Mikel Ormazabal apaiz salesiarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2009ko eka. 6a, 11:48

Mikel Ormazabal Loinaz 1959ko abenduaren 10ean jaio zen Andoainen. Hiru anaietatik bigarrena da. Oso gazte zela erabaki zuen apaiz izan nahia zuela. Bizitzaren erdia baino gehiago darama apaiz salesiar eta irakasle lanetan, horietatik azken hamalau urteak Urnietako Salesiar ikastetxean. Gaur egun, ikastetxeko zuzendaria eta Kristau Eskolako Gipuzkoako lehendakaria da.

Andoainen hasiko zinen eskolan?
Mikel Ormazabal: Andoaingo Milagrosako eskolaurrean. Gero ikastetxe publikora pasa nintzen, handik La Sallera, eta han batxilergoaren lehenengo ikasturtea egin ondoren berriro ikastetxe publikora itzuli nintzen.

Ikastetxetik ikastetxera ibili zinen?
M.O.: Bai eta ikastetxe guztietako oroitzapen oso onak dauzkat. La Sallen 1. batxilergoa gainditzean institutura joan behar izaten zen ofizialtasuna emateko, baina Andoaingo ikastetxe publikoan jarria zuten batxilergoko liburuekin egiten zen EGB esperimentala deiturikoa, baina batxilergoa zena. Eta harantz joan nintzen. Han bukatutakoan, 4. eta 5. mailak egitera Donostiako Peñaflorida institutura joan nintzen, eta handik seminariora.

Noiz hartu zenuen apaiz izateko erabakia?
M.O.: 12 urterekin hitz egin nuen hortaz Don Jose Anjel, Andoaingo parrokian apaiz eta organista zenarekin, berak solfeoa ematen zigun eta nik koroan kantatzen nuen orduan. Baina beste aukera batzuk ere ikusi nahi nituen eta erabakia atzeratu egin nuen. Urteak pasata iritsi zen momentu bat esan nuena: orain, edo utzi egingo dut. Eta froga moduan sartu nintzen 6. batxilergoan. Lehenengo urte hura oso zaila izan zen niretzat. Eta nire bizitzari beste aukera bat ematearren Santanderra joan nintzen pre-noviciado deitzen zaiona egitera, 17 edo 18 urterekin. Han COU ere egin nuen. Eta hango esperientzia positiboarekin apaiz izango nintzela pentsatuz etorri nintzen.

Nola hartu zuten etxean zure erabakia?
M.O.: Kezkarekin, urte haietan Andoainen seminarista asko izan ziren, eta bueltan herrira etortzen zirenak, pixka bat errebotatuta bezala etortzen ziren, fedearekiko hartu emanarekin puskatu nahian, oso kritikoak, eta gure aita zena egun batean harrapatu nuen amari esanaz “seme hau estropeatu egin behar digute”, eta pena hartu nuen. Baina gurasoek beti esan izan zidaten “zuk aukeratutako gauza da, joan lasai, eta gustura ez bazaude etxeko ateak beti irekita dauzkazu”.

Eta lasaitasun horrekin joan zinen.
M.O.:  Bai eta Santanderreko urtearen ondoren Logroñon egin nuen noviciadoa, han fraide edo erlijioso egin nintzen, botoak egin nituen eta Urnietara etorri nintzen Pake Lekura hemen baitzegoen filosofiako ikasketak egiteko zentroa. Hemen egin nituen teologiako filosofiaren lehenengo zikloa eta magisteritza Donostian. Hemen hiru urte egin eta gero, beste hiru urteko froga egiten dugu “boto”ak berritzeko “periodo de prueba” deiturikoa, nik Logroñon egin nuen urtebete eta gero Azkoitian bi urte. Haien ondoren, han Azkoitian “boto”ak egin nituen behin betirako 24 urte nituela.

