Uhalde enara, bisitari berezia eskualdean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 18a, 20:02

Ibai inguruetako hormetan egiten ditu habiak uhalde enarak. Zizurkilen, arreta bereziz egin dituzte Oria ibaia berbideratzeko lanak, txori honen habiak honda ez zitezen.

Uhalde enara bikote gutxi dago Europan eta espezie kalteberen artean sailkatuta dago. Aranzadi zientzia elkarteko Jon Etxezarretak lan handia egin du uhalde enaren ohiturak aztertzeko: “Baldintza naturaletan, oso toki bereziak behar ditu uhalde enarak habiak egiteko. Ibai inguruetan pilatzen diren hondar muntoetan metro inguruko luzerako zuloa egiten dute bertan habia eraikitzeko. Euskal Herriko ibaietan ez dago uhalde enarek habia egiteko moduko hondar pila naturalik eta gizakiok egindako eraikuntza lanak baliatzen ikasi dute ugalketarako. Ibaiak berbideratzeko jartzen diren hormetan egiten dituzte habiak. Joera bitxi hori pixkanaka handitzearekin batera, uhalde enaren bikote kopurua haziz joan da Euskal Herrian”.


Uhalde enara gutxi dago Europan, horregatik, espezie kalteberen artean sailkatu dute: “Espeziea galtzeko arriskurik egon ez dadin, Kudeaketa plana diseinatu eta abiarazi baino lehen, txoriaren inguruko ikerketa sakona egin behar da eta horretan aritu gara azken bi urtetan. Ezinezkoa da espeziea zaintzeko modu egokiena zein den jakitea bere ohiturak ezagutu gabe. Egindako azterketari esker jakin dugu, Euskal Herriko Kantauri isurialdean 477 bikotek egiten duela habia, 31 ugalgunetan banatuta. Gipuzkoak hartzen ditu ugalgune gehienak, zehazki 453 bikotek egin du habia bertan”.

Uhalde enarak Beterri-Aiztondon
Beterri-Aiztondo eskualdean ere, uhalde enarek aurkitu dute kumeak hazteko tokirik: “Lehendabiziko habiak Amasa-Villabonan ikusi genituen, eta oso toki bitxian gainera. Antxin inguruan, N-1 errepidearen azpialdeko horma handian egin zuten habia zenbait bikotek, ur iturriaren inguruan. Habia egiteko toki bitxia dela diot, ibaitik urrun samar dagoelako. Habia haiek ikusi ziren garaian eraikin gutxiago zegoen inguru horretan eta nahiko erraz irits zitezkeen ibairaino, elikatzeko. Auzoan etxe berriak egin zirenean, ordea, habiak desagertu egin ziren eta ez dira berreskuratu. Azpimarratzekoa da, bestalde, azken urteotan egindako azterketatan, Oria ibaiaren ertzean eraikitako hormetan hainbat habia topatu dugula”, azaldu du Jonek.


Amasa-Villabonan, Legarreta auzoan eta Salvadora enpresa zegoen inguruan ere topatu dituzte habiak: “Horma altuak aukeratzen dituzte habiak egiteko; metro bat eta bost metro bitarteko altuera dutenak. Euri-ura kanporatzeko jartzen diren hodiak erabiltzen dituzte ugalketarako. Hamar bat zentimetroko diametroa duten hodiak izaten dira eta barnealdean, denboraren poderioz pilatutako hondarra eta lokatza izaten dituzte. Habia osatzeko, inguruko belartxoak, sustraiak, adar txikiak eta lumak batzen dituzte”. Pareta bereziak aukeratzen dituzte habiak egiteko: “Ez zaie gustatzen zuhaitz edo landare askoz inguraturiko paretak erabiltzea. Elikatzeko, eltxoak jaten dituzte hegan dabiltzan bitartean eta landareek ez diete uzten lasai hegan egiten, horregatik, pareta garbiak aukeratzen dituzte, ia bertikalak eta altuera handikoak. Paretaren azpialdean ura izatea ere gustatzen zaie”, gaineratu du Jonek.  

Taldeka batuta
Uhalde enarek taldeak osatzen dituzte. “Habiak ez dira banaka egoten. Gune berdinean hainbat bikote ugaltzen da, bai hondar munto naturaletan baita gizakiek sortutako paretetan ere. Normalean martxoa inguruan iristen dira Euskal Herrira eta iraila bitarte izaten dira hemen. Lehendabiziko egunetan ibaian gora eta behera ibiltzen dira, habia egiteko toki egokien bila. Martxoa erdialdean erruten dituzte arrautzak eta bigarren errunaldi bat ere egiten dute. Abuztu erdialdean hegatzen dira azken kumeak eta irailean abiatzen dira negua toki epelagoetan pasatzera”, azaldu du Jonek.
Andoainen ere ugaltzeko toki egokiak topatu dituzte uhalde enarek: “Karrika inguruan, eta orokorrean, noizbait ibaia berbideratzeko lanak egin diren tokietan ikusten dira enarak. Ohikoa izaten da txori hauek ibaian gora eta behera hegan ikustea, batez ere kume berriak hegan hasten direnean, asko gustatzen zaie batetik bestera, tokiak ikusten ibiltzea”.


