Odei Gil txirrindulariarekin solasean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 18a, 20:08

Errepideko txirrindularitza, pista eta ziklokrosa. Odei Gil gazteak ez dio ezeri ezezkorik esaten eta ia urte osoa pasatzen du bi gurpilen gainean.

Urte mordoa darama txirrindularitzan Odeiek: “Bost urte nituenean, Donostiatik Asteasura etorri ginen bizitzera. Hemen, bizikletan ibiltzeko aukera gehiago zegoen eta zaletu egin nintzen. Irrintzi taldean izena eman genuen anaia Iker eta biok. Lehendabiziko lasterketatan irabazteko zortea izan nuen eta horrek, gogo handiagoz hartzera bultzatu ninduen. Herrian badago zaletasuna eta azken urtean, gaztetxo asko animatu da froga egitera”.


Junior kategoriako lehendabiziko urtean ari da orain Odei: “Prestakuntza ezberdina da aurtengoa, zehatzagoa. Gipuzkoako Federakuntzako Felix Ugaldek zehazten dizkigu entrenamendu saioak. Hilabetero, helburu ezberdinak biltzen dituen orri bat jasotzen dut eta helburu horietara iristeko entrenaldi ezberdinak egin behar dira. Kilometro kopurua baino gehiago, lan egiteko modua zehazten digu: serieak, erritmoa, gogortasuna, etab. Junior maila bukatutakoan, afizionatuetara pasa eta hortik, profesionaletarako bidea egin behar da”.  


Irungo txirrindularitza taldeko kidea da Odei Gil: “Gustura nabil, baina kirol gogorra da. Bakarkako lan handia eskatzen du, eguraldi ona edo txarra egin, entrenatzera atera beharra dago eta gainera, profesionaletara iristea oso zaila da. Lagunekin ateratzea ere oztopatzen dit batzuetan. Askotan pentsatzen dut zergatik ez ote dudan futbola edo beste kirolen bat aukeratu. Hala ere, bizikletarekin, eta batez ere lasterketa egunetan, oso ondo pasatzen dut eta lagunak egiteko aukera ere eman dit”.

Ziklokrosean ere gustura
Errepidean, pistan eta ziklokrosean ibiltzen da Odei: “Errepidea eta ziklokrosa dira gehien gustatzen zaizkidanak. Pistan berriz, kosta egiten zait bizikletara ohitzen eta erorketaren bat izateak beldurra ematen dit. Ziklokrosarekin gozatu egiten dut. Konpetitibitatea pixka bat ahaztu eta ondo pasatzeko modua da. Lokatzez beteta amaitzea gustatzen zait”.
Gurasoen laguntza ere badu Odeik: “Askotan etortzen dira lasterketak ikustera. Lagun koadrila egin dute eta giro onean ibiltzen dira. Horrez gain, lasterketen inguruan argitaratzen diren albisteak eta sailkapenak gordetzea gustatzen zaie, bai gurasoei, baita aitonari ere”.


Errepidean, erlojuaren aurkako frogak gustatzen zaizkio bereziki: “Lan motzetan ondo moldatzen naiz, baita sprintean ere. Gainerakoetan, egunaren araberako gorabeherak izaten ditut. Batzuetan oso ondo moldatzen naiz mendiak igotzen eta beste batzuetan berriz, ez hain ondo”.

Ekainaren 19an, etxean
Gipuzkoako itzulia prestatzeko lanean aritu da azken asteotan buru-belarri: “Lau etapa dira eta lehendabizikoa Asteasun hasiko da, ekainaren 19an. Larraulera igoera izango da, erlojuaren aurka. Ilusio handia dut, baina igoera gogorra izango da; ez batere erraza. Berez, gorputzaldi onean izatea espero dut, ikasturtea amaituta, entrenamendu onak egiteko aukera izan dudalako”.


Sariz beteta dago Odei Gil-en etxea: “Anaia eta bion artean laurogei kopa inguru dugu. Pasatako denboraldia oso ona izan zen niretzat, postu onak lortu nituen eta horrek jarraitzeko indarra ematen dizu. Etorkizunera begira, ez dut epe luzeko helburuetan gehiegi estutu nahi, denboraldi ona betetzen jarri nahi ditut indar guztiak”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!