Izurde taldea, Urnietako gimnasia artistikoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 11a, 15:03

Gimnasia artistikoa bultzatzen dute Izurde Elkartetik. Txikitatik kirol jarduera landu eta txapelketetan lehiatu baino parte hartzea. Eta dominaren bat irabazita, beti ere hobeto. Amaitzear duten ikasturtearekin gustura dago Elena Gonzalo prestatzailea.

Gimnasia, oraindik neskei zuzendutako kirol jarduera dela esan liteke?
Elena Gonzalo.: E
rritmikoa neskentzat soilik da. Artistikoa, guk egiten duguna, neska zein mutilentzat. Une honetan hiru mutil ditugu. Gehiago kostatzen zaie etortzea, neskez osatutako taldeetan baitaude. Halere, oso gustura daude.

Gomendagarriena, gimnasia bizitzako lehen urteetan egiten hastea izango da?
E.G.:
Txikitatik hastea komeni da. Lau urterekin hastea gomendatuko nuke, ludoteka moduan. Eta gero, sei urtetik aurrera serioago. Gimnasta baten bizitza oso laburra da. Futbolari batek, 30 edo 40 urterekin jolasten jarrai dezake. Hemen aldiz, 15-16 urtetik aurrera neskak uzten joaten dira. Aurrera jarraitu ezin duten unea iristen da. Txapelketa gehiago ez dago. Gipuzkoan gainera, gu bakarrik gaude eta lehiatzeko kanpora joan beharra dago. Larunbat honetan ere adibidez, Burgosera goaz. Halere, beti jarraitzera animatzen ditut. Uztera doanari, urtebete gehiago egotera animatzen dugu. Kirol modalitate geldoa dela uste dut. Orduak behar dira, eta hori da hemen ez duguna, orduak. Astean bi ordu motz gelditzen dira. Ondorioz, aurrera pausoak ematea ere gehiago kostatzen da.

Diziplina eta konstantzia. Gimnasiak kirol modalitate gisa, oso itxura gogorra du?
E.G.: Maila gorenean gogorra da. Hemen bilatzen dudana aldiz, txapelketetan parte hartzeaz gain, gimnasia gustukoa izatea eta denborarekin titulua lortzea da. Ondo pasa dezatela. Halere, lehiaketa zentzu onean ez da txarra. Alegia, ondo egin eta esfortzatuta domina bat dugula edo kopa bat dugula, hobeto. Hori pizgarri da gaztetxoentzat.

Burgoserako irteerarekin ikasturtea amaitzen duzuela esan liteke?
E.G.:
Hilaren 15ean amaituko dugu ikasturtea, askari batekin. Hurrengora arte.

Ikasturtea amaitzear beraz, egiguzu balorazio txiki bat. Nola laburbildu dezakezu igaro diren hilabeteak?
E.G.:
Nire sentsazioa ona da. Batzuk aurreratu dute. Halere, askotan haurrek egin dezaketena baino gehiago egitea nahi izaten dugu. Baina kontuan hartu behar da, gimnasia kirol modalitate geldoa dela. Laguntza handia eskatzen du. Denboraldi batean, neska batzuengan egindako lanaren emaitzarik ez duzu ikusten. Baina heltzen doazen bezala, garatzen eta indarra kontrolatzen doazen heinean, egindako lana ikusten zoaz. Aurrerapenik ikusi ez den urte batzuk egon ohi dira. Halere, honakoa urte ona izan da.

Hurrengo ikasturtean, berrikuntza edo aldaketarik izango al da Izurden?
E.G.:
Ikasturte honen haritik jarraituko dugu. Urrian hasi ohi gara. Martxoa aldera, lagun arteko txapelketa jokatu ohi dugu Burgos eta Arandakoekin. Gero, Andorra, Iruñea eta Gasteizen, Euskadiko Txapelketan parte hartu izan dugu. Gipuzkoako Txapelketa jokatu berri dugu.

Gertuan lehiakiderik ez izateak, kanpora joatea bultzatu zaituzte, gaztetxoen onurarako?
E.G.:
Bai. Beti mugitzen saiatu izan gara, gurasoen laguntzarekin. Gurasoak dira askotan autoa jarri izan dutenak, ez baikara elkarte handi bat eta ez dago denak bidaian joateko adina dirurik. Guraso askok merezimendu handia dute.

Eta ikasleek zer diote?
E.G.:
Garrantzitsuena parte hartzea da. Kanpora joan izan garenean, beti esan izan diet ez goazela irabaztera, ondo pasatzera baizik. Zerbait irabazita, hobeto. Klub batzuk txapelketak irabaztera bideratuak daude, ondorioz haien lan ordu kopurua handia da. Klub hau ez, txapelketan parte hartu eta egindakoaz gozatzera bideratua dago. Baina uste dut, ezin dela esperantza faltsurik eman. Ikusi dugu txapelketan gimnastak negarrez utzi dituen entrenatzailerik. Nik uste lehiatzekoa, ez dela horretarako une egokia.

Zenbat jende mugiarazten du Izurdek?
E.G.: I
rakasle lanetan, lau lagun gabiltza. Nirekin egon diren gaztetxoak dira, gerora titulua atera dutenak. Garrantzitsua da, klaseak emateko teknikari gehiago egotea.

Aurrera begira gimnasia egiten jarraitu nahiko lukeenak zer aholkatuko zenioke?
E.G.:
Ez etsitzea eta konstanteak izatea. Gauzak lan eginda lortzen dira. Gimnasia, lan egiteko kirol modalitatea da. Konstantzia behar da. Egunero etorri behar duzu entrenamendu saioetara. Erritmoa etenda, hasieratik ez, baina berriz dinamikan murgildu behar zara.

Taldearekin harremanetan jartzeko: 678 006 813
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!