Irusta, Andoaingo historian barrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 18a, 20:12

Lantegitik erretiroa hartu duenetik historiagintzan murgilduta dabil Juan Mari Irusta Orbegozo. Andoaingo eskopeteroak eta Nemesio Olariaga ikertu ditu oraingoz.

Bat baino gehiago harrituko zen zu horrelako saltsetan sartuta ikusita...
Bai noski. Egia aitortu behar bada, orain dela gutxi arte nik ez nuen liburutarako zaletasunik, egunkaria besterik ez nuen irakurtzen. Erretiroa hartu arte, anaia eta biok Hidroneuma lantegiko bazkideak ginen eta horretan aritzen nintzen jardunean, herriko historian pentsatu ere egin gabe.

Nork edo zerk bultzatu zintuen mundu horretan sartzera?
Kontua da ni Santakutzetako jaietan eskopeteroen buruzagi bezala ateratzen naizela, eta orain zazpi urte, Peña Santa Krutz elkarteko lehendakari zen Joxan Jauregik nondik zetorren eskopeteroen ohitura galdetu zidan. Nik tutik ez nekiela erantzun nion. Ikertzeko proposatu zidan Jauregik orduan, esanez eskopeteroena ez zela apaingarria, tradizio handiko ekitaldia baizik. Zeregin horretan nire ezina adierazi nion. Hizketa ez zen ezertan gauzatu, baina barruan geratu zitzaidan jakin-minaren harra.
Geroztik, jubilazioa hartu nuenean, Jauregik berriro zirikatu ninduen: “Orain nahi adina denbora daukazu ikertzeko”, bota zidan. Tentaldiari heldu eta halaxe murgildu nintzen historian barrena.

Maila pertsonalean, zer ekarri dizu ikerkerta lanak?
Zeharo aberastu nau, kulturaren ikuspegitik. Santakutzetako jaien egitarauan eskopeteroen jatorriari buruzko aipamen txiki bat jartzeko prentsamenduarekin hasi nintzen, baina agiriak eta agiriak bildu ahala, Andoaingo historiaren beste hainbat zatiri buruzko grina pizten joan zitzaidan. Atal horiei heltzera animatu egin naiz geroztik, eta ikaragarri ari naiz ikasten.
Nahiago horrela, erretiratu askoren legez herriko eraikuntzak nola doazen ikusten eta Trentxikin pasiatzen ibiltzea baino. Nire burua janzten doa, eta horrez gain, Andoaingo historia jakin eta zabaltzearen alde ari naizela uste dut.

Zer aurkitu duzu eskopeteroen usadioaren gainean?
Eskopeteroek milizietan dute jatorria. Euskal Herrian ez zen arma zerbitzurik egiten, herri miliziek funtzionatzen zuten. II. Gerra Karlista amaitzearekin batera, ordea, foruak deuseztu eta derrigorrezko soldaduska ezarri zen estatu osoan, miliziak desagertuz horrela. Bitarte horretan, herri bakoitzak bere milizia eduki zuen. Une jakinetan, 18-60 urte bitarteko gizon guztiek derrigorrez hartu behar zuten arma; adibidez, frantziarren edo ingelesen inbasioak izan zirenean bezala. Alkateak agintzen zuen milizian, eta Gipuzkoako diputazioa zen milizien guztien buru. Milizia horiek gerrarako prestatuta bazeuden ere, era guztietako gizarte ekitaldietan ateratzen ziren kalera: erlijio funtzioetan, alardeetan, jaietan, tiro lehiaketetan, erregea herritik pasatzen zenean...
Milizien ekitaldi horiekin lotuta, Andoainen banderaren jaitsiera antolatzen zen. 1905ekoa da lortu dudan lehen berria, non agertzen diren eskopeteroak eta agintari zibil eta erlijiosoak. 1919an, berriz, Bordon dantzariak erantsi ziren prozesiora, Benito Garagorri alkatearen ekimenez. II. Errepublikarekin batera 1931n eten egin zen ohitura hori. Gerra ostean, Peña Santa Kutz elkarteak berreskuratu egin zuen, baina dantzaririk gabe. Iaz ezpata dantzariekin lehen pausoa eman genuen, eta fundamentuz doa gauza.

Noizko edonork irakurtzeko moduan, eskopeteroen historia?
500 orritik gorako ikerlana egina daukat. Armen historiarekin hasten da eta Andoaingo banderaren jaitsierarekin bukatzen da. Nik gustura kaleratuko nuke lana, herriak berea duen historia jakin behar duelako. Herriko kultura sailarekin jarri nintzen harremanetan, baina ez genuen ezer adostu, jarritako zenbait baldintza zirela medio.

Bigarren ikerlan bat ere egina duzu, Nemesio Olariagari buruz. Nor zen pertsonai hori?
1856an jaio zen andoaindar horixe, derrigorrezko soldaduska zela eta Amerikara ihes joan ziren gazteen artean topatu nuen. Berak haizatu zuen ikurrina lehen aldiz Amerikan eta berak inprimatu zuen lehen euskarazko egunkaria Amerikan... Pertsonai historiko guztiz interesgarri honen erretratua udaletxeko batzar aretoan dagoen arren, herrian gehienok ez genekien nor zen. Bere datu biografikoak biltzeari ekin nion orduan, eta emaitza Leyçaur 10ean atera zen iaz.

Zer dela eta hain ezezaguna gertatzea?
Harrigarria da gure ezjakintasuna, ze Argentinan ia Jainkotzat hartzen dute; euskal emigranteen aitatzat daukate. Zergatik ahaztua historikoki? Tartean arrazoi politikoak daudela  iruditzen zait. Ezin izan zuen itzuli bere jaioterrira, profugoa zenez atxilotu egingo zuten beldurrez bizitu baitzen. Biarritzeraino iristen zen familia ikusi ahal izateko. Profugoa izateaz gain, Euskal Herriaren burujabetzaren alde eta Espainiako monarkiaren kontra idatzi zuen, eta noski, frankismoari-eta ezin interesatu halako pertsonairik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!