Zaintza berezia Zizurkilen
Zizurkilen lan berezia egin dute uhalde enara babesteko. “Ibaia berbideratzeko lanak hasi zirenean, Zizurkilgo Udalarekin harremanetan jarri ginen. Uhalde enarek habiak egiteko erabiltzen dituzten hormetako hodiak mantendu ezean, ugalguneak galdu egiten dira. Ur agentziako kideekin ere hitz egin genuen egoeraren berri emateko. Lanen ardura zuen enpresak ez zuen arazorik jarri, lanen kostua ez zelako igotzen eta hodi berriak jartzeko prest azaldu ziren. Hodi itsuak dira, hamar zentimetroko diametroa dute eta hiru altuera ezberdinetara jarri dira. Aurtengo udaberrian, uhalde enarek ez dute habiarik egin, ubideratze lanak oraindik martxan zirelako, baina ziur gaude datorren urtetik aurrera ugalketa gunea berreskuratu egingo dela”, ziurtatu du Jon Etxezarretak. “Lan ona egin da Zizurkilen. Amasa-Villabonako Salvadora inguruan berriz, kontrakoa gertatu da. Hormigoizko pareta itsusia estaltzeko, harrizko plaka handiak jarri dituzte eta hodiak estalita geratu dira. Uhalde enara ez da gune horretara gehiago itzuliko”.

 

Nolakoa da uhalde enara   

 

  •     Hamabi-hamahiru zentimetro inguru neurtzen dute.  
  •     Gorpuzkeran, enara arrunten antza dute.
  •     Kolore marroixka dute bizkar aldean eta azpialdean argiagoak dira.
  •     Lepoaldean uztai ilun bereizgarria dute.
  •     Hegal luzexkak eta urkilla formako isatsa izaten dute.
  •     Ibai inguruetan elikatzen dira, eltxoak eta bestelako intsektuak janez.
  •     Martxoan iristen dira Euskal Herrira eta irailean joan.
  •     Urtean bi kumealdi egin ditzakete eta paretetako hodiak erabiltzen dituzte habiak egiteko.
  •     477 bikote dago Euskal Herriko Kantauri isurialdean.
Jon Etxezarreta Iturritza, Aranzadi Zientzia Elkarteko biologoa da.

Milaka kilometro egin du azken bi urteotan, Euskal Herriko Kantauri isurialdeko uhalde enaren ohituren inguruko azterketa sakona egiteko.

Uhalde enararen inguruko azterketa sakona egin duzu. Zer suposatu du lan horrek zuretzat?
Lan handia izan da. Kilometro asko egin dut kotxez, ibai ertzeetan geratu eta hegaztiak aztertuz. Lan horren ondoren, ez dut zalantzarik izan uhalde enarak, Kudeaketa Plan berezat behar duela Euskal Herriko Kantauri isurialdean.

Zure iritzian, Euskal Herrian uhalde enara mantentzeko zein neurri hartu beharko litzateke?
Batez ere, garrantzitsua da ibaietan egiten diren obra guztien kontrola eramatea, gehienbat ugalketa gune jakinak dauden zatietan. Ugalketa guneetako biotopoa ezin da aldatu, eta zertxobait aldatzekotan, uhalde enarak ongi ezagutzen dituen ornitologo baten aholkuak entzun eta bere oniritzia behar da. Ahal bada, Zizurkilen egin den bezala, uholdeen eragina leuntzeko egiten diren bideratze horma berriak uhalde enararen onerako egokitu behar dira. Hala ere, kontuan izan behar da urbideratze hormak kaltegarriak direla ibai batean dauden landare eta animalia gehienentzat.

Zizurkilgo kasuan, habiak mantentzeko lan bereziak egin dira. Elkarlanean lortu da hori. Nolako esperientzia izan da?
Esperientzia ona izan da. Printzipioz administrazioa beraien ekimenekin nahiko itxia izaten da, eta kasu honetan, egin beharreko lana oso txikia izanik eta hasierako aurrekontua eraldatu behar ez zenez, Zizurkilgo udaletxeak eta Ur-agentziak, Aranzadi Zientzia Elkarteak proposatutakoa burutu dute.

Zein da ornitologo baten lana?
Batez ere, hegaztiak ikertzen ditu, lortutako informazioak espezie ezberdinen kontserbazioan lagun dezan.

Herritarren artean zabalduta al dago hegaztien inguruko jakintza?
Orokorrean ez. Jendeak askotan espezie ezberdinak nahastu egiten ditu, eta beraien kontserbazioan erabili behar dituzten araudiak ez dira betetzen.

Uhalde enara ezagutzeko zein ezaugarri hartu behar da kontuan? Edozein herritarrek egin al dezake?
Espeziea ezagutzeko modu ona izan daiteke liburu, aldizkari edo internet bidez ahalik eta informazio gehien lortzea. Hala ere, garrantzitsua da zonalde bakoitzean hegazti baten jokaera erabat ezberdina izan daitekeela jabetzea eta baita idatzitakoa ez dela beti zuzena izaten. Bestalde, oso kontuan izan behar da hegaztia ikertu edo ikustera hurbiltzean ezin dela espeziearen kontserbazioan kalterik sortu eta ikerkuntzaren mugak non dauden ere kontuan hartzekoa dela.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!