Olatz Odriozola urnietarra mendi bizikletan Euskadiko txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 20a, 13:20

Andoaingo Ciclos Patxi taldeko txirrindulari urnietarrak pasa den igandean Euskadiko txapelketa eskuratu zuen, Tolosan eginiko lasterketan.

Euskadiko txapelduna zara, zer nolako inpresioa daukazu egindako balentriaren inguruan?
Olatz Odriozola. Oso gustura eta pozik nago. Banekien aukera asko nituela baina lortu arte borrokatu behar da.

Nolakoa izan zen proba? Urduri al zeunden?
O.O.: Tolosako zirkuitua gogorra da. Igoera askorekin, jaitsiera nahiko teknikoa eta oso azkarra da. Normalean oso urduri jartzen naiz karrera guztietan, eta Tolosan ere hasieran urduri nengoen baina lasterketan aurrera joan ahala lasaitzen joan nintzen, nire erritmoa hartu eta gustura ibili nintzen. Nire aurkariak lasterketetan atera ohi diren guztiak dira, berdin zait zein mailatakoa den, nik ahal badut aurreratu egiten ditut. Neskei dagokienez egun horretako aurkaririk gogorrena Ana Yunta izan zen, izan ere aurreko urtean berak irabazi zidan esprintean Euskadiko Txapelketa.

Euskadikoa bai, baina Gipuzkoako txapelketa ez da egin. Ez zaizu oso gustura sumatzen horrekin...
O.O.: Ez nago batere gustura, ez. Izan ere Gipuzkoako txapelketa Tolosan bakarrik egin zitekeen, aurten Gipuzkoan ez baita beste karrerarik egingo. Eta Gipuzkoako federazioak emandako arrazoia da ez omen duela MTB-an interesik. Niri penagarria iruditzen zait.

Itxuraz, erraz gailentzen dituzu aurkariak. Baina pentsatzen dut denak bezala sufritu egin beharko duzula ezta?
O.O.: Noski sufritzen dudala. Karrerak irabazteko sufritu beharra dago, hemen ez du inork deus oparitzen.
Zergatik ez da emakume gehiago gerturatzen BTTra?
O.O.: Ni neska guztiak animatzen saiatzen naiz karreretan parte hartzera. Zaila da neska bat bere kabuz kirol hau egiten hastea, arriskutsua eta gogorra ikusten dute. Kirol gogorra da baina probatzeak merezi du.

Denboraldi honetarako zein erronka duzu?
O.O.: Erronka Euskadiko Txapelketa irabaztea zen. Ondoren, uztaila hasieran Berrizen Espainiako Openean parte hartuko dut eta ea bertan ondo ibiltzen naizen. Euskadiko Maratoi Txapelketa ere irabazi nahiko nuke. Eta Espainiako Txapelketan egoteko asmoa daukat, ea onenekin lehiatzen nola ibiltzen naizen.

Kirola egiteaz gain lan egin beharko duzula pentsatzen dut.
O.O.: Goizez eta arratsaldez egiten dut lan, beraz eguerdiro entrenatzen dut. Normalean astean behin edo bitan atseden hartzen dut, beste egun batean karrera eta gainerakoan, eguneko 1h 45 minutu inguru entrenatzen dut. Probarik ez dudan asteburuetan entrenamendu luzeagoak egiteko aprobetxatzen dut.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!