Azkoitiako Salesiarretan?
M.O.:  Azkoitian Salesiar ikastetxea euskalduntzea egokitu zitzaidan, eta Urnietara 1995. urtean etorri nintzen. Garai hartan DBH eta Lanbide Heziketa berriak ezarri ziren, seminarioa bukatzen ari zen, euskaldundu egin behar zen egitura, mistoa egin eta probintzialak esan zidan: “Azkoitian ondo ibili zara eta Urnietara joan behar duzu han egindako lana hemen ere txertatzeko”. Erronka handi bat zen baina ni erronka zalea naizenez, gustura onartu nuen.

Eta bete al dira zure asmoak?
M.O.:  Uste  dut  baietz,  Lanbide  Heziketako  goi  mailako  ikastetxe  izatea  lortu  genuen,  
DBH eta batxilergoa euskaldundu dira. Lanbide Heziketa guztiz euskalduntzea nahiko genuke, baina Donostiatik euskaraz ez dakitenak ere etortzen dira oraindik.  

Zergatik apaiz Salesiarra?
M.O.:  Salesiarrak 12 urte nituela ezagutu nituen hemengo “club jubenil” zelakoan eta asko gustatu zitzaidan ikusi nuena. Gazteekiko harremanetan eta hezkuntza mailan uste dut badaukagula zerbait berezia.

Zein dira Salesiarren ezaugarriak?
M.O.: Gazteak, irakaskuntza, prebentzioa eta lanbide heziketa. Prebentzioa esaten dugunean gazteak maitatzea, erlijio mundu edo unibertso hori ere lantzea, eta gero arrazonamenduaren bidez nolabait lan egitea esan nahi dugu. Gaztea den bezalakoa onartu eta berarekin bide bat eginez irakaskuntza eta heziketa munduan.

Ikastetxeko zuzendaria eta Kristau Eskolako Gipuzkoako lehendakaria zara...
M.O.:  Etorri nintzenean 6 urte egin nituen zuzendaritzan eta orain berriz bigarren urtea dut aurtengoa. Asteazken, ostegun eta ostiraletan Kristau Eskolan aritzen naiz, Gipuzkoako lehendakaria eta Euskadiko zuzendari ordea naiz. Kristau Eskola Euskadiko ikastetxe erlijiosoz osaturiko erakundea da. Bertan 88 erakunde eta 150 ikastetxe gaude.

Unerik zailenak?
M.O.:  Zailena giza baliabideen kudeaketa izango litzateke, baina oso gustura nago, beti izan dut, bai Azkoitian, bai hemen giza taldearekin harreman oso ona. Une txarrenak pasatzen dira ikasle bati zerbait gertatzen zaionean, nahigaberen bat, eskola-porrota, istripuren bat...

Zer iruditzen zaizu Hiritarrentzako Hezkuntza?
M.O.:  Denentzako tokia dago eta ikastetxe erlijiosoak irekiak izan behar dugu gai horien aurrean.

Bukatzeko esaguzu nolakoa den zure egun arrunt bat.
M.O.:  Bakarrik bizi den amaren etxera lo egitera joaten naiz. Goizeko 5:30ean jaiki eta 6:00etarako elkartera etortzen naiz, garbiketa egin eta 6:30ean otoitzaldia izaten dugu. Gosaria egin eta 7:50etan bulegora etortzen naiz norbaitek klaseak hasi aurretik zerbait nirekin hitz egin behar badu, horrela egiteko. Astelehen eta astearte goizetan ikastetxean izaten naiz. Astelehenean zuzendaritza izaten dut, bertan aste guztiko gaiak landu eta erabakiak hartzeko. Eta asteartean zuzendari pedagogikoarekin eta administratzailearekin bilera bana izaten dut eguneroko gauzak lotzeko. Geratzen zaidan denboran zenbait lan talderekin harremanetan jartzen naiz, eramaten ari diren proiektuak bultzarazteko eta animatzeko; gauzak nola doazen ikusteko... Eta ikastetxean ez nagoenean poltsikoko telefonoa edo Interneten bidez jarraitzen dut kontaktua. Bazkaldu, beste lan saio bat egin eta 20:20an otoitzaldia, afaria eta 21:30ean amaren etxera lotara.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!