Unanibin hondartzarik ez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 11a, 15:10

Otieta aldera hurbitzen den edonork aipatzen duen kontua da azken boladan: zenbat aldatu den Unanibiko zubiaren inguruko fisonomia. Itsusitu egin omen da, alegia, Andoaingo udalerriko parajerik ederrena, kanpora begira orain arte erakusten zuen postalik idilikoena.
Desagertu egin dira zubiaren alde batera zein bestera zeuden bi hondartzatxoak. Herritar gehienek betidanik hortxe ikusi izan badituzte ere, ez ziren beti-betikoak. Izan ere, presek eta gainerako eraikuntzek eragin zuten bere garaian bi hordartzatxoak sortzea.
Joan den negu euritsuarekin batera ezkutatu dira hordartzatxoak. Ur jasa etengabeak erreka haztea ekarri zuen, eta honek Unanibitik ehun bat metro beherago dagoen Lizarkolako presa zaharrean pitzadura sortu zuen. Estatuan sare hidrologikoaz arduratzen den Konfederazio Hidrografikoak presa horren horma kentzea erabaki zuen orduan; erabilgarri ez diren presa guztiekin aplikatzen duen politikari jarraitu zion.  
Jose Mari Urdanpilleta Andoaingo udal brigadako langileak azaldu du euriteen eta presa kentzearen ondoren gertatu den fenomeno naturala: “Presaren hormatzarrak jada ez zuenez lehen bezala ur emaria oztopatzen, Leitzaran errekak bide berria hartu du agudo, garai batean izan zuena ikusten denez. Zuzeneko bidea hartu du alegia, eta Unanibiko zubipean zeuden bi hondartzatxoak aurretik eraman ditu”.

Eragina “hiru metroetan”
Fenomeno berri horrek beste aldaketarik ekarri du Leitzaran errekan barrena: “hiru metro” esanez ulertzen den putzu sakoneko tranpolina kendu behar izan du udal brigadak, arriskuak ekiditeko asmoz. Izan ere, Urdanpilletak zehaztu duenez, “Unanibin zegoen hondar gehiena Olazar parkeko putzu horretara heldu da, Leitzarango ur korronteak aurretik eraman ostean. Izugarri jaitsi da putzuaren sakonera, eta orain hondoa bera goitik bertatik ikusi daiteke”.
Uda dator eta benetakoa da istripurako arriskua, gazteek jauzi-oholetik beren burua botatzeko ohitura handiaren poderioz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!