Dantzari txiki eguna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 11a, 15:09

Andoain euskal folklorearen plaza bihurtu zen joan den igandean, Urki taldeak antolatutako haurren XXI. euskal jaialdia zela medio. Euskal Herriko leku askotatik etorritako dantzari eta musikariek herriko kaleak alaitu zituzten goiz eta arratsalde. Luzea izan zen partehartzaileen zerrenda. Bost izan ziren dantza taldeak: Urretxuko Lurra, Altsasuko Etorkizuna, Sestaoko Salleko, Lasarteko Erketz eta Urki.

Trikitilariak, berriz, Zumaia, Anoeta eta Andoaingoak. Bertsolariak, Lasarte, Asteasu eta Hendaiakoak; eta azkenik, Debako erraldoiak, Lizarrako gaiteroak, Urnietako txalapartariak eta Andoaingo Xingola abesbatza eta Soinua musika eskola.  
Denak ere goizeko hamaikeetan bildu ziren, Goikoplaza kolore anitzekin betez. Bertsolariek guztiei ongietorria eman ondoren, bildutako haurrak lau multzotan banatu ziren, Andoaingo kaleetan barrena murgildu eta nork bere emanaldia eskaini ahal izateko. Ordubietan berriro Goikoplazan elkartu eta bazkaritara joan ziren guztiak; herriko elkarteetara batzuk, herriko bizilagunen etxeetara beste gainerakoak.
Arratsaldeko saioa, berriz, Goikoplazan burutu zen den dena. Gozatu ederra hartu ahal zuen bertan bildu zen ikusle andanak. Egunari amaiera emateko, berriz, haur partehartzaileak zein helduak denak dantzan jarri zituen erromeria egin zen.

Ane Eizmendi
Badira urte batzuk panderojole bezala parte hartzen dudala jai honetan; badaukat eskarmentua alde horretatik, baina beti gozatzen dut egun honetan. Soinua Musika eskolako taldearekin ateratzen naiz kalera, Kristina Solana irakaslea zuzentzen duen taldearekin. Jaietan eta holako egunetan jotzen dugu, deitzen diguten aldiro.  
Gaur kalejiran musika jartzea tokatzen zaigu. Goikoplazatik atera diren dantzari taldeak toki batetik bestera gurekin batera doaz, kalejira giroan.
Tokira iritsi eta gure soinu txikiak eta panderoak isildu eta dantzariei uzten diegu beren emanaldia eman dezaten.

Jesus Ibañez
Uxue gure alaba Urkiko dantzaria da aspaldiko urtetan, eta familia osoak bereziki ospatzen dugu jaialdi hau. Beti hartu izan ditugu kanpotik datozen hiru edo lau ume bazkaritarako. Isil isilik, lotsatuta egoten dira
hasieran gurekin mahaian, baina tiraka tiraka, azkenean lortzen dugu berriketan hastea gurekin.
Festa hau oso polita da, eguraldiak lagun kalean egiten denean batez ere, eta gaurkoa hala suertatu da; tristeagoa izan ohi da euriagatik Arrateko pilotalekuan egiten denean. Dantzak kalean luzitzen du, eta dultzaina eta txistua bezalako instrumentuen soinua ere errazago estimatzen da kalean.

Maite Sagaseta
Urki helduen taldeko dantzaria naiz, baina gaur dantzarako baino antolaketarako nago gehiago. Sei urte nituenez geroztik dantzari gisa bizitu badut ere, orain beste modura bizitzea egokitzen zait beraz.
Kalez kale dabiltzan Urretxu eta Altsasuko taldeen gidari bezala nabil gaur. Hamaiketakoa egin eta, orain Juan Bautista Erro kalera, Juanita Alkain plazara eta Basterora goaz emanaldiak eskaintzera. Eta gero bazkaria dator. Nik ere bizitu izan dudalako, badakit nolako jakinminez etortzen diren kanpoko haur dantzariak Andoainera. Non dantzatuko duten, eta batez ere non bazkalduko ote duten jakin nahi izaten dute gogoz.

Olaia Azurmendi
Zortzi urte ditut eta orain bi urte hasi nintzen Urkirekin euskal dantzak egiten. Gaur aurreskua eta Sardin dantza egiten ari gara kalez kale. Goikoplazako inguruetan dantza saioa egin eta bagoaz bazkaltzera. Lasarteko hiru ume datozkigu etxera. Eki, nire ahizpa gaixo jarri denez, aita eta biak etxean geratu dira; biek hartu dute bazkaria prestatzeko lana, eta ama eta biok hementxe gabiltza egunaz gozatzen.
Antzeko jaialdietara beste herrietara joango ginateke gustura, baina oraingoz ez gaituzte gonbidatu. Datorren astean La Salle-Berrozpe eta Ikastolaren ikasturte amaierako festetan parte hartuko dugu. 

Amaia Balda
Sei urtez geroztik naiz Urkiko dantzaria. Dezente ondo pasatzen dugu jaialdi honetan. Jende ugari ezagutzen duzu, eta beste herrietako dantzariek nola dantzatzen duten ikusteko aukera ematen dizu. Oraintxe Segalari dantza egin dugu, Agustin Leitza Plazan. Egunean zehar, agurra eta arin eta fandangoa dantzatzea ere egokituko zaigu. Bestela euskal dantza inoiz ikusiko ez luketen kaleetara joaten gara normalki. Musika entzun eta jendeak badu lehio eta balkoietara ateratzeko ohitura.
Bazkaltzera Batzokiko elkartera joango gara gero, Zumaiako trikitilariekin batera. Gurasoak ari dira prestatzen bazkaria orain, lagun askorentzako.
 

Ibon Tapia
Maider gure alaba aurten hasi da Urkin dantza egiten eta guretzat berria da jaialdi hau. Ez genuen etortzeko ohitura, eta egia esan, oso polita eta ikusgarria da festa hau.
Urkiko arduradunek kanpoko haurrak etxean hartzera gonbidatu gintuzten gurasoak, eta hala egin dugu. Sei familia elkartu eta Mertxe, nire emaztearen gurasoen elkartean prestatuta utzi dugu bazkaria. Altsasuko hamabost haur jasoko ditugu; horiei beste hamabi haur eta guraso erantsiz gero, pentsa zenbateko kuadrila bilduko garen. Menuak entsaladilla errusiarra edo makarroiak eta hanburgesak eta izozkia dauka. Andoaindik kexarik gabe joateko moduan! 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!