Santio jaiak, gero eta gertuago

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 18a, 20:16

Festa batzordeak dagoeneko bideratu du aurtengo Santio jaietarako  egitaraua. Ohiko ekintzez gain, berrikuntzak ere izango dira.

Uztailaren 24an, kirol probekin eta suziri jaurtiketarekin emango zaie hasiera aurtengo jaiei. Ohi bezala, lehen gauean afari herrikoia, danborrada eta dantzaldia izango dira plazan. Santio eguna diana eta sokamuturrarekin esnatu eta gero, egitarau zabaleko arratsaldeko Euskal jaia izango da azpimarragarriena: Zanpantzarrak, Dantza-Soka, sagardo eta pintxo dastaketa, Herria kantuz ekimena, Landa aita-semeekin erromeria eta zikiro afaria. Gauean belaunaldi ezberdinetako musikariekin trikiti maratoia egingo da. Uztailaren 26an, herriko taldeen emanaldiak nagusituko dira: Oinargi dantza taldea, trikiti txapelketa, Eresargi abesbatza… Besteak beste, Malkar nahiz Onddo taldeek eta hainbat gurasok elkarlanean haurrentzako jolasak bideratuko dituzte. Gauean, Anje Duhaldek kontzertua eskainiko du plazan. Uztailaren 27a, berriz, atseden eguna izango da: egun zuria egitarauan, ekintzarik gabea, krisi ekonomikoak Udalean ere izan duen eragin nabarmenaren adierazgarri.

Koadrilen eguna, 30ean
Uztailaren 28rako ekintza mordoa bilduko duen Gazte eguna antolatu da: Batukada, bazkaria, kontzertuak, afaria… Egun berean txekorra eta sagardoa eskainiko zaizkie herritarrei eta antzerkiak ere izango du tarterik, haurrei nahiz helduei zuzendutako bi antzezlanekin. Bigarrena, Hutsunea betez herriko emakume taldearen eskutik. Biharamuna jubilatuen eguna izango da eta, besteak beste, mus txapelketa, pilota partidak nahiz haurrentzako Euskaraokea ere izango dira. Oinkari dantza eskolak emanaldia eskainiko du gauean Arroan. Uztailaren 30ean izango da Koadrilen egun handia; eguraldiak lagunduz gero, Etxe-Ondoko bazkaria izanik erdigunea. Kalejira Incansables txarangarekin egingo da eta Bidez Batez taldeak eutsiko dio giroari dantzaldian. Bertsolarien eta Zezen suzkoaren txanda ere gau berean izango dira. Diana eta sokamuturrarekin ekingo zaio uztailaren 31ri. Jolas parkea eta urteroko Hazparne-Villabona errebote partida entzutetsua izango dira goizean zehar. Arratsaldean, txirrindulari lasterketa eta herri kirolak. Gauean rock maratoia. Tartean, jaiak agurtzeko, erroskilaren errausketa. Dudarik gabe, herritarren parte hartzea ezinbestekoa izango da jaiei giro ona gehitzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!