emaitzekin?
A.: Lizardi sarian finalista izan nintzen 1883. urtean bertan, 1984an bertso onenaren saria eman zidaten, eta 1985ean txapeldunorde izan nintzen. Tartean hor ibiltzen ginen. Bagenekien bi edo hiru gu baino hobeak zirela, eta bertsotan garai hartan gozatu egiten nuen.

Eta 1989. urtean Euskal Herriko txapelketara?
A.: Hori gauza serioagoa zen. Ez naiz inoiz izan txapelketako bertsolaria. Baina gero hor plazan ibili nahi baldin baduzu, ikusi, entzun egin behar zaituzte. Tranpolin horretara joan beharra dago. Eta behin han, putzura ondo egiten duzu salto edo bazterreko pareta jotzen duzu. Txapelketan nork bere buruarekin jipoi handia hartzen du.  

“Egun txarra” askotan izan al zenuen?
A.: Txarrak askotan izaten du egun txarra.

Zergatik utzi zenituen plazak?
A.: Gero eta gehiago exijitzen zitzaigun, konturatzerako umeen txapelketetatik maila oso altuan egotera pasa nintzen. Beno, ez dakit igo nintzen edo igo ninduten, eta ingurukoak bertsotan erraz aritzen ziren bitartean, ni ezinean aritzen nintzela ikusi nuen. Horrela asko sufritzen da.
Noiz utzi zenuen?
A.: 1994. urtean. Batetik eta bestetik deitzen jarraitu zuten, batzuetan asko kostata ezetz esan beharra izan nuen. Poz handia ematen du zutaz gogoratzen direla ikusteak, baina ezezkoan jarri nintzen nire buruari esanaz: “honek bukatu egin behar du”.

Eta gerora?
A.: Lagun arteko afarietan, gabonetan Urnietan, eta bertso idatziak ere eskatzen dizkidate ezkontzetarako eta. Askorik ez, baina bat edo beste idazten dut.

Nola ikusten duzu egungo bertsozaletasuna?
A.: Bertsolariak ugaritu eta kalitatez hobetu diren bezala zaletasuna beheraka joan da, lehengo bertso gose hura ez dut ikusten. Ez dakit zer pasa den, gu aritzen ginen garaian, gure eskasean, edozein egunetan jende mordoa biltzen zen entzutera.

Txirrita, garaiko kronista zela esaten da, nola ikusten dituzu gaurko bertsolariak?
A.: Edozertarako gaitasuna dute. Ikaragarrizko maila dute, ezin hobeto prestatuak daude. Edozein ume bertsotan entzun eta konturatzen zara denetatik badakiela.

Gogoko bertsolariak?
A.: Egaña, Xebaxtian, Mendiluze, Maialen, Amets, Irazu...mordo bat dago oso onak direnak.

Zer esango zenioke bertsolari izateko ilusioa duen umeari?
A.: Etxean dauzkat, eta jolasteko, dibertitzeko esaten diet, neuk ere modu horretara hartu nuen. Eskolarteko txapelketetan eta buruhausterik ez ibiltzeko, gozatzen saiatzeko. Gure zaharrena izan da aurten eta oso gustura etxeratu zen bere 13 urterekin bertsoa osatu zuela esanez. Gustatzen bazaio bera etortzen da bertsoa, ez da erotu behar.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!