Lain musika taldea, etorkizunari begira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 18a, 20:11

Azken urtebetean arrakasta eta oihartzun handia lortu duen Lain musika taldeko kideek, euren ibilbidearen berri azaldu dute.

Amasa-Villabonako  Kristina Aranzabek (gitarra eta ahotsa), Imanol Urkolak (gitarra) eta Javi Riberok (baxua), Leire Berasaluze adunarrak (gitarra eta ahotsa) eta Ibarrako Jon Altunak (teklatua eta bateria) osatzen dute Lain taldea. 2008ko apirilean eskaini zuten lehen kontzertua eta geroztik, Euskadi Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi ondorenean bereziki, oihartzun handia hartu du taldeak. Maketa kaleratzear dute eta udan batetik bestera ibiliko dira kontzertuak eskaintzen. Etorkizunari gaztetasunez, ilusioz eta irrikaz begiratzen diote.

Bakarlari aurrena
Taldekide guztiek gaztetxotan ekin zioten musika tresnak jotzen ikasteari. Kristina eta Leirek musika tresnez gain, abestea ere gogoko dute eta bakarlari gisa eman zituzten lehenengo pausoak. Besteak beste, Gipuzkoako Euskal Kantu Txapelketara aurkeztu ziren bi urtetan, bietan emaitza politak eskuratuz gainera. “Lehen urtean ikusleen saria jaso genuen eta bikotekako lehen saria bigarrenean”. Gerora, YouTube-n bideo bat jartzea erabaki eta orduantxe jaso zuten jendaurrean abesteko lehen proposamena. “Jende askok ikusi zuen bideo hura eta Aretxabaletako taberna batean zuzenean jotzeko gonbidapena iritsi zitzaigun. Leirek eta biok bakarrik joan beharrean, musika eskolako lagunekin taldea sortzea pentsatu genuen”, adierazi du Kristinak. Aurretik ere, pauso hori bideratzen hasiak zirela gaineratu dute, “Loatzo musika eskolako ekitaldietarako, Zure doinua kantua, bateria eta baxuarekin moldatu genuen”.


Kontzertuak, taldean
Joan zen urteko apirilean eskaini zuten jendaurreko lehen kontzertua eta emanaldi mordoa eskaini dute ordudanik, iragan udan batik bat. “Lehen urtea izateko uda mugitua izan genuen”, aipatu du Javi baxuak. Kontzertuetan buru-belarri zebiltzala, Euskadi Gaztea irratiak urtero antolatzen duen Gaztea Maketa Lehiaketako irabazle izan zirela jakin zuten; sorpresa galanta ia taldekide guztientzat. “Ez genuen horrelakorik inondik inora espero. Leirek aurkeztu zuen maketa lehiaketara eta gainerako taldekideok ez geneukan horren berririk. Izugarrizko sorpresa izan zen”. Maketa lehiaketa irabazi izanak ate asko zabaldu dizkietela azaldu dute, “garrantzitsuena, Euskadi Gaztean gure kantuak entzutea da. Euskal taldeei gero eta tarte gutxiago eskaintzen dietela kontuan izanik, egun ez da batere erraza bertan sartzea. Zorte handia izan dugu,  alde horretatik”. Maketa lehiaketa irabazi eta gero, barealdia etorri zela aipatu dute, “saria jaso ondorenean kontzertu gutxiago eman dugu. Orain hasiko gara berriro”.    
 
BBK Live festibala
Uztailaren 9an, ostegunarekin, maketa lehiaketa irabazi ondorengo sari potoloa izango dute: Bilboko BBK Live festibaleko emanaldia, hain zuzen. Izen handiko musika taldeen bilgune den Kobetamendiko jaialdian parte hartzea ez da inondik ere erronka makala. “Ikasketak direla eta, orain artean ilunpean bezala izan dugu emanaldi hori. Azterketak bukatu eta lasaitutakoan helduko diogu”. Hiru ordu laurdeneko kontzertuan ahalik eta gehien gozatzen eta saio polita eskaintzen ahaleginduko dira. “Gure kantuak eskainiko ditugu”. Kontzertuak ematen hasi zirenean, beraiek sortutako kanturen batekin bertsio ezagunak nahasten zituzten. “Hasi ginenean, gure kanturik ez geneukanez, bertsioak jotzen genituen. Orain, gure kantuak jotzen ditugu batik bat; tartean, bertsio pare bat sartuz”.

Gai ezberdinak hitzetan
Hitzak nahiz musika, taldekideen artean egiten dute lan guztia. “Normalean musikarekin hasten gara eta musika horri hitzak jartzen dizkiogu gero”. Hitzak idazterakoan gai ezberdinak kontuan hartzen saiatzen dira, “maitasunari buruzko hitzak idaztea da errazena baina, horixe da monotonoena ere. Baditugu maitasunari buruzko kantuak eta, era berean, baita drogei, gerrari nahiz sexuari buruzkoak ere. Oro har, errazago moldatzen gara musikarekin; zaila da letra onak idaztea”. Astean hiru egunetan, udaletxe azpiko lokaletan biltzen dira entseguak egiteko. Taldekide guztiak ikasleak izanagatik, orain artean ondo konpondu dira bi lanak uztartzerakoan, “kontzertu gehienak asteburuetan ematen ditugu, nahiz eta udan, astean zehar ere egokitzen diren tarteka”. Orain arte eman dituzten kontzertuen artean bat baino gehiago dituzte gogoan, “Zaldibiakoa, Villabonako festetakoa, berriki Andoaingo gaztetxean emandakoa…”. Hasierako urduritasuna laster ahazten omen zaie behin kontzertua hasitakoan. Ondo pasatzea dute helburu.

Maketa kaleratzear
Gaztea saria jaso aurretik hasi ziren euren kantuekin osatutako maketa grabatzen, “Amasako IZ estudioan grabatu dugu eta laster izango da emaitza kalean. Inguruan eta lagunen artean saltzea da gure asmoa”. Taldekideek sortutako sei kantu bilduko ditu lanak, “asko ikasi dugu grabaketan baina, esperientzia gogorra izan da: ordu askotako lana”, adierazi dute. Maketa kaleratu, kontzertuak ematen jarraitu eta aurrerago, diskoa ere etorriko da; “udazkenerako diskoa grabatzeko proposamena egin ziguten. Oraindik lotzeke dago guztia. Ikusiko da aurrerantzean”.

 

Kontzertu ugari

Uda eta udazkenari begira, hainbat kontzertu lotu dute dagoeneko. Besteak beste, hauexek:
Ekainak 27, larunbata: Senpere.
Ekainak 28, igandea: Zarautz.
Uztailak 9, osteguna: Bilbo (BBK Live).
Uztailak 17, ostirala: Markina.
Abuztuak 9, igandea: Berastegi.
Abuztuak 15, larunbata: Aduna.
Abuztuak 22, larunbata: Ibarra.
Urriak 4, igandea: Donostia (Kilometroak).
Azaroak 29, igandea: Donostia (Victoria Eugenia).


Informazio gehiago:
www.myspace.com/lainedo

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!