Banatu dira Leyçaur 11ko bekak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 18a, 20:13

Eman dira jakitera dagoeneko Andoaingo historia ikertzeko bekak. Udal artxibategiak antolatzen du beka banaketa hau eta Rosa Ayerbe eta Josu Chueca historialariek osatu dute aurtengo epaimahaia.

Bost historia ikerlari izango dira beka jasoko dutenak. Lau euskaraz dira (2.900 euro) eta bakarra gazteleraz (2.300 euro). Honakoak dira egileak eta beren lanak: Saioa Artiach Camacho abadinoarra, “Errentamendu kontratua Andoaingo historian (XVII-XIX. mendeak)”; Pedro Berriotxoa Azkarate urretxuarra, “Nekazal mundua mende aldaketan (XIX-XX)”; Ezekiel Collantes Gabella andoaindarra, “Arkitekturaren moldaketa programatikoa: Laborde Hermanos-etik Kultur Parkera (1928-2002)”; Peio Urrutia Ochoa irundarra, “Docemil uno: apuntes para el final de una década (1966-1970)”; eta azkenik, Xabier Lasa Bergara andoaindarra, “Oroimenaz mintzatzen diren Andoaingo bazter zokoak”.


Artxibategiko langile Karmele Otaegi gustura azaldu da deialdiak izan duen erantzuna ikusita. “Zortzi proiektu aurkeztu dira eta datu hori pozgarria da azken urteetako joera bestelakoa izan baita. Bestalde, pena ere ematen digu hiru proiektu kanpoan utzi behar izan direlako ezinbestean. Horien egileak guk geuk animatu genituen deialdira aurkeztera, proiektu txukunak zeuzkatelakoan”. Hizkuntzarena ere nabarmentzeko datutzat jo du Otaegik. “bostetik lau euskaraz egingo dira; ez da ahaztu behar epaimahaiak ez duela kontuan hartzen zein hizkuntzatan datozen, proiektuak hautatzerako garaian”. Beka hartzaileek 2010eko martxoa baino lehenago idatzi beharko dute ikerlana. Horiek guztiak Leyçaur 11 zenbakian argitaratuko dira, 2010eko abenduan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!