Abusu sexualak jasandakoei bideratutako kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 11a, 15:11

Gasje. Gipuzkoako Abusu Sexualak Jasandakoen Erakundea 2006an sortu zen. Zehazki, abusuak jasan izan dituztenei zuzendutako elkartea da. Eraso sexualak jaso dituztenek eta ingurukoek osatutakoa. Erakundea ezagutarazi nahian kanpaina burutzen ari dira Gipuzkoan. Larunbat honetan Andoainen izango dira.


Zer dela eta GASJE?
Gasje. Isiltasuna nagusitzen da haurtzaroan abusu sexualak jasandakoen kasu horietan eta, piskanaka, hizketan jartzea lortzen ari gara. Nahiz eta ez den batere erraza izaten. Egoera latz hauen berri eman baino gehiago, elkartearen berri eman nahi dugu gizartearen aurrean.

Isiltasuna haustea aipatu duzu, zuen elkartera jotzen duenak bestelako laguntzarik jasotzen al du?
G. Berehala jabetu ginen guregana hurbiltzen zirenei laguntzeko aholkularitza profesionala eskaini behar geniela. Astero terapia egiten ari gara psikologo-sexologo batekin. Jendeak alde horretatik laguntza jasotzeko aukera dauka. Kasu askotan kosta egiten da terapiara etortzea baina piskanaka hori ere bideratzea lortzen ari gara. Epe luzera erasoa jasan duenarentzat lagungarria delako. Askoren kasua da isiltasunean geratzea, eta hori haustea da helburua.

Elkarte modura kanpaina egiten ari zarete Gipuzkoan. Zertan datza zehazki?
G. Postu bat ipiniko dugu Nafarroa plazan, eguerdiko 12:00etatik 14:00ak arte. Erasoa jasan duten haurren alde manifestua irakurriko dugu euskaraz nahiz gaztelaniaz. Horrez gain, elkartearen eskuorriak banatuko ditugu. Elkartearen helburuez eta jarduerez informazio osoa emateko prest gaude. Antzeko ekimenak egiten gabiltza Gipuzkoako herrietan: Donostian, Zarautzen, Tolosan, Oreretan… eta larunbatean andoaindarren artean izango gara.

Aiurriko orrietan anoxeria eta bulimiaren inguruko elkarteko ordezkariek zioten herrietara eskuorriak banatzera joan eta egun gutxira deiak jasotzen zituztela. Zuena ere da kasua?
G.  Bai, guk ere egoera horiek bizi izan ditugu. Jendea lehen kontaktuan eta kalean ez da bere kasua azaltzera ausartzen. Normala ere bada. Gainera isiltasuna hausten duenean bere barrenean sekulako egoera zaila bizi izaten du.

Euskal gizartea ez da abusu hauetaz libratzen ezta?
G. Ez euskal gizartea, ezta Madrilekoa ere. Indian edo urrutiko tokitan geratzen den ustea dugu baina hori bere horretan hemen ere gertatzen da. Bada ikerketa bat Felix Lopez de la Calle psikologia katedradunak egin zuena eta bere garaian erasoa jaso zuten haurren kopuru oso deigarriak argitaratu zituen. Abusu kasuen artean emakumezkoen kopurua gizonezkoena baino handiagoa zen. Ez dira azterketa askoz gehiago egin baina errealitate horrek bere horretan jarraitzen du.

Zer egin behar da zuekin harremanetan jartzeko?
G.  Hiru aukera dituzte gurekin harremanetan jartzeko. Bata, gure telefono zenbakira deitu eta GASJE elkarteari buruz galdetzea da, bestea, email bitartez eta azkena zuzenean gu elkartzen garen lekura etortzea (astelehen arratsaldero 19:00tik aurrera).

GASJE
Helbidea:CRAJ, Anoeta pasealekua 28, 20014 Donostia.
Info: 943 472 617.
Emaila: gasje@gasje.org.
Webgunea: www.gasje.org.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!