Andoni Alvarez, pilota hizpide

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 10a, 21:48

27 zazpi urteko gazteak adina esperientzia badu Andoaingo pilotaren egoera aztertzeko garaian. Ez ditu alperrik urteak eman pilota eskola bideratzen. Azken urteotan, gainera, eskolaren inguruan irakasle eta jokalari talde polita osatzen ari dira. Oier Mendizabalekin batera burubelarri murgiltzen ari da gazteak hezitzeko zereginean. Eta, jakina, Kontzejupeko txapelketaren martxarekin pozarren dago.

Bideoa ikusi

Herri artekoa amaitu eta berehala aurkeztu zenuten Kontzejupeko txapelketa...
Andoni Alvarez.
Urte asko dira, 40-45 inguru, partida ofizialik jokatzen ez zela Kontzejupean. Argazkitara jo genuen eta 80 urte inguru izango dituzte bertan agertzen direnek. Helburua hori zen, aspaldiko txapelketa berreskuratzea. Bestea, umeei pilotan jokatzen jarraitzeko aukera ematea.
Pasa den asteburuan izugarrizko poza hartu nuen, gauerdia zen eta 14-15 urteko gazteak pilotan ari ziren Kontzejupean! Dagoeneko txapelketako finala polita izan edo ez izan, txapelketa beraren gainetik joera berria sortu da: berriro ere Kontzejupean pilotan aritzea. Jendea hara eraman dugu. Esaten ari naizena Andoainen pilota sustatzen ari garenontzat sekulakoa da.

Berehala ahaztu duzue Herri artekoan jasotako disgustoa!
A.A.
Halaxe da, bai. Txapelketa polita egitea zen helburua baina ez zen posible izan. Horregatik azkar asko erronka berria ipini genion gure buruari: Kontzejupekoa berreskuratu eta martxan jartzea.
Herri artekoan zorte txarra izan genuen, Bergarak irabazi zuelako. Finaleraino iritsi da eta nik uste Hernani garaituko duela. Txapeldun gera daitekeen taldearen aurka berdinketa lortu genuen (tanteoan galdu zuen Andoainek). Hori guretzat ohorea da. Bestalde, penatuta gaude Bergararen ibilbide berdina gu geu egiteko moduan ginelako.

Andoainen pilotarekiko zaletasuna herri artekoan iristen al da goienera?
A.A.
Dudarik gabe. Afitxatan Andoain-Bergara ordez jar ezazu Gipuzkoako txapelketa. Gehienez ere hamabost-hogeita hamar pertsona gerturatuko zaizkizu. Herri artekoak badu bere xarma berezia. Herria talde honekin identifikatzea lortu dugu. Orain hamar urte pentsatzea ezinezkoa zena lortu da: Pilota mailan andoaindarra harro sentitzea bere herriko taldearekin. Pilotari onak ditugulako eta jende jator asko dagoelako, urtez urte goraka doan giroa sortu da. Ni neroni harrituta geratu naiz kalera atera eta zenbatek galdetzen didan herri arteko gorabeheren inguruan. Horrek izugarri pozten nau.

Osasuntsu dago, beraz, pilota eskualdean?
A.A.
Oso. Oier Mendizabal eta ni neu elkarlanean duela hiru urte hasi ginen. Andoaingo pilota eskolarentzat lana egiteaz gain, eskualde mailako egitasmoa ere egin genuen. Eta dagoeneko fruituak ematen ari da. Hernani finaleraino iritsi da, Astigarragak final laurdenetan ozta-ozta galdu zuen Azpeitiren aurka. Gipuzkoan erreferentzia garela esatera ausartuko nintzateke.

Haurrekin psikologia, pedagogia... zer da beharrezkoa? Bestalde, haurrekin oso atsegina zarela diote...
A.A.
Lehenik eta behin, haurrek ondo pasa behar dute. Pilotan ikasiz, jolastuz baina beti ere giro atseginean. Adin ezberdinak daude baina haurra ez badago gustora nekez itzuliko da frontoira.
6 urteko haur bati bi paretako jokaldia jolas modura erakutsi behar zaio. Adinean gora doazenean exijentzia mailak gora doaz. 15 urterekin, Andoaingo kadeteak Gipuzkoako txapeldunak dira. Haienganako exijentzia handiago da, 11 urtekoekin ez bezala.
Hamasei urterekin bada ondo pasatzea helburu duen pilotaria eta, bestalde, goi mailakoa izan nahi duena ere badugu. Gure lana goi mailakoari laguntzea da, baina ondo pasa nahi duena alde batean utzi gabe. Andoainek oreka hori lortzen asmatu duela esango nuke. Denen artean, gainera, taldea osatzen da. Batzuk eta besteak nire, gure pilotariak dira.

Futbola eta gero, haurrek gogokoen pilota al dute?
A.A.
Eskolako adinean gaur egun 70 haur ditugu. Oso kopuru altua da. Ez da batere erraza ikasturte oso batean haurraren ilusioari eustea. Neskak geroz eta gehiago ditugu. Etorkinak ere gerturatzen ari dira eta hori aberasgarria da.

Noiz eta nola murgildu zinen, bada, pilotara?
A.A.
Hamabost urterekin pilotan jarraitu nahi nuen. Baina herrian ez zegoen partida asko jokatzeko aukerarik, entrenamendurik ere ez zegoen. Kanpora joan edo erremontean hasi, bi aukera nituen. Andoainen jarraitu ahal izateko erremontea aukeratu nuen. Promesa egin nion, orduan, nire buruari: Neu izango naiz Andoainen egituratik ez dagoelako pilota utzi behar izan duen azken pilotaria.
Hamairugarren urtea da entrenatzen nabilela. Zazpi ikaslerekin ekin nion erakusteari, hamabost urte nituela. Federazioko bileretan ezer gutxi egiten nuen adin txikikoa nintzelako! Salaberria, Loidi, Eskudero... zazpi haur horien gurasoak ezinbesteko izan ziren. Laguntza handia eman zidaten. Oso garrantzitsua izan zen hura.
Zazpi haur horiek hamabost izatera pasa ziren, gero hogeita hamar. 4-5 urteren buruan ehun ume izatera iritsi ginen. Idatzi egin nuen: Andoainen pilotan jokatu nahi duen jende guztiak pilotan jokatu ahal izango du.
Besteak beste, arazoi horregatik arrakasta handiarekin martxan jarri genuen Gaztetxeko pilota txapelketa.

Zure pasioa al da pilota?
A.A.
Hasteko lan asko da. Egunean, bataz beste, lau ordu eskaintzen dizkiot. Asko eskatzen dit baina eman ere bai. Beloki, Eskudero... nik izan nituen lehen haur haiek laguntza izugarria ematen didate orain. Niretzat horrek preziorik ez du. Baloratua sentitzen naiz alde ezberdinetatik.

 

KONTZEJUPEKOA

Denek irabazi nahi diote entrenatzaileari, askoren ametsa da hori. Andoni Alvarezek, ordea, lehian ez du amore ematen. Irabaztea gogoko du. Bidelagun aparta dauka, gainera, Kontzejupean: Jon Gaztañaga. Futbolari aparta da Gaztañaga, eta ezinezkoa zaio urtean zehar futbola eta pilota biak ala biak nahi bezala uztartzea. Futbolari gehienak bezalaxe oporretan dagoenez, Kontzejupekoan atsegin handiz parte hartzen ari da Andoni Alvarez lagunarekin batera. Finalaren atarian daude.

FINALERDIAK
Ekainak 14, igandea
11:00.Haurren arteko partidak.
12:00.Helduen arteko partidak, txapelketako finalaurrea:
Jon Otaegi-Jon Beloki//
J.Eskudero-Unai Etxeberria.

Julen Loidi-Eneko Aizpurua//
A.Alvarez-Jon Gaztañaga.

FINALA
Ekainak 21, igandea
12:00.Helduen arteko finala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!