Errespetuan oinarritutako boxeoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 18a, 20:15

Duela zazpi urte etorri zen Vladislav Maruha Moldaviatik Amasa-Villabonara. Oso gustura bizi da hemen eta gaztetxotatik landu duen kirola erakusteari ekin dio herrian.

Moldavian boxeoan aritzeko ohitura handia dago; ni hamabi urte nituela hasi nintzen. 18 urterekin gure herriko txapelketa irekia irabazi nuen baina, bizitzeko dirua behar zenez, lehia utzi eta lanean hasi nintzen”. Gaztetxoak entrenatuz eutsi zion, ordea, boxeoarekiko loturari. “Hogei urterekin 8 eta 14 urte bitarteko gaztetxoak entrenatzen hasi nintzen”. Garai batean, Euskal Herrian ere boxeoan aritzeko afizio handia zegoela badaki Vladislav-ek, “denborarekin galdu egin zen zaletasun hori eta berriro indartzea zaila den arren, saiatu egingo naiz”, adierazi du.

Errespetua oinarri
Duela hilabete inguru, ostiral arratsaldetan boxeoa irakasten hasi da Olaederra kiroldegian, bere borondatez. “Oraingoz zazpi bat lagunek osatutako taldea etortzen da, gogo handiz etorri ere”. Proba egin nahi duen orori zuzenduta, ateak zabalik daudela esan du, “ikasleak gaztetxotan hartzea gustatzen zait niri, zortzi urte inguru dituztela. Nik ez dut aurpegian jotzen irakasten, gaztetxoa hezten ahalegintzen naiz: lagunekin nahiz familiako kideekin jarrera ona izaten erakusten diet”. Egungo bizimoduan boxeoa arriskutsua izan daitekeela jakitun, hainbat azalpen ematen die ikasleei; “lehenengo egunetik argi eta garbi adierazten diet hemen ikasitakoak ez direla inori kalterik egiteko erabili behar; soil-soilik egoera txarren baten aurrean defendatzeko erabil daitezkeela kalean. Ikasleren batek ikasitakoa min egiteko baliatzen duela jakingo banu, ez nioke gehiago eskoletara etortzen utziko”. Vladislav-ek ikasle bakoitzaren jarraipen pertsonala egingo duela aipatu du, gurasoekin nahiz irakasleekin hitz eginez. Gaztetxoei portaera egokiak erakutsi behar zaizkiela uste du, “hainbat gaztek guraso eta pertsona helduekiko erakusten duen jarrera ikusita, errespetuzko jarrera erakutsi behar zaiela uste dut. Pertsona guztiak errespetatzea da niretzat garrantzitsuena. Lehenengo burua erabiltzen irakatsi behar da, muskuluak bigarren mailakoak dira”.

Boxeo klasikoa
Boxeoa azkarrenak irabazten duen jokoa da Vladislav-entzat. “Boxeo klasikoa irakasten dut: kirol modura, joko modura, ez borroka modura. Ikuskizun onak eskaintzea da helburua, ez odolik erakustea. Jende askorentzat kirol bortitza den arren, ikasten den moduaren araberakoa da. Ondo erakusten ahalegintzen naiz ni. Ikusleak zein ondo mugitzen den esan dezan”. Euskal Herrian zehar badaude boxeoa lantzen duten taldeak, “nire ikasleak ikasten hasi berri-berriak direnez, hasieran ez dugu inolako emaitzarik izango baina, denboraren poderioz, beste talde batzuekin lehiatzea gustatuko litzaidake”. Ikasle berriak bide onean doaz irakaslearen esanetan, “hiru ikasle oso maila polita lortzen ari dira. Hiru horietako bi etorkinak dira, eta pena ematen dit horrek. Bertako jende gehiago etortzea nahiko nuke”. Orain artean ez da neskarik agertu, “Moldavian neska ugari entrenatu izan dut eta hemen ere, ateak zabalik dituzte. Kirolean ez dago neska eta mutilen arteko desberdintasunik”.

Entrenamendu gehiago
Ostiraletan ez ezik, astelehen eta asteazkenetan ere entrenamenduetarako lekua lortu nahi du Vladislav-ek ,“astean behin elkartuta baino gehiago aurreratuko baikenuke”. Entrenamenduak bideratzeko laguntza eske ere badabil. “Inguruko lantegi eta saltokietan materiala eskatu dut. Krisi egoeran, ordea, ez da erraza; eta etorkina izanik, are eta zailagoa”. Ikasleei mugimenduak pixkanaka irakasten jarraitzea da bere asmoa, teknika ona ematea.

Herrian oso gustura

Maxola tabernaren ardura duen familia oso gustura bizi da Amasa-Villabonan, “zazpi urte daramagu bertan bizitzen eta inola ere ez ginateke lekuz aldatuko. Herriko giroa gustatzen zait eta jende asko ezagutzen dut” azaldu du Vladislav-ek